Nolakoak izan ziren zure hastapenak palankan?
Nik atletismoa egiten nuen Atletico San Sebastianen, eta han talde bat zegoen urtero joaten zena Hernanira jaurtitzera, bere garaian gonbidatu zituzten eta… Orduan beraiekin hasi nintzen joaten, besterik gabe.
Zein garaitaz ari gara?
Bua! Atletismon hasi eta gutxira izango zen, duela 20 urte, lasai asko. Ez dakit atletismoko jendea ezagutzen duzun; nik entrenatzen nuen Amaia Dublangekin eta Aitor Olaizolarekin, hauek jaurtitzaileak izan dira beti, gurasoak ere hala ziren. Mikel Arbona ere bazegoen, bere osaba jaurtitzailea zena, eta beraiek ere joaten ziren.
Zein diziplinetan aritzen zinen atletismoan?
Jaurtiketak egiten nituen: xabalina, diskoa eta batzuetan pisua.
Askok, agian, xabalina jaurtiketarekin alderatzen dute palanka. Zertan ezberdintzen direla esango zenuke?
Ez dakit ezagutzen duzun palankaren historia…
Egia esan, ez asko.
Kontatuko dizut, zeren istorio xelebrea da. Palanka herri kirol bat zen, mehatzetatik zetorren, eta, adibidez, Gaztelun esaten dute estakak sartzeko zuloak egiteko erabiltzen zutela. Euskal Herrian oso famatua izan zen garai batean, gero galdu egin zen, ez dakit zergatik, eta federazio espainiarrak 50. hamarkadan edo, beraien txapelketetako probetan sartu zuen, haiek barra española deitzen diote. Orduan derrigorrez egin beharreko proba zen, Espainian jaurtitzaile askok egiten zuten eta urrezko garaia eduki zuen. Miguel de la Quadra Salcedok [Madrildar xabalin jaurtilaria], esaterako, lagun euskaldunak zeuzkan, Errauskin eta abar. Horiek barra vascaren teknika erabiliz jaurtitzen zuten xabalina eta Migueli hemen nola egiten zen erakutsi zioten. Hark teknika hori erabiliz munduko errekorra egin zuen, baina gertatzen dena da, nazioarteko federazioak nola jaurtitzen zen ikusi zuenean, debekatu egin zuela, eta errekorra kendu zioten. Orduz geroztik debekatuta dago jaurtiketarekin hasten zarenean xabalinaren pasiloari bizkarra ematea. Hor hasi zen palankaren beherakada, hortik aurrera ia desagertu egin zen leku guztietan.
Egun Euskadiko herri kirol federazioaren parte da palanka?
Aizkora, harri jasotzea… horiek euskadiko federazioaren parte dira, baina palanka espainiar federazioak dauka sartuta bere baitan. Espainian palanka gehiago daude: adibidez, Aragoikoa. Errotetan zerbait lortzeko erabiltzen omen zen eta barra horrek kilo asko pisatzen ditu. Aragoiko barrak badauka jendea eta txapelketak egiten dituzte, baina hemen ez da ezer egiten. Euskal federazioak bizpahiru txapelketa egin zituen guk asko insistitu eta gero, eta jada ez dute egiten.
Zein diziplinaren antza du barrak? Xabalinarena? Diskoarena?
Xabalinaren teknikarekin ezin duzu bota zeren gehiegi pisatzen du; diskoko teknika erabilita, ordea, bai. Diskoko bukaera eta barrakoa desderdina da, baina jiroak antzekoak dira eta badago jaurtitzea diskoko jiroa erabiliz. Gertatzen dena da xabalinaren pasilloan jaurtitzen dugula.
Nolakoa da materiala?
Gaur egun erabiltzen dugun barrak, mutilenak 3,5 kg pisatzen ditu, eta neskenak 2,5 kg. Barra mota pila bat zeuden, eta federazio espainiarrak bat estandarizatu zuen eta hori izan zen. Metro eta erdi inguru du.
Zenbat jaurtiketa egin ditzake partehartzaile bakoitzak? Txandaka aritzen zarete?
6 tiro dauzkagu bakoitzak. Atletismoko txapelketetan bezala egiten dugu: lehen txandan denak pasatzen dira, bigarrenean denak, hirugarrengoan denak…
Zenbat atletak parte hartu ohi duzue San Joanetan egiten duzuen proban?
Gutxik. Bost edo joaten gara. Iaz, adibidez, bi pertsona berri azaldu ziren eta haietako batek esan zuen bere seme edo alabak jaurtiketak egiten zituela eta bera ere hasi zela. Bere bikoteak ere jaurti zuen. Beste mutil bat ere azaldu zen eta hark barra jaurtitzen zekien. Ez zen hamaiketakora etorri eta gero azkar joan zen, eta harrituta gelditu ginen zeren barra bat ez baduzu inoiz jaurti normalena da gaizki jaurtitzea. Mutil honek ondo bota zuen, nabari zen bazekiela botatzen, eta gero joan egin zen eta ezin izan genion ezer galdetu. Denek berdina pentsatu genuen. Zein da mutil hau?
Gazteak animatzen dira?
Keba. Iaz eguraldi txarra egin zuen, eta Legorretako entrenatzaile batek esan zigun agian azalduko zela bera gazteekin, baina ez zen azaldu. Ez dakit eguraldiarengatik izango zen edo ez zuten gogorik, baina…
Partehartze librea da? Hala bada, nola eman daiteke izena?
Bai. Librea da. Ez zara federatuta egon behar, ez ezer. Momentuan bertara joan eta listo.
Oker ez banabil, 15 alditan baino gehiagotan hartu duzu parte.
Bai, gustatzen zaigu. Nahiko saltseroak gara eta ahal dugunean joaten gara. Orain nik ez ditut entrenatzen jaurtiketak, jada ez nago jaurtitzeko. Baina barra… beno… jaurtitzen dugu, teknika ondo egiten saiatzen gara eta gero, indar asko egin gabe, ba ateratzen dena (barrez). Gainera, denak elkartzeko modu bat da. Hernanira joaten gara, hamaiketakoa egiten dugu eta gustora egoten gara!
Erromatar garaiko proba dela irakurri dut, baina Hernanin duela 50 urte baino gehiago berreskuratu zuten. Beste herriren batean ere praktikatzen da?
Gaur egun palanka jaurtitzen den leku bakarrenetakoa da Hernani, Etxeberriko Lagun Artea elkarteak antolatzen duelako. Lehengo urtean, adibidez, Gaztelura gonbidatu gintuzten, han ere tradizioa zegoelako eta palankan aritzen zen pertsona famatu bat izan zelako bertan. Diputazioan ere izan gara parketxe egunetan, baina bestela urtero-urtero usadioa mantentzen duen bakarra Etxeberriko soziedadea da.
Gaztelun izan zinetenean, jende gehiago ari zen jaurtitzen?
Ez, gu aritu ginen. Hala ere, erakustaldia denean beti animatzen dugu jendea probatzera, eta nahi duenak probatu egiten du. Gaztelura, adibidez, bai etorri zela jendea. Han gauza gehiago zeuden: jaialdi baten parte izan zen, zeren segalariak ere egon ziren. Gauza gehiago ere egin zituzten jaialdi hartan.
Nolako garrantzia du halako txapelketak antolatzeak kirol honen biziraupenean?
Niretzat oso garrantzitsua da, euskal historiaren parte da eta ikusten duguna da galtzen ari dela gutxinaka-gutxinaka. Atletismoko euskal federazioak ez du ezer egiten, eta gainera Donostian jaurtitzeko beti ibili gara arazoekin patronatu aldetik. Guztiz hilda dago, eta Hernanik mantendu egiten du. Egun batean esan ziguten: «Zuek etortzeari lagatzen diozuenean, ez dakigu zer egingo dugun». Eta beraiek, Etxeberriko soziedadekoak, dira barrak uzten dizkigutenak. Madrilera joan ginenean barrak utzi zizkiguten, Gaztelura joan ginenean ere bai, Euskal Gipuzkoako parketxeetarako ere bai. Beraiek beti daude laguntzeko prest. 50 urte baino gehiago daramatzate.
Etxeberri soziedadekoek ere parte hartzen dute, edo antolatu soilik egiten dute?
Antolatu. Bere garaian Hernaniko gizon bat zegoen, Laburu, askotan parte hartzen zuena. Gizon hori urteetan zehar aritu zen jaurtitzen, baina hil egin zen, eta orain Hernanin ematen dizkiguten garaikur edo detaileek bere argazkia dute grabatuta.
Madrilen ere izana zara probaren berri ematen.
Madrileko kontua pixka bat xelebrea izan zen. Urtero de la Quadra Salcedoren inguruan omenaldi bat antolatzen dute hainbat probarekin. Complutenseko errautsen pistan egiten dute, pista originalean. Eta Salcedoren oroimenez egindako gauzak direnez eta oso frikiak direnez atletismokoak, ba otu zitzaien barra vasca nahi zutela ikusi zuzenean, eta Madrilera joan ginen. Jo, eta atleta olinpikoak izango bagina bezala tratatu gintuzten! Jendea hurbiltzen zitzaigun eta esaten ziguten: «Hemos venido a veros, que no lo habíamos visto nunca. Ya nos hace ilusión ver lanzar en directo la barra». Iritsi ginen, berotzera gindoazen eta mutil batek galdetu zigun: «¿Sois los de la barra? ¿Me podeis dejar ver la barra?». Eta bai, egia esan pixka bat estresatu eta guzti egin ginen, zeren pentsatu genuen: «Joe eta gu entrenatu ere egin gabe». Ondo atera zen dena, polita izan zen, baina pixka bat harrituta gelditu ginen, jendea oso ilusionatuta zegoelako barra vascaren jaurtiketa nola egiten zen ikusteko.
Aurten, tamalez, ezingo zara Hernanin izan, baina pentsatzen dut herritarrei gonbitea luzatu nahi diezula.
Bai. Guk beti luzatzen diegu gonbidapena. Zenbat eta jende gehiago egon, politagoa izango litzateke. Hor lan asko dago atzetik egiteko. Aurrekoan entrenatzaile batek esaten zidan jardunaldi batzuk antolatu beharko liratekeela dakigunek ez dakiten jaurtitzaileei erakusteko. Azkenean, kirola bizirik mantentzeko. Baina horretarako ere denbora behar da.