Leitzatik Iberoko dorrera, artzaintzarako asko erabili diren parajeak zeharkatuz

Iberoko dorrearen argazki zaharra. Bertara jaitsiko gara, urriaren 16ko ibilbidearen bukaera aldera.

Urriaren 16an egingo du Mendiriz Mendik hilabete honetako irteera, Leitzatik abiatu eta Goizuetaraino. 16 kilometroko ibilbidean, Leitzalarreako eta Urdolako parajeetatik pasako gara, hainbat bertso utzi dizkiguten inguruetatik, Iberoko dorrera eta zubira 
iritsi aurretik.

Leitzatik Goizuetara egingo du urriko irteera Mendiriz Mendik, hilaren 16an. 16 kilometroko ibilbide honetan, Iberoko dorrearen albotik pasatuko gara. Dorre honek historia luze eta interesgarria du. Bere inguruetan ere, orain dela gutxi arte, duela ehun eta berrogei urte arte, burdinolak zeuden eta bertan lana egiten zen. Baina gauza horiek gu kontatzen ibili beharrean, hobe duzue Kronikak 2019ko api­rilaren 6an Jose Javier Etxeberria goizuetarrari eginiko elkarrizketa irakurtzea. Benetan interesgarria.


Bidean  artzaintzan asko erabili diren eta erabiltzen diren bi paraje zeharkatuko ditugu, Leitzalarrea eta Urdola. Lehenengoarekin lotuta, Leitzan ezagutzen diren bertso zaharrenak paraje horretan artzain bezala lan egiten zuen Miltxoko artzainarenak dira. Dirudienez, 1830eko negua oso luzea eta latza izan omen zen, elurte izugarriekin. Bere bertsoetan jasota dagoen modura:

Azarotik asita
bost ilabetian
hor egondu geranak
beti elurpian.

 

Iberoko dorrearen egungo irudia, zaharberrituta.

 
Hori dela eta, bere artaldeko ardi guztiak galdu zituen, eta Leitzan ez zuenez gerorik ikusten, Ameriketara emigratzea erabaki zuen, bere bertsoen amaieran esaten duen bezala:
 
Adios Letzarre
santa sekulako.
Ni enazu onara
geiago etorriko. 
 
Bigarren parajea Urdolako soroak dira. Bertara ekartzen omen zituzten, Leitzako herriari ordainduta, Gipuzkoako hainbat herritik, ganadua bazkatzera. Paraje hau muino baten inguruan kokatuta dago, eta gailurretik gertu hiru cromlech daude. Leitzalarreatik Urdolako bidean Haritzaundi izeneko tokia dago. Bertan haritz handi bat omen zegoen, baina 1888an izandako elurte batek bota omen zuen. Haritza nolakoa zen erakusten duten argazki bi daude jarrita monolito batean. Bertan dago hurrengo bertsoa ere:
 
Milla zortzireun laurogei eta
zortzigarrengo martxoan
elurte arek etzan zintuen
Ama lurraren altzoan
Oroilarri au ezartzen dugu
eun urte betetakoan
aritz berri bat bertan aldatuz
zarraren zañen ondoan
leitzarrok beti gorde dezagun 
'Aritz-Aundia' gogoan. (1988)
 

Urdolako cromlecha, artzaintzan asko erabilitako parajean.

 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

 
Gurdi bide zaharrari jarraituz, Baztaria gailurrean dauden antenen ingurura igoko gara. Bertan mendiaren ipar magalera pasatuko gara, eta basotik jaisten hasiko gara. Leitzalarreko ekialdetik eta ondoren Urdolatik pasatuko gara. Basoan berriro sartu eta zertxobait jaitsi ondoren, beste soro batzuetara iritsiko gara. Hemen bideak goraka egiten du berriro. Ez da desnibel handia igo behar, eta berehala izango gara Mendibilko lepoan.


Hortik aurrera, ibilbide gehiena maldan behera dela esan daiteke. Baso barruan ibiliz Errilizko, Gorriko, Bentak, Iberoko eta Galbanoko borden albotik pasatuko gara.


Biruetako zentral hidroelektrikoaren goialdera iristerakoan, bideak norabidez aldatzen du. Hasieran ipar mendebaldera eginez eta gero ipar ekialdera biratuz, Iberoko dorrea dagoen toki aldera jaisten hasiko gara. Bostehun metroko desnibela jaitsi ondoren, dorrera iritsiko gara. XVIII. mendearen hasieran berritutako zubia zeharkatu ondoren, Goizueta eta Leitza lotzen dituen errepidera, ibilbidearen amaierara, iritsiko gara. 

 

LEITZA-GOIZUETA
DATU INTERESGARRIAK

Kokalekua: Nafarroa
Eguna: urriaren 16a
Luzera: 16 kilometro
Iraupena: 6-7 ordu
Desnibela: 600 metro inguru gorantz eta 1.000 metro inguru beherantz
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa; Ibilbidea zertxobait luzea
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!