Oberango ibilbidea: Hernaniko lurretan egoera onenean dagoen pagadian barrena

Hernaniko lurretan egoera onenean dagoen pagadia da Oberan. Oraindik bere egoera naturalean aurkitzen da, eta bere garrantzia ekologikoa haundia da.

Ugaldetxotik abiatuta, irteera egingo dugu bihar, Hernani Ezagutuz egitasmoaren baitan.

Tontorrez tontor Mendiriz Mendiko kideek hilabetean egingo duten irteera baten inguruko xehetasunez osatutako atala

 

Hernani Ezagutuz egitasmoaren barruan, aurreko urte batzuetan egin dugun modura, Oberan pagadia bisitatuko dugu. Bihar goizean egingo dugu irteera.

Hernaniko lurretan egoera onenean dagoen pagadia da Oberan. Pagadia oraindik bere egoera naturalean aurkitzen da, eta bere garrantzia ekologikoa handia da. Pagadiak eremu ekologiko garrantzitsuak dira, biodibertsitatearen gordailu direlako eta ingurunearen kontserbazioaren alde funtzio ugari burutzen dituztelako.

Gure ingurune naturalaren kontserbazioa garrantzitsua da, bai animalia eta landareentzat, baita guretzat ere, gizarte osoarentzat. Gaur egun naturak dituen krisi edota arazo batzuk hobetzeko, hala nola biodibertsitatearen galera, ur-iturri erabilgarrien galera eta kutsadura, horrelako eremuak ezagutuz eta baloratuz zertxobait hobetzen direla uste dugu, jendearen pentsamoldea eta jarrera aldatzen laguntzen baitute. Eremu zoragarri hau ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Anima zaitez!

  

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Ibilbidea Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen  errepideari jarraituz Ugaldetxo jatetxea dagoen tokian hasten da.

Ibaia eta jatetxearen artean doan pista hartu eta lehenengo bidegurutzean, eskuineko pista jarraitu behar da. Zertxobait aurrerago berriro pista banatzen da, eta oraingoan ezkerrekotik jo behar da. Pistak gora egiten du. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera hartu eta zertxobait aurrerago pista utzi eta eskuinean aurkituko dugun bide bat hartu behar da. Bide honek pixkanaka Urumea ibaiaren ubidera jaitsiko gaitu, eta zertxobait aurrerago baserri batera. Baserrira iritsi baino ehun metro lehenago, ezkerrera, aldapa gora doan bidea hartu behar da. Aldapa gogor bati ekin eta 300 metroko desnibela igo behar da, Saratseko gailurrera iritsi arte. Aldapa hasi eta berehala hasten da Oberango pagadia. Gandorrari jarraituz, Gorostegi gailur aldera egin behar da pagadi barrutik. Zati honetan, eta ia Urdabururen oinarrira iritsi arte, bidean mugarriak aurkituko ditugu. Errenteria eta Donostiaren arteko muga adierazten dute. Mugarri horiek jarraituz, Gorostegi gailurrera hurbildu behar da, eta gero Urdaburu aldera egin. Urdaburuko maldak igotzen hasi baino lehen ezkerrera egin, pagadia atzean utzi eta, pista bati jarraituz, Lizarregiko lepora hurbildu behar da. Hortik aurrera bideak behera egiten du. 

Pinudi batean sartu eta metro gutxi batzuk aurrerago, eskuinera egiten duen bidezidorra hartu behar da. Aldapa malkartsu batetik jaitsiz, pista batera irtengo gara, eta pista horretatik Aparraingo atsedenlekura. Hortik, pistatik ibilbidearen hasiera izan den Ugaldetxora jaistea soilik geratzen da.

 

OHARRAK

Ugaldetxora hurbiltzeko, goizeko 08:00etan abiatuko gara autobusez Atsegindegitik. Irteera doakoa da eta ez da izena eman behar; bertara azaltzea nahikoa da. Irteera hau, Mendiriz Mendi elkartearen laguntzarekin, Hernaniko Udalak antolatutakoa da.

 

HERNANI EZAGUTUZ: OBERANGO PAGADIA

DATU INTERESGARRIAK

Kokalekua: Ugaldetxo (Ereñotzu)

Eguna: bihar

Luzera: 11 kilometro

Denbora: 4 ordu

Desnibela: 800 metro inguru gorantz eta beherantz

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!