Gran Facha eta Pico Terrabai gailurretako paraje ederretara, uztaileko asteburu luzean

Gran Fachako gailurretik Picos del Infierno aldera dauden bistak ikusgarriak dira.

Huescara irteera antolatu du Mendiriz Mendik, uztailaren 23tik 25era, Gran Fachako inguruetan. Bachimañako aterpean egingo dugu lo, eta Gran Facha eta Pico Terrabai tontorretara igoko gara, bigarren eta hirugarren egunean. Bi gailurretatik dagoen panoramikak merezi du.

Uztaileko asteburu luzea, 23-25ekoa, Gran Fachako inguruetan egingo dugu. Otorduak eta lo Bachimañako aterpean egingo ditugu, eta igoko ditugun gailurren ibilbideetan, igoera eta jaitsiera toki berdinetik izango da. Beraz, pisu gutxirekin ibiltzeko aukera izango da, gehiena aterpean uzteko aukera izango baita. Bi gailur egiteko asmoa dago: Gran Facha (3.005 metro) eta Pico Tebarrai (2.886 metro). Gran Fachara igotzeko erabiliko dugun bidea ez da bide arrunta, baina ez da bestea baino zailagoa. Bi gailurretatik dauden panoramikek merezi dute. Eguraldiak laguntzen badu, asteburu polita izango dugu.

  

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

 

Lehenengo eguna

Casa de Piedra aterpetxearen atzean hasten den GR11 bidezidorra hartuko dugu. Zig-zag eginez igotzen hasiko gara. Handik gutxira, begiratoki txiki batera iritxiko gara. Bertatik, Baños de Panticosa aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Zertxobait gorago ibaia gurutzatu eta “Machos” izeneko bidea hartuz, poliki poliki igotzen hasiko gara, zig-zag ugari eginez. Gorago, bidezidor hori utzi eta “Lumiacha” izeneko beste bati helduko diogu. Bide honek harkaitz eta zelaien arteko igoerak txandakatzen ditu. Zeharkaldi luze bat egin ondoren Bachimañako aterpera iritxiko gara. Guztira, lasai-lasai igota, 2 ordu inguru izango dira.

Bachimañako aterpean egingo ditugu gauak eta otorduak.

 

Bigarren eguna

Urtegi txikiaren beste aldera pasa eta, GR11 bidezidorra jarraituz, Bachimañako urtegi handia ezkerretik inguratuko dugu. Horretarako nahikoa da arrasto gorri-zuriak jarraitzea. Aurrerago eremu lau batera jaitsiko gara. Bertan Ibones Azulesetik datorren erreka zeharkatuko dugu. Beste aldean GRT-24 bidea, Marcadau lepora doana, hartu eta jarraitu behar da. Altuera irabazten joango gara pixkanaka-pixkanaka, eta Bramatuero eta Bachimaña laku aldera dauden panoramika zoragarriaz gozatuko dugu. Canal sakanaren goiko aldera iristean GRT-24 bidea utzi eta ezker aldera egin behar da. Bertatik Pecico goi iboira igoko gara. Bertatik Gran Facha eta hego lepora igotzeko hartu behar den kanala ikusten dira.  

Honaino bideak ez du ia zailtasunik. Hemendik aurrera bidea malkartsuagoa bihurtzen da eta aurrera egitea gehiago kostatzen da, hartxingadi erraldoia batetik igo behar baita. Gure lehen helburua Gran Facharen hego lepora iristea izango da. Horretarako harrizko kanal batetik igo behar da. Batzuetan elurra egoten da, baina normalean errimaiatik igotzeko aukera ematen du eta uztailean ez da behar izaten elurretako materialik. Lepora igo ondoren ertzari jarraitzea soilik geratzen zaigu. Mugarriak eta bidezidor arrastoak jarraituz berehala gailurrean dago. Tartean bada eskuak erabili beharko ditugun toki pare bat. Zati horiek normalean errazagoak dira ezker aldetik egiten badira.

Gailurretik Picos del Infierno, Respomuso eta Balaitus aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Horregatik soilik, pena merezi du igoera guztiak.
Itzulera bide beretik egingo dugu, arreta jarriz eta lehen zatian jaisteko behar diren neurriak hartuz. Hego lepora iristerakoan Ipar Pecico gailurrera erraz igotzeko aukera dago. Soilik ordu laurden eskas behar da horretarako.

 

Hirugarren eguna

Aterpetik irten eta aurreko eguneko bidea jarraituko dugu. Ibones Azulesetik jaisten den erreka zeharkatu ondoren, eskuinera egin beharrean, ezkerra egingo dugu eta Ibones Azulesera igoko gara. Bertatik Infiernoko lepora igo eta Marmoleras gailurra bere eskuin aldetik zeharkaldi horizontal bat eginez inguratu ondoren Piedrafita lepora hurbilduko gara. Bertatik, azken maldak igota, Tebarrai gailurrera igotzen da.

 

Pecico goiko iboitik pasako gara, Gran Fachara bidean.

 

GRAN FACHA (3.005 m) ETA PICO TERRABAI (2.886 m)

 

Kokalekua: Huesca

Egunak: uztailak 23, 24 eta 25

Ibilaldien iraupena: 2 ordu lehenengo egunean, 6-8 ordu bigarrenean, eta 6-7 ordu hirugarrenean.

Desnibela: 600 metro gora lehenengo egunean; 800 metro gora eta behera bigarren egunean; eta 700 metro gora eta 1.300 metro behera azkeneko egunean.

Zailtasuna: Bertigoa dutenentzat ez da irteera aproposa.

Beharrezko materiala: Agian kranpoiak eta pioleta beharko dira. Irteera eguna baino lehen, gai horri buruz galdetu elkarteko kideei.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!