«Astigartarrekiko eskertza haundikoak gara, ez genuke izango elkarteak duen indar hori haiek gabe»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2025ko uzt. 23a, 00:00

Astigar elkarteko lau kideak, elkartearen bandera eskuetan hartuta.

Heldu dira beste urte batez Santioak Astigarragara. Aurten Astigar elkarteko kideek botako dute txupina, euren 50. urteurrenean, eta hasiera emango diete 5 egun iraungo dituen jaigiroari. Egun dantza taldeak eta aldizkariak osatzen dute Astigar, baina, urte luzez izan da kulturaren epizentro elkartea: herria hutsetik sortu’ zuten.  Hala, beren hastapenez eta bilakaeraz hitz egiteko, mahai inguru batean bildu dira elkarteko lau kide: Antton Arka, Maite Olaziregi, Nekane Urretabizkaia eta Intza Guemes.

Zuek duzue aurten herriko festei hasiera emateko ohorea. Zer sentitzen duzue?

Antton: Poz haundia.  Plazan jaio ginen orain dela 50 urte  eta herriaren aurrean plazan berriro azaltzea eta  festak egiten jarraitzea ohore haundia da.

Maite: Herria hor goitik irudikatzea… tximeletak sentitzen ditut. Astigar sortu genuenean herritarrak ginen, eta jarraitzen dugu herritarrak izaten ohore eta harrotasun handiz.  Astigartarrekiko eskertza haundikoak gara: sortu ginenetik erantzun digute, eta ez genuke izango Astigar elkarteak duen indar hori herritarrik gabe.

Antton: Herria hutsetik sortu genuen eta eraikuntzarekin aritu garen bezala, orain nik neuk sentitzen dut herria propio bezala, propio hitzak esan nahi duen guztiarekin: zaintzen duzula, maitatzen duzula eta herriaren alde egiten duzula.

 

Erabaki duzue nortzuk igoko zareten balkoira?.

Maite: Txupinazoa bota eta gero esan digute merienda bat egoten dela, eta horretarako jende dezente dago izena emanda.

Nekane: Hor denak eman dugu izena, baina gero balkoira zein irtengo den oraindik ez dugu hitz egin! (barreak)

Antton: Garbi daukagu denak ezin garela igo, baina lau izango bagara orekatua izango da: bi sortzaile eta trasmisio honen testigua hartu duten beste bi gazte.

 

Aurreratu dezakezue 
zer esango duzuen?

Maite: Hau primizia da zeren gure artean ez dugu hitz egin orain arte. Iruditzen zait egongo dela testu motx bat, beheran dagoen jendea ez baitago prest entzuteko. Baina niri gustatuko litzaidake  herriari aipamena egitea: gu goran, balkoian, gaudela beraiei esker, herritarrak sentitzen garela, alaitasun eguna dela eta era berean aurrera jarraitu behar dugula. Eta aurrera horretan… Pf… emozionatzen naiz. Palestinan daukate hitz bat aurrera esan nahi  duena, borrokarako: ‘Yalla yalla’. Uste dut momenturen batean gogoan hartu behar ditugula. Gu festan gaude, jarraitu behar dugu festetan eta norberak badaki zer ahal duen egin edo zer ez, baina gutxienez gogoan eduki. Halako sufrimenduan dauden pertsonentzat ere nik uste lekutxo txiki bat eduki beharko genukeela.

 

Mende erdi aurten Astigarrek. Nork sortu zuen elkartea eta zein helbururekin?

Antton: Astigar elkartea sei lagunek sortu genuen.  Garai hartan he­rriko festek kezkatzen gintuzten, zapalkuntza bizi genuen inguruan… Erresistentzia garaia deitzen diogu: kulturaren falta, euskararen inguruko kezka, identitatea behar zela… Euskal ohituren elkarte bat sortu nahi genuen eta bildu egin ginen: Astigar E.O.E.-k  hori esan nahi du: Euskal Ohiturazaleen Elkartea, eta hortik abiatuta eta helburua kultura esparru askotara zabaltzea izanik, 75eko festak amaituta, urrian, Astigarren egitura antolatzen hasi ginen. Egitura horrekin sortu genituen talde­ak eta hortik etorri zen, adibidez, dantzako lehen emanaldia 76ean.

 

Sortzaile guztiak herritarrak zineten?

Antton: Bai, bai, Eta gazteak!

Maite: Adin buelta… 13 urtetik 19-20 urte bitarteko jendea ginen. Nik orduan 13 urte neuzkan, dantza taldean ertainen taldekoa nintzen eta nire nahia zen haundien taldera pasatzea zeren esan zidaten haurrentzako ekitaldiak, mendi irteerak… antolatzeko elkartzen zirela.

 

Zertan ezberdintzen da 75eko Astigar 2025ekoarekin? 

Nekane: Ezberdintasun nagusiena, zuek esan dezuen bezala, nik uste dela hasiera batean zinetela gauza desberdinak egiten zenituzten hainbat talde: batzuk haurren aisialdia, besteek dantza… gaur egun, dantza eta aldizkaria bakarrik daude Astigarren. Mundarrok kirolen atala hartu du, Xaguxarrek umeen aisialdia… eta horrela joan da herriko hainbat taldetan banatzen garai batean Astigarrek egiten zuena.

Maite: 150 bazkide ginen. Kontutan hartu Astigarragan ez zegoela ezer ez. Zerbait egin nahi bazenuen ba Nekanek esan duena, dena Astigarren zeneukan: euskara ikasi nahi bazenuen Astigarren, pilota Astigarren, bertsolaritza ere bai, argazkilaritza ere bai…

Intza: Dantza taldeak pentsatzen dut ez zirela horrenbeste egongo, gaur egun jende asko dago…

Maite: Arrazoi duzu. Dantza ikasleak lehen askoz gutxiago zeuden, 50bat edo ginen eta hiru bat talde: txikiak, ertainak eta helduen taldea.

 

Eta egun zenbat zarete:

Nekane: Dantza eskolan haurrak 100-110 buelta horretan dira, 7-15 urte arteko haurrak daude LH2tik DBH3ra arte, eta gero dantza taldean, helduen taldea izango litzatekeena, gutxi gara: 12 dantzari.

Intza: Bileretara adibidez gure taldea da joaten dena.

Nekane: Hori da! Gu gara irakasleak eta antolamenduan ere ibiltzen gara. Eta, gero, gure taldeaz aparte dago beste talde bat lehen garai batean dantzan aritzen zirenena edo sekula aritu ez baina orain animatu direnena. Horiek ere festetan tarteka parte hartzen dute.

Antton: Nekanek esan duenari gehituz. Hiru etapa nagusi izan ditu Astigarrek 50 urte hauetan: Lehenengoan, gu ginen herriaren eraikuntzan erreferenteak eta kulturaren babesleak, 12 batzorde inguru geneuzkan. Gero udaletxea sortu zen eta ekintza kulturalak eta bere agenda egiten hasi ziren, nahiz eta hasieran asko zaindu ziren herri mugimenduko elkarteak. Jarraian elkarte berriak sortzen hasi ziren eta Astigarreko ekintzak banatzen joan ziren. Eta azken momentu honetan esan duguna, bi zutabe nagusi ditugu: aldizkaria eta dantza. Eta hemen gaudenok herri mailan euskal kulturaren alde sortzen diren batzorde plataforma edo deialdietan aktiboki parte harten dugu. Nik uste hori inportantea dela.

 

Urteko zein egun/ekitaldi 
dira elkartearentzat 
garrantzitsuenak?

Intza: Nik uste batez ere 25, Santio eguna, hor egiten da emanaldi haundia. Gero urtean badaude beste egun batzuk:  Dantzari Txiki, Inauteriak…

Maite Olaziregi, Nekane Urretabizkaia, Intza Guemes eta Antton Arka, Foru Plazan.

 

Nekane: Santio Egunean guztiek parte hartzen dugu, eta Inauteriak urtero ospatzen dira: Inude eta Artzainak egin izan ditugu, Lantzeko Inauteriak… eta aurten gure Inauteri propioa sortu dugu.

Intza: 50. urteurrenagatik, eta dantzak ere asko berriak sortu ditugu.

Nekane: Zirikoketa izena du, eta Zuberoako Maskaradaren egitura berdina du: gaizto bat dago…

Intza: Eta bukaeran erre egiten da.

Nekane: Astigarragako sagardo­arekin lotu da istorioa.  Sagarretik sortzen den arra da hainbat pertsona zirikatzen dabilena. Eta Nekanek esan duen bezala dantza sortu da, bertso bereziak sortu dira eta musika zein letra berezia ere baditu.

Intza: Aurten egia da urteurrenagatik emanaldi gehiago egiten ari garela, eta preludioa ere izan dugu.

Nekane: Eta duela hiru urtetatik irradaka ere bai, martxoko hirugarren igandean egiten dugu eta azkenean da herriko emakumeak parte hartzen dugun emanaldi bat. Bere garaian Argia dantza taldeak sortu zuen koreografia hori eta hainbat adinetako emakumeak elkartzen gara.

Maite: Baina irekia da, herrirako. Dantzan ibili edo ez.

Intza: Aurten justu irradaka berezia egin dugu. 50 emakumek hartu dute parte.

Maite: Eta gero beste data garrantzitsu bat urtero ateratzen den aldizkariarena da. Urte osoko lan horren bilketaren laberatzea.

Antton: Urtekaria bada ere, gaur egun webgunetik eta sare sozialetik elikatzen joaten gara herri mailan sortzen diren ekitaldien inguruan, artxibo digital handi bat daukagu, bilaketekin etab. eta horrek ere bere bizitasuna ematen dio aldizkariari.

 

Beste gauza askoren artean, bidaiatzeko aukera eman 
dizue Astigarrek. Baita 
filmetan parte hartzekoa ere.

Maite: Bere garaian Astigarragako eta Donostiako alkateak bien artean egin zuten akordio bat eta Astigar dantza taldekoak joan ginen Alemaniara, hor egon ginen 7 bat egun.

Intza: Guri berez esan digute laster bagoazela, nora ez dakit…

Nekane: Esan bai! Baina orain arte urrunen Galiziara joan gara (barreak).  Ah bueno! Ikastolan 6. mailan Kataluniara interkanbioa egiten zenean, hor bai egon zela urte bat, ez dakit zeren bitartez baina hara joan ginen.

Maite: Bai hango eskolarekin, Ginebro,  Lllinas del Vallen zegoena adostasun batera iritsi eta bertara joan ginen, 5 egun pasa genituen eta haiek Astigarragara etorri ziren.

Intza: Gero Martin Zalakain izan zen emanaldi bat nahiko handia izan zena, Argia dantza taldekoak egiten zuten eta  Euskal Herriko antzoki guztietara joan ginen.

Nekane: Dantza talde bezala ate asko ireki dizkigu Argiarekin Astigarrek eduki duen loturak: hemendik kanpo egin ditugun emanaldi guztiak hari lotuta egin ditugu.

Intza: Beno eta bidaia baino gehiago… pelikuletan parte hartu dugula!

 

Baduzue buruan elkarteari jazotako anekdota xelebre edo kuriosorik?

Maite: Xelebrea baino gehiago, bada datu esanguratsu bat: Astigarraga herri egin zenetik gaur bitarte, alkate asko Astigarreko kideak izan dira.

Antton: Lehenengo alkatea ni izan nitzen, ondorengoa Mikel Zabala, ondoren Eli Laburu eta gero Bixente.

 

Agian zuetakorenbat bat alkatea izango da orduan.

Maite: Ahotik kendu didazu! Gaur egungo elkarte kideek ere itxaropena daukagu hemengo norbait alkate izateko (barreak).

 

Urteurrena ospatzen 
jarraitzeko, beste ezer egiteko asmorik duzue?

Maite: Urrian aste kulturala egingo dugu. Hainbat ekintza egongo dira: adibidez erakusketa bat  Erriberan Astigarreko argazki eta kartel batekin, eta kantaldi bat ere bai: Sune etorriko da.

 

Eta aurtengo festei begira?

Nekane: Preludioa egin denez larunbatean festei oso gertu, 25ean betiko emanaldi normala egingo dela erabaki zen eta gero urteurrena ospatzeko ekitaldia urrira pasa genuen. Urrian asmoa emanaldi berezi bat egitea da, agian dantzari ohiak gonbidatuz. Oraindik lotu gabe dago baina…

Maite: Beraz Lierni zuri deitzen badizute dantzatzeko… bazatozela esan beharko duzu! Sardineras dantzazera besterik ez bada ere!

 

Ba akaso gogoratuko naiz! Emanaldi askotan egin genuen dantza hori, eta zintena ere gogoan dut!

Nekane: Ba horrekin lotuta egia da lehen garai batean egiten ziren dantzak zirela batez ere Gipuzkoakoak eta gehienetan berdinak. Zuk galdetzen badiozu umetan dantzan ibili ziren neskei, Sardineras, zinten dantza… aipatzen dizkizu, eta mutilei galdetu ezkero Dantzari dantza. Ez zegoen besterik.

Maite: Ba hori datu inportantea da. Ez duzu jakingo zein urtetatik aurrera izan zen esan zenutena: Kito! Neskak ere gai dira mutilen dantzak egiteko.

Nekane: Bai. Gogoan dut gure taldekoak, ni baino pare bat urte zaharragokoak eta pare bat  gazteagokoak, elkartu ginela. 15 neska eta mutil bat ginen eta orduan klasea Urtzi Leonetek ematen zifun. Dantzari  dantza ikasiko genuela esan ziguten, zortzikoa ikasi genuen eta guk hori dantzatu nahi genuen. Hasiera batean, ordura arte egin ez zenez ezezkoa eman ziguten, eta guk esan genuen: ‘Ba hori ez badugu egiten ez dugu ezer egingo’. Eta azkenean lortu genuen eta atera ginen 15 neska eta mutil bat Dantzari dantza dantzatzera.

Maite: Hau mugarri bat izan zen zeren horren atzetik borroka asko egon dira. Orduz geroztik, abuztuaren 16an, Sanroketan, Ermitako erromerian aurreskua dantzatzen dugu denok. Lehen mutilak ateratzen ziren aurreskua dantzatzera eta gero neskak atzetik sokatik eta fandango. Gogoratzen naiz zuek hortan hasi zinetela eta guk esan genuela: ‘Nola? hauek bai eta goian ez? Eta erabaki zen goian ere neskei aukera ematea ateratzeko.

Intza: Desafioa ere orain egiten da beti neska eta mutil baten artean. Lehen beti ziren bi mutil eta duela hiru urte Selenek egin zuen lehenengoa txotx irekieran. Aurreko urtean ere nik dantzatu nuen!

Maite: Ikusten duzu? Eta ematen du betidanik egin dela hala, baina zenbat denbora pasa da ordutik, Nekane?

Nekane: 15 urte, asko jota

Maite: Ez da ezerrez!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!