Bertxin zentraletik 1.000 eskailera-maila, Leitzaran ibaitik goiko kanalera igotzeko

Luzea bezain gogorra da 1.000 mailako eskailera, Bertxin zentralaren ondotik igotzen dena.

Andoaindik Leitzarango Otieta atsedenlekura joanda, 1.000 eskailera-mailen ibilbidea egiteko irteera antolatu du Mendiriz Mendik, abenduaren 18rako. Bertxin zentralaren ondotik abiatzen da eskailera luze bezain gogorra, goiko kanaleko ura jasotzen duen hodiaren ondotik.

Leitzaran ibaiaren bi ertzetan, hainbat zentral hidroelektriko daude. Lehenengo biak, Olaberri eta Bertxin, Andoaindik gertu daude. Bertxinek hodi haundi bat dauka, goian duen kanal batetik datorren ura jasotzen duena. Kanala eta zentrala lotzen dituen hodiak 150 metro inguruko desnibela gainditzen du. Eta bere albotik, mantenu lanak egiteko, eskailera bat dago eraikita. 

Eskailera horretatik igoko gara, abenduaren 18an, Mendiriz Mendik antolatutako irteeran. 1.000 mailetako eskailera da hori.

Osatuko dugun ibilbideak, ongi bereizitako lau zati ditu. Lehena, eskailera igotzekoa, igoera motz baina gogor batez osatua dago. Igoera gogorra egiten da, eskailera-maila asko igo behar direlako. Derrigorrezkoa da, hasiera-hasieratik, erritmo lasai eta konstante bat hartzea. Bigarren zatia, kanalari jarraitzea alegia, desnibelik gabekoa da, eta oso eroso egiten da. Gainera, oso erlaxagarria da, ura beti alboan dugu eta.

Kanala Orbara gailurra inguratu arte jarraituko dugu. Bertan, kanala utzi eta eskuinera eginez gora egingo dugu. Igoera honek ez du desnibel handia (70 metro ingurukoa) eta lasai hartuta berehala egiten da. Lepo batera iritsiko gara. Zertxobait jaitsi eta autobiaren azpitik igaro ondoren, berriro zertxobait gora eginez pista batera iritsiko gara. Pistaraino hurbiltzea hirugarren zatia bada, hemen laugarrena hasten da. Geratzen den ia bide osoa pistatik egiten da, eta beti beheranzko joerarekin. Jaitsiera erosoari jarraituz, berriro izango gara Otietako aparkalekuan, eta hortik Andoainen.

 

 IBILBIDEAREN  DESKRIBAPENA

 Trenez edo autobusa erabiliz hurbilduko gara Andoainera. Leitzaraneko trenbide zaharreko bideari jarraituz, Otietako aparkalekura iritsiko gara. Eskuinera biratu eta Otietako atsedenlekura jaitsiko gara. Zertxobait aurrerago, bidegurutze bat aurkituko dugu. Zuzen joanda Unanibiako zubira joango ginateke. Oso zubi polita da, eta bailara eta Goiburu auzoa elkartzen dituen bidea hortik pasatzen da. Guk ezkerrera egingo dugu.

Asfaltatutako bidea tarte labur batean jarraitu ondoren, beste bidegurutze batera iritsiko gara. Hor ezkerreko adarra hartu eta emeki gora egiten hasiko gara. Baserrien artean ibiliz, Olaberri zentralaren albotik igaroko gara eta, ibaiaren ertzetik jarraituz, zertxobait aurrerago Bertxin zentralera iritsiko gara. Bertan kartel bat dago, 500 eta 1.000 eskailera-mailak adieraziz. Eskuinera biratu eta zentrala inguratu behar da.

Gure aurrean eskailera-maila errenkada luze bat ikusiko dugu. Kontuz! Horiek ez dira 1.000 eskailera-mailak, 500ak baizik. Guk igo nahi ditugun horietara hurbiltzeko, aurrean dugun eskailera horren oinarrian eskuinera biratu behar da, eta zertxobait aurrerago aurkituko ditugu 1.000 eskailera-mailak.

Aurrean dugun lana argi dago. Eskailera-mailak igo, igo eta igo. Norbaitek kontatu nahi baldin baditu, aurrera, baina ez da beharrezkoa, 100 eskaileratik behin marka txiki bat jarrita baitago. Lehen eskailera-mailak erraz egiten dira, baxuak baitira. Azkenak dira gogorrenak.

Gora iristean, kaseta batzuk dauden tokian, ezkerrera egin eta kanalari jarraitu behar zaio. Aurreko igoeran bota ditugun izerdiak berreskuratzeko aukera izango dugu tarte honetan.

Orbara gailurra inguratu ondoren, kanala utzi eta eskuinera egin behar da. Baso barrutik, bidezidor bati jarraituz, Ibarrota erreka beti eskuinean dugula, pistara iristeko desnibela igoko dugu. Lepotxo batera iritsi ondoren, behera eginez, autobia azpitik igaroko gara, eta ondoren, zertxobait gora eginez, pistara iritsiko gara.

Pistak beheranzko joera du. Arizmendi gailurra bere eskuin aldetik igaroko dugu, eta Ondolarreko lepora iritsiko gara. Orain arte pistak emeki behera egiten bazuen, hemendik aurrera argi eta garbi behera egiten du, eta ia ohartu gabe berriro izango gara Otietako atsedenlekuan.

100 ESKAILERA-MAILAK

DATU INTERESGARRIAK

Kokalekua: Leitzaran

Eguna: abenduak 18

Luzera: 20 kilometro

Denbora: 5-6 ordu

Desnibela: 400 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!