Egun seinalatua da goizuetarrentzat herriko azienda, artisau eta nekazari feria. 2004an egin zen guztietan lehena herriko eragileen eskutik eta orduz geroztik elur bola baten eran hazi da. Fernando Goia ‘Pollo’-k Kronikari adierazi dionez, feria egunean hirukoiztu egiten da Goizuetako biztanleria, “baita akaso laukoiztu ere”, eta huraxe da bere ustetan Goizuetarentzat urteko egunik inportanteena, Inauterietako asteartearekin eta festekin batera.
‘Pollo’ ia feriaren sorretatik egon da antolakuntzan, dela zuzenean edo dela zeharka. 2007-2011ko legealdian udaleko Kultur Zinegotzia izan zen, eta egun lan anitzeko peoia da. «Egun horretan 70 bat postu jartzen dira, herrikoak eta kanpotik etortzen direnenak, eta haziendak berriz 100 inguru izaten dira: ardiak, betizuak, behorrak…», azaldu du. Hala, kolore eta gustu guztientzako eskaintzak izango dira gaur: «Bada gizon bat 84 urte dituena, Luis Elizegi, bera jubilatu zenetik egurrarekin lan egiteko afizioa hartu du. Beste emakume baserritar batek jartzen du postu bat barazkiekin kapritxora, dena bertako produktuekin. Badira beste pare bat edo hiru lagun eztia komertzializatzen dutenak, eta bada herriko neska gazte bat buruko zintak eta belarritakoak egiten dituena», aipatu du goizuetarrak.
Feria antolatzeko bilerekin, pare bat hilabete lehenago hasten dira; ikasturteari ekitearekin batera, oro har. Egun, feria bakarra ospatzen dute urtean, azaroko azken larunbatean, baina ‘Pollo’-ren esanetan ez da beti hala izan: «Nik amari entzun diodanan arabera hiru feria egiten ziren lehen: azaroan, abenduan eta urtarrilean. Azarokoa izaten zen dena txerriaren inguruan, txerria saltzeko».
Garai hartan txerriaren hilketak ematen zion hasiera jaiari: «Hiltzen zen zerria Goizuetako Plazan, odolkiak egiten zituzten haren odolarekin, txerri hori pusketatan zatitu eta herri bazkarian zozkatzen zen, zenbaki txartelen bitartez. Sekulako saltsa izaten zen!», eman du aditzera. Oraindik mantentzen da zozketa ohitura hori, baina txerria ez dute publikoki hiltzen, hiltegian baizik: «Aurten azaro erdialderako bukatu ziren txartelak, 470 txartel guztira. Jendearentzat ekitaldi garrantzitsua da!», gehitu du.
Ekintza ugari aukeran
Goizeko 10etan ekingo zaio goizuetako feriaren 20 edizioari eta goiz osoan zehar egongo da betizu errearen pintxoak zein taloak dastatzeko aukera. 11:00etarako sega zorrozketaren erakustaldia antolatu dute eta 12:00etan, berriz, herriko neska mutillak Paollaren zaldiaren aurka lehiatuko dira gizaproban eskolako patioan: «Hori izango da eguneko proba izarra eta jende asko erakarriko du», adierazi du udal langileak. Herri bazkaria 14:30ean hasiko da, eta arratsaldean Dizkobolo elektrotxaranga eta Soka taldearen kontzertuak izango dira: 18:30ean lehena eta 21:30ean bigarrena.
Pollok goizuetako talogileen jarduna goraipatu du, eta esan du haiek egindako taloak ‘talo marrukoa’ ezizenez ezagutzen direnak, ez dituela dastatu beste inon: «Egiten dute taloa erditik ireki, gaztaz bete eta berriz plantxara bota. Bua! Hori gelditzen da… hozka egin eta gazta gelditzen zaizu txiklea bezala», azaldu du emozionatuta. 12-14 laguneko taldea osatzen dute talogileek. Postua jarri eta bertan ateratzen dituzten irabaziak herriko hainbat talde edo eragileei eskaintzen dizkiete: «Herritik herrirako sortu ziren», jakinarazi du goizuetarrak. Orain arte pilota eskola lagundu izan dute, herriko buru haundiei estruktura eta arropa berriak erosteko diru laguntza ere eman izan die, goizuetako gasolindegi kooperatiba sortzeko ere jarri zuten beren aletxoa, eta besteak beste, Goittiki haurtzaindegia ere lagundu dute. Halaxe dio Pollok: «Ferian ateratako dirua herrian berrerabiltzea zoragarria da, sekulako ekimena!».
Urte guzti hauetan antolatu diren ikuskizunak ere ondo gogoan ditu. Batez ere bera Kultur zinegotzi izan zen garaikoak: «Labaderoa berreskuratu genuen eta garai batean arropa nola garbitzen zuten ikasi ahal izan genuen, herriko jubilatuen eskutik. Hurrengo urtean, lehen lurrari traktorerik gabe buelta nola ematen zuten ikasi genuen, hainbat baserritarrek elkarri lagunduta. Eta beste ikuskizun bat gorotza zabaltzearena izan zen», aipatu du.
Paolla vs. herritarrak
Aurreratu digu dagoeneko goizuetarrak gaurko plater izarra Paollaren zaldiaren eta herritarren arteko desafioa izango dela, eta Imanol Rodriguez 'Paolla' ere bat dator harekin. Telefono dei bidez jaso zuen desafioaren eskaera eta berehala eman zuen baiezkoa: «Lehengo urtean zaldi bat eraman nuen erakusketa moduko bat egiteko, eta aurten deitu zidaten esateko lehengo urtekoaz gogoratzen zirela eta ea egin genezakeen zeozer herritarren kontra. Nik baietz esan nien, nire ideiak proposatu nizkien, haiek gustora gelditu ziren eta aurrera», azaldu du fagollagarrak.
Zaldia asko entrenatu gabe dagoela aitortu du, baina ez dago kezkatuta horregatik: «Harria ez da handia: guk 800kg ditugu eta proba ordu laurdenekoa izango da, ez beste askotan bezala ordu erdikoa». Herritarrei dagokienez berriz, 600kg mugitu beharko dituzte zortzi neska mutilen artean: «Antolatzailearekin batera adostu nuen nik aurretik jokatuko nuela eta haiek nire atzetik. Nahiko parekatuta egongo da nik uste», gaineratu du.
‘Paolla’ denbora neurtzen arituko da erlojuarekin atzera eta aurrera, eta bere bi semeak jarri ditu hitzai: «Suharri, seme zaharrena, aurrean joango da eta Aiert, gazteena, atzean. Aurrekoak egiten du zaldia kontrolatu eta atzekoak marrara iristean, harria kruzatzen du pixka bat zaldiak buelta ondo hartzeko. Eta gero, ateratzerako orduan, lagundu egiten du gantxoarekin», adierazi du.
30 urtetik gorako esperientzia
Paollak gehiago entrenatzen ditu zaldiak udan gainontzeko urtaroetan baino, ordurako «hobeto prestatuta» egon behar baitute. Eguraldiaren arabera aldatu egiten du entrenamendu maiztasuna, baina azaldu du, normalean, 2-3 aldiz aritu ohi dela astean: «Oso entrenamendu gogorrak dira, tiraka aritzea ez da paseatzea bezala, eta deskantsua ere gehiago eman behar zaie. Hipodromoko zaldiak, adibidez, ia egunero ateratzen dira korrikara, baina hauek ez», esan du. Neguan, berriz, deskantsu pixka bat ematen die.
Etxean egin ohi ditu entrenamenduak. Baserri bakoitzean lur klase bat dago eta haren kasuan, euria egiten duenean, esaterako, lokatza ekiditeko etxe atariko hormigoiaren gainean aritzen da: «Lurraren gainean jartzen da kamioiaren errueda handi bat, karga ipintzen diozu eta harekin entrenatzen da. Ibilbidea izaten da gutxi gorabehera 25-30 metrokoa eta joan eta etorriak eginez aritzen gara», adierazi du.
Plazako lanera ohitzeko, berriz, Paollak tarteka plazara ere eraman izan ditu zaldiak, eta aurrekoaz gain, halako probak prestatzerako orduan, elikagaiak ere oso garrantzitsuak direla aipatu du: «Pentsu ona ematen zaio, forraje ona, bitamina batzuk….».
Imanol Rodriguezek 30 urtetik gorako esperientzia du zaldi probetan. Egun 53 dauzka eta 20 urterekin hasi zen herri kirol honetan. Hala, badaki behin plazara irtenda nora arte estutu zaldia: «Egunero zaldiarekin bazabiltza, azkenean zerorren burua bezala ezagutzen duzu. Batzuetan ikuilutik entrenatzera atera, kabezada jarri eta zaldia motel egoten da, gogo gabe… bada askotan buelta erdia eman eta etxera etorri izan naiz, ikusten duzulako ez dagoela ondo. Zaldiek ez dakite hizketan, baina tankera ematen diozu», azaldu du.
Haren esanetan, probako garaian ere ikusten zaio berak nahi duen jira edo arnasak ez badio ematen: «Dena igartzen da».
Plan hoberik ez
Fagollagako aita semeen eta goizuetako herritarren artean ez da diru konturik egongo jokoan, baina bai, ordea, Paollaren hitzetan «ohorea». Zaldi proba amaitzean herriko neska-mutilek helburu bat eta bakarra izango dute: huts ala kausi, gutxienez, zaldiak baino plaza bat gehiago osatzea. Pollok dio «topera» entrenatzen ikusi dituela herritarrak eta estu egongo direla gauzak.
Hala, istorio honen amaiera jakin nahi duenak, gaur eguerdiko 12etan izango du parada eskolako patiora bertaratuta. Inork ez daki oraindik nor irtengo den garaile desafioan, baina bada segurua den zerbait: proba ikusten duten bitartean sabela goxatzeko «talo marrukoa» erosten dutenek garantizaturik izango dute disfrutea.
EGITARAUA
GOIZUETA
AZAROAK 30, GAUR
Goizuetako XX. Azienda, artisau eta nekazari feria.
10:00 Feriaren hasiera.
11:00 Sega zorrozketa, pikaketa.
12:00 Giza proba: Herritarrak Paollaren zaldiaren aurka.
Goizean zehar, herriko talogileak, betizu errea pintxotan, trikitilariak...
14:30 Herri bazkaria: Bertako babarrunak, betizu gisadoa eta postrea.
18:30 Dizkobolo elektrotxaranga.
21:30 Kontzertua: Soka.