«Txupinazoa botatzeko aukera izatea oso berezia da, zuk ematen diezu hasiera festei»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2023ko uzt. 21a, 00:00

Zuriñe Hijarrubia eta Garoa Mungia Udaletxeko balkoian.

Astigarragako Gazte Asanbladak 30 urte bete ditu aurten eta herriko festei hasiera emateko ardura izango du. Udaletxeko balkoian bilduko dira sorreratik hona gazte taldeak izan dituen makina bat partaide, arratsaldeko 19:00etan, eta pregoia baliatuko dute urte osoan egiten duten lana ikusarazteko. 1993an egin zen ofiziala AGA eta 30 urte hauetan herriko belaunaldi gazteentzat erreferentziako elkarte bihurtu da.

AGAren 30. urteurrena dela eta, aurten zuek emango diezue hasiera festei. Nola jaso zenuten berria?

Zuriñe: Normalean festen aurretik, hilabete batzuk lehenago, jai batzordeko bilerak egiten dira. Herriko elkarteen ordezkariak biltzen gara bertan eta esango nuke herritarrak ere joan daitezkeela. Kontzertu proposamenei buruz hitz egiten da, hainbat elkartek festetan zer egingo dugun adierazten dugu eta udalak bere iritzia ematen du, dena gestionatzeko. Bilera horretan Aintzane Barandiaranek eta Amaia Usabiagak [kultura zinegotzia eta teknikaria], komentatu ziguten dudetan zeudela zenbait elkarteren artean txupinazoa botatzeko eta horietako bat zela asanblada. Guk gure artean hitz egin genuen, ideia ona iruditu zitzaigun eta guregatik prest ginela esan genien. Orduan konfirmatu egin ziguten: “Ados, bada zuek”.

 

Ilusioa egin zizuen?

Garoa: Ilusioa baino gehiago, nik uste, baiezkoa ematearen erabakia egoera aprobetxatze aldera hartu genuela. Behingoagatik udaletxean ateratzeko aukera izateko, guk egiten dugun lana zein den adierazteko, gure helburuak zein diren…. hitza guk izateko: “Apa, Kaixo. Hemen gaude, 30 urte goaz hemen”.

Zuriñe: Gure lana ikusarazteko. Zeren badakigu ez direla 30 urte, gehiago dira.

Garoa: 30 urte legalki formatua dagoenetik, esango dugu. Baina aktiboki…

 

Nola antolatzen da txupinazo bat? Dela material aldetik edo dela pertsona aldetik?

Zuriñe: Txupinazoa berez Xaguxarrek antolatzen du, egia esan. Materiala Xaguxarrekoek erosten eta botatzen dute eta guri pregoia botatzea tokatzen zaigu, eta pentsatzen dut txupina ere bai.

Garoa: Gora nor igoko den ere erabakitzen dugu. Hasiera batean, esaten dizute: “Pertsona kopuru hau igo daiteke balkoira”. Gure kasuan jende gehiago igo ahal izatea eskatu dugu. Hitz batzuk prestatuko ditugu eta nahi duguna da balkoira igotzea Gazte Asanbladan urte guztietan zehar ibili garen jendea. Sorreratik gaur egunera arte. Orain hori antolatzen gabiltza, ez dakigu nola aterako den.

 

Aurreko astean bildu zineten guztia antolatzeko. Zer erabaki zenuten?

Zuriñe: Hasieratik nahiko garbi izan dugu nola antolatu. Garoak esan bezala, hemen gaudela ikusarazteko baliatu nahi genuen eta egiten dugunaren berri eman.

Garoa: Aktibo eta irekiak gaudela: entzuteko eta jasotzeko.

Zuriñe: Ikusteko ere ez dela zerbait itxia edo zeozer esklusiboa. Jende pila bat pasa dela, jende guztia onartzen dugula.

Garoa: Honek jarraipena edukitzea nahiko genuke. Ez badago erreleborik bukatu da Gazte Asanblada, eta hori da guk daukagun pisu handi bat, pregoian azaleratzea nahiko genukeena. Badaude esku berriak, buru berriak, baina gutxi. Eta gero hori, esan duguna. Nahiko zaila da jendearekin kontaktatzea. Bilera bat egin genuen, Whatsapp talde bat: “Sartu mesedez Gazte Asanbladan zeudenak”.

Zuriñe: Horrela gabiltza. Guri gustatuko litzaiguke jende pila bat egotea. Baina denak ez dira berdinak: batzuk pozik daude, baina ez dute igo nahi balkoira. Batzuk hitz egin nahi dute eta besteek ez… Baina gure intentzioa ere hori da, hitza ematea lehengoei, beraiengatik dago-eta orain Gazte Asanblada.

 

Errelebo generazionalaren arazoa aipatu duzue, nola erakarri dezakezue jendea gazte Gazte Asanbladara?

Garoa: Ez dakit. Mila saiakera egin ditugu. Urte dezente goaz horrekin.

Zuriñe: Kontua da normalean asanblada ireki bat egiten dugula, jendea gerturatzeko, pixka bat informatzeko, kontatzeko zer den Gazte Asanblada… eta festetarako laguntzeko prest dagoena animatzeko. Jaietarako normalean jendea beti egoten da prest, baina gero, kurtsoan zehar, bakoitzak bere konpromisoak ditu eta ez daude hain prest. Guk beti esaten diegu pixkanaka-pixkanaka hasteko. Bakoitzaren denborak errespetatzen ditugu, bakoitzak eman dezakeena. Ulertzen dugu norberak bere ikasketak dituela, bere lana, etxeko egoera eta egoera pertsonala. Ezin diegu dena exijitu.

 

Zuriñe, zu Xaguxarreko monitorea zaren heinean, baduzu esperientzia txupinazoan. Zer sentitzen da udaletxeko balkoitik festei hasiera ematean?

Zuriñe: Niretzat momentu inportante bat da. Herri osoa elkartzen den momentu bat da: umeak, gazteak, helduak, zaharrak…. Denak elkartzen dira eta denak daude itxaroten. Bakoitzak bere arrazoiak dauzka: txikienak gauzak bota zain daude, handienak festei hasiera emateko zain. Niretzat momentu oso berezia da. Zuk daukazu boterea momentu horretan, zuk ematen diezu festei hasiera.

 

Urteurrena ospatzeko ekimen berezirik antolatu duzue festei begira?

Zuriñe: Txapelak atera ditugu, arrantzaleenak bezalakoak. Beste herri batean ikusi genituen eta oso ideia polita eta originala iruditu zitzaigun, eta esan genuen: “Bada 30. urteurrenekoak egin ditzakegu”.

Garoa: Aurten kamiseten kontua, ez dugu egin aurreko urteetan bezala. Ez dugu leloa atera eta txapelketa egin. Guk egitea erabaki dugu.

Zuriñe: Oso argi genuen zer zen transmititu nahi genuena.


Eta egitarau aldetik?

Garoa: Aurten egitarau nahiko zabala dela esango dugu, beste urteetan baino gehixeago. Kontzertuez aparte azken egunean bakarrizketa bat egongo da: “Magma mia”. Sekulako booma izaten ari da, eta txosna gunean emakume hau edukitzea lortu izana izugarria izan da. Eta gero Perlata.

Zuriñe: Egia da Perlata nahiko talde ezaguna dela, baina orokorrean kontzertu aldetik saiatzen gara, edo bueno saiatzen dira bereziki kontzertuak antolatzen dituztenak, Garoa eta Eider direla, ekartzen taldeak ez hainbeste famatuak edo izena dutenak, baizik eta alternatiboak edo hasten ari direnak; hemen ingurukoak, musikari berriei indarra emateko, ikusgarritasuna emateko… Eta, aparte egia da ere, Gazte Olinpiadak antolatzeko saiakera egon zela, gero ez zuen enkajatu guztiz, baina gazte joku horiek egongo dira aurten. Berreskuratzen saiatu garen zeozer da.

 

“Astiarrako gaztiak”-en Whatsapp taldetik galdetu zenuten nork hartuko luken parte Olinpiadetan

Zuriñe: Ideia atera zenean pentsatu genuen: “Jo, ez dakigu”. Noski, dena antolatu eta gero ez badago erantzun bat herriaren partetik, ze pena. Orduan Whatsappetik proposatu zen eta erantzuna oso positiboa izan zen. Hasieran asteburu pare bat izateko antolatu zen, baina azkenean ikusita herriko gazte askok ezingo zutela kointziditu, erabaki zen festei begira egun bat jartzea: “Gazte eta gazte sentitzen direnen jolasak”, denok garelako ongietorriak, zeren gazte izatea erlatiboa da. Hemendik aurrera intentzioa hori da, udara pasata zeozer antolatzekoa, berriz herri osoa edo herriko gazteria osotasunean elkartzeko eta ez betiko berdinak. Azkenean zerbait sanoa da, jolasak, mugimendua, ondo pasatzeko momentu bat… ez egoteko dena kontsumoari bideratuta.

Gazte Asanlbadatik herrian aktibotasun bat izan nahi dutela azaldu dute Zuriñek eta Garoak.

 

Nola aldatu da asanblada lehen urteetatik ona?

Garoa: Asko. Ez daukagu informazio handirik baina galdetzen joan garenetik… Garaiak asko aldatu dira, orduan nola sortu zen gazte asanblada eta zein helbururekin… gaur egunekoarekin ez du zerikusirik: beharrak aldatu dira, herriko problematikak aldatu dira, gizartekoak… Astigarraga oso herri kuriosoa izan da militantzia aldetik, oso militantzia gutxi egon da. Zipotza sortu zuten, hor hasi zen Gazte Asanblada sortzen, gaztetxe bat egon zen, baina ez zuen iraun ezta 6 hilabete ere. Lehen ez dakit urtean zeharreko ekintzei begira hainbesteko aukera zegoen. Pentsatzen dut egongo zirela hitzaldiak, bilerak… baina gure fokutik ez. Eta gu ere joan gara aldatzen. Ni 15 urtetatik nago Gazte Asanbladan eta ez dauka zerikusirik. Lehen batez ere festak ziren Asanbladaren helburua; urte askotan zehar hala izan da eta urtean zeharreko oso data puntualetan ateratzen zinen. Pankarta batzuk egiten zenituen, argazki batzuk… Gu horri buelta bat ematen saiatu ginen, pixka bat ikusten zein hutsune zeuden herrian eta erantzun bat ematen: zineforumak antolatzen, denetariko hitzaldiak, gure arteko tailerrekin hasi ginen…

Zuriñe: Nik ez dakit asko egia esan lehengo Gazte Asanbladari buruz. Ni 16 urterekin sartu nintzen, duela 6 urte edo. Baina ni sartu nintzenetik edo nire inguruko jendea Gazte Asanbladan zegoenetik, bai aldatu dela: zein jende dagoen, ekintza motak edo zer aldarrikatzen den. Bereziki azken urte hauetan ikusita zein gauden eta gaudenen egoera zein den.

Garoa: Egia da oraintxe bertan gehienak emakumeak garela

Zuriñe: Badaramatzagu urte batzuk ere ikuspegi dezente feministago bat edukitzen. Ekintzak alde horretatik asko bideratzen.

Beharrezkoa ikusten duzue asanblada bat herrian?

Garoa: Dudarik gabe. Herrian ez dago gazteentzat bideratutako egitaraurik ez ezer. Gaztelekutik ateratzen zaren momentutik tabernara zoaz. Eta hortik ere atera gaitezke. Nik uste helburua ere hori dela. Aukerak ematea. Gazteak ere hemen gaude, gauzak egiten ditugu, gure artean antolatzen gara, aktibo gaude… Pixka bat horren ordezkari izan eta eragin bat sortzen saiatzeko.

Zuriñe: Niretzako ezinbestekoa da borrokatzea eta gaztea zarenean oraindik eta gehiago. Uste dut Gazte Asanblada dela leku bat borrokatzeko bizi garen gizartea eta kultura, guzti honi buelta bat emateko eta gizartea berreraikitzeko modu batean. Nire ustez pertsona pasiboak bihurtzen ari gara, eta bereziki gazteak. Egiten dugun bakarra da ikasi, lana, taberna… eta ez dakit… gauzak ditugu, eskubideak ditugu betebeharrak ditugu. Pertsona aktiboak gara, ikasi egin behar dugu, mugitu egin behar dugu, gauzak egin.

Garoa: Eta argi daukagu Astigarragako Gazte Asanbladatik ez dugula inongo iraultzarik egingo, baina behintzat herrian aktibotasun bat izan nahiko genuke. Edo imajinatu pertsona bat hasi dela margotzen eta erakusketa bat egin nahi duela. Bada edukitzea aukera etortzeko eta: “Begira erakusketa bat nahi dut egin, lagunduko didazue antolatzen?”. Gazte asanbladaren bitartez gauza asko antolatu dira ez direnak guretik atera.

Zuriñe: Herriko gazteei babes hori emateko eta laguntzeko. Gu, gazteak, beste talde bat gara eta ez da berdina zein den zure errealitatea haurra zarenean, gaztea zarenean edo helduagoa. Modu batean leku bat emateko gazteei herrian: leku bat daukagu, existitzen gara.

 

Gazte asanbladaren lorpenen batekin gelditu beharko bazenute?

Garoa: Egia esan, azoka, niretzako bada urteko oso data inportante bat. Ekintza eraginkor bat. Oso kontsumistak gara eta hau kontsumora bultzatzen duen ekintza bat den arren, kontsumo desberdin eta kontziente bat da. Gero festak ere...ezin gara ez egon harro hortaz. Egiten dugun lan guztiarekin, hainbeste denbora aurretik… Saiatzen gara urtero buelta bat ematen, gauza berriak ekartzen eta egitaraua gehiago zabaltzen. Lehen agian dena kontzertuak ziren eta aurten badago antzerki bat.

Zuriñe: Beste urteren batean egon da zinema, bertsolariak... Hala ere, nik ekintzak baino gehiago, lortu dugun gauza garrantzitsu bat azpimarratu nahiko nuke, eta da emakumeen presentzia antolatzen dugun gauza guztietan. Hau nahita egindako zeozer da eta asko saiatu gara honetan. Denontzat antolatzen ditugu ekintzat, denon presentzia saiatzen gara aldarrikatzen eta lekua ematen pertsona guztiei. Eta bereziki emakumeei eman diegun lekua bada zerbait harro egotekoa. Eta gero, herriko musikari txikiei ikusgarritasuna ematea, artisau txikiei, inguruko gazteei, hasten ari direnak… ez daukatenak diru asko, fama asko. Pozik egoteko arrazoiak ditugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!