Badator Korrikaren 24. edizioa eta mundu osoa dago irrikitan ekitaldira batzeko. Bai, mundu osoa: Zeelanda Berritik Kanadara eta Hego Koreatik Uruguaira, hainbat herri eta hiritan ospatuko da «euskararen aldeko kontzientzia suspertzea» eta «euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea» helburu dituen ekimena.
Argentina ez da salbuespena izango. Euskal diaspora handia dauka herrialdeak eta aurten ere hainbat hiritan ospatuko dute Korrika, beti bezala. Buenos Aires hirburuan, zehazki, Euskaltzaleak izena duen euskal etxeko jendea ari da prestatzen egun berezi bat bizitzeko, martxoaren 28rako. Anabel Jaureguiberry bertako euskara irakaslea eta neurologoa mintzatu da horren inguruan.
«Normalean, beti ospatzen dugu Korrika. Esango nuke lehen ekitaldi txikiagoak egiten genituela», kontatu du argentinarrak. Aurreko ediziorako, hala ere, ekimen berezi bat antolatu zuten: «Korrika egin genuen Plaza de Mayotik Euskaltzaleakera, eta jende dexente etorri zen, bai Euskal Herrikoa bai Argentinakoa, euskal etxeetakoa. Ekitaldia ikustarazteko oso ondo egon zen».
Plaza de Mayo herrialdeko plazarik sinbolikoena da, presidentearen bulegoaren aurrean kokatuta. Bertan manifestazio gehienak burutzen dira. Esan liteke 2024. urtean euskara Argentinako plazarik garrantzitsuenera atera zela, Euskaltzaleak euskal etxearen eskutik.
Korrika baino gehiago egiten da, hala ere. Halaxe azaldu du Jaureguiberryk: «Gero, normalean, Euskaltzaleaken bertan euskararen inguruko beste ekitaldi bat egiten dugu. Aurreko urtean, ‘trikipoteo’ antolatu genuen San Telmo auzoan, jendea erakartzeko primeran dator. Aurten ere hori egingo dugu».
Ekimenaren zergatia azaldu du irakasleak: «Ekitaldia garrantzitsua da guretzat, bai euskal etxeko jendea etortzen delako, bai Euskal Herriko gazte asko etortzen direlako. Gazteentzako aproposa den ekitaldi bat da. Horrez gain, guretzat horrelako ekintzak egitea oso inportantea da gure lana ikustarazteko». Plazara ez ezik, kaleetara ere ateratzen dute euskara Euskaltzaleak euskal etxeko ikasle eta irakasleek.
Jaureguiberryk gehitu du AEKren laguntza ere jasotzen dutela edizioro: «Harremanetan gaude. Iaz oso ondo atera zen, aurten ere harremanetan gaude AEKko jendearekin. Korrikarako materiala jaso dugu: kartelak, petoa, eta jendeari emateko material guztia. Badakite zer egingo dugun. Normalean diasporako ekitaldiak agertzen dira Korrikaren webgunean».
Izan ere, mundu osoan zehar gauzatzen diren Korrika guztien inguruko informazioa erakusteko tokia badu AEKk bere webgunean. «Korrika Munduan funtsezko zutabea da: euskararen aldeko mugimendua globala dela erakusten du, eta hizkuntza komunitatearen indarra azaleratzen du», irakur daiteke bertan.
Zalantzarik gabe, Korrika garrantzitsua da munduko euskal etxe guztientzat. Eta munduan zehar sakabanatuta dauden euskara ikasle eta irakasleak garrantzitsuak dira Korrikarako: «Munduan zehar milaka pertsona ari dira euskara ikasten eta erabiltzen. Korrika Munduan ekimenak indartu egiten du komunitate hori, ikusgarritasuna emanez eta elkartzeko aitzakia paregabea eskainiz. Askotan, Korrika Munduan urteko hitzordu garrantzitsuena izaten da bertako euskaltzaleentzat».
Zentzu horretan, Jaureguiberryk adierazi du: «Azken urteotan ekitaldiaren parte sentitzen gara. Guretzat oso inportantea da ekitaldiaren parte sentitzea». Argi dago Korrikak Euskal Herriko mugak gainditu dituela.
Argentinan bertan, euskarak gero eta garrantzi handiagoa du euskal etxeetan. Korrika ez da bakarrik Buenos Airesen ospatzen: La Plata, Necochea eta beste hiri batzuetan ere antolatzen dituzte ekitaldi bereziak.
Dani Oiarbide Idiazabalgoa da, baina La Platan bizi izan zen hiru urtez. Euskara irakastera joan zen 2014an, Etxepare Institutuaren eskutik, eta euskal diaspora ezagutzeko aukera izan zuen. «Oso Korrika politak antolatu zituzten, kriston kanpainak», gogoratu du.
Bere ikuspuntutik, ekimen honek Argentinako euskal etxe asko batzea lortu zuen, eta «elkargune» hitza erabili du Korrika deskribatzeko.
Argentinan egon zenean, Oiarbideri eta beste hainbat euskaltzaleri ideia ezohiko bat bururatu zitzaien: «AEKri egin zitzaion proposamena eta Korrikari egin zitzaion proposamena ibilbidea Amerikatik pasatzea». Irakaslearen ustez «momentuko beroaldia» izan zen, baina proposamenaren helburua zen diasporari garrantzia ematea.
«Ez bagenu diaspora hau, inbidiatan egongo ginateke», ziurtatu du Oiarbidek, eta gehitu du: «Baina badaukagu, eta bizkarra emanda bizi gara».
Idiazabaldarrak uste du Euskal Herria eta euskal diasporaren arteko harremanak «sendotu» behar direla, munduan «lagunak» izateko.
AEKk antzekoa adierazten du webgunean eta goraipatzen ditu mundu osoan zehar Korrikara batzeko egiten diren ekintzak: «Gainera, ekimen hauek zubi lana egiten dute: Euskal Herria eta munduko euskal komunitateak lotzen dituzte, sentimendu partekatua elikatuz. Lekukoa eramateak sinbolikoki adierazten du hori: hizkuntza bat herriz herri ez ezik, herrialdez herrialde ere pasatzen dela».
«Aitortza» hitza aipatu du Oiarbidek. Euskal Herriak Europako hainbat herrialdetan jasotzen ez duen aitortza, Argentinan bai ematen diote. XX. mendean Hego Amerikara emigratu zutenek aztarna handi bat utzi zuten bertan, eta gaur egun ere nabarmena da. Bere ustez, Argentinan dagoen diaspora «altxor eta opari bat» da, eta «deskubritu gabe» dago.
Korrikaren ibilibidea Amerikatik pasatzearen proposamenari dagokionez, gogoratu du barrez: «Distantziatik ikusita… erokeri bat zen, ez digute kasurik egin». Hala ere, itxaropena ez galtzeko arrazoiak badauzkate: «Korrika da garaietara egokitzen den ekimena… batek daki!».