Larunbatean goizeko 07:30etan batu dira hainbat auzokide Jauregiko aparkalekuko espazioa antolatzeko: karpak ireki, mahai eta aulkiak jarri, txosna montatu... 09:30etarako dena prest. Ez, dena ez. Oraindik bada erosi beharrekorik. Txosnako barran azken kontuen zerrendari heldu diote; azukrea, plastikozko basoak... Pixkanaka jendea hurbiltzen hasi da; orain 40 urte izan zirenak, orduan egon ezin izan zutenak kanpoan ikasten ari zirelako, bailarara bizitzera etorritako kideak zein belaunaldi berriak. Jaubizi elkarteko zapi zuriz betetako kaxa zabaldu dute eta denak hurbildu dira berea eskuratzea. «Iada jantziko dugu edo sanferminetan bezala eskumuturrean txupinazorarte?» galdegin du batek. «Txupinazoa, bota beharko dugu ba!» erantzun dio elkarteko kide batek. Ziiiii... Danba! 40 urteren ostean lehertu da festa Jauregi bailaran.
Kristina Solanok eta Jon Belokik, trikitixa eta pandero eskutan ekin diote rondari. Haien atzetik Eli Pagola eta Andoni Rekondo bertsolariak zein bailarako hainbat bizilagun. Musika hotsak entzunda etxe atarira jaitsi dira batzuk, rondalariek «bazatozte?» gonbidatu dituzte. Pixkanaka taldea handitzen doa. Gonagorri baserria aurreneko geltokia; urrunena, Hernani eta Lasarte arteko mugan. «Utzi etxeko lanak eta etorri gurekin» kantatu die Pagolak. Batu dira haiek ere rondara. Hala, trikitixa, bertso eta mokadu artean, Bordatxuri, Zelai-gain, Izoztegia, Illarretsueta, Arkaitzen, Elutseta, Illarretsueta-berri eta Saretxo baserrietan barrena egin dute ronda.
Bitartean, taldetxo bat Jauregiko parkinean gelditu da; bazkarirako paella prestatzeko ardura dute. Hasieran lau katu, 30 pertsona batuko zirela uste zuenik bazen. 127 dira, ordea, bazkarira animatu direnak. Eguzkiak gogor jotzen du, karpa eta sonbrillak ireki eta gerizpean bazkaldu dute denek. Sukaldariei txalo zaparradada eskainita, putseroan egindako kafe eta kopa banatzen duten bitartean, Unai Arana, Isabel Etxeberria eta Manuel Iradi batu dira. Orain 40 urte bertan izan ziren hiruak, eta orduko kontuak oroitzen aritu dira.
Zer egin zenuten orain 40 urte?
Isabel: Gauza batzuk egin genituen. Beno, nire senarra egon zen gehiago. Badakizu, orain 40 urte gizonek eramaten zuten hemen kontua. Eta bai, gauza politak egin ziren. Oroitzen dut korrika apustu bat. Alde batetik, Txaneteneko baserritarra, Emilio. Nahiko heldua zen orduan bera. Eta bestea, eskolara etortzen zen maisu bat...
(Laugarren batek). Tomas!
Isabel: Hori, Tomas! Biek egin zuten. Zeinek irabaziko? Maisua gaztea zen eta haren alde jendea, eta gu, helduok edo, gure Emiliorekin: saitsu, baserritarra, indartsua... eta hara! Azkenean Txaneteneko gure Emiliok irabazi.
Manuel: 7-8 lagun elkartu ginen, auzotarrak. Festak egin behar zirela eta animatu ginen, baita zeozer egin ere. Festen barruan, Isabelek aipatua eta kontu gehiago ere egin ziren: sokatira, ezkonduak ezkongabeen aurka; idi-apustua, Telleriarekin eta Errenteriko batekin; toka, igelari botatzea; lokots lehiaketa... eta gauza gehiago ere bai!
Unai: Orduan hiru egun egiten ziren jai, ostiraletik igandera. Trakets taldeak jo zuen, Hernaniko parrokoa igo eta meza egin zen eguerdian, baita sega apustua ere. Umeentzako jolasen artean, berriz, zaku lasterketa, aurpegia busti eta irinetan sartu babarruna bilatzeko... Herri kirolen inguruko jaiak izaten ziren.
Gaurko eguna elkar ezagutzeko aitzakia ere bada. Baina garai horretan auzokideek elkar ezagutzen al zenuten?
Isabel: Harreman askoz gehiago genuela uste dut. Egun denek kotxea dute. Eta noski, kotxean pasatzean esaten duzu 'agur' eta juxtu! Horretan gelditzen zara. Lehen gurutzatu, gelditu eta hizketa pixkat egiten genuen.
Manuel: Auzoa asko aldatu da, izugarri. Lehen denok ezagutzen ginen, oinez ibiltzen ginen... Eta orain, berriz, kotxeak eta motoak daude.
Isabel: Korrika eta presaka bizi gara!
Manuel: Nik uste dut auzo guztietan gertatu dela eta hemen agian gehiago. Baserri asko ez daude, oso sakabanatuta daude... eta asko nabaritzen da.
Gaur Jauregiko bailarako festak berriz ospatzen aritzea, zer da zuentzat?
Isabel: Niretzat ikaragarria! Emozionatu eta dena egiten naiz.
Manuel: Aurrerapauso bat. Jendea hemendik aurrera animatuko da. Gaur izugarrizko jende pila elkartu gara, uste baino gehiago. Gustura egoteko modukoa.
Unai: Kriston poza! Berriz ere hori dena berreskuratzea, gaur egungo jendea biltzea eta auzoa ikustea, poza ematen du. Ia 40 urte pasa eta gero, auzoa ere aldatu egin da. Lehen oso baserri girokoa zen. Egun gehiago gara etxea egin eta bertan bizi garenak.
Uste duzue hurrengoak antolatzeko beste 40 urte itxaron beharko direla?
Isabel: Ez dut uste. Nik uste hemen giro polita sortu dela. Ilusio handia dago. Eta horrek sinismena egiten dit ez dela urte bateko gauza izango. Heldu asko gaude eta gazte gutxi. Baina dauden gazte horiek ilusioa daukate. Itxaropena ematen dit gaztetasun eta grin horrek.
Manuel: Asko elkartu gaitu hemen egin behar duten lur kutsatuen plantak, eta horrek eman du pauso handi bat; festa hau antolatzea.
Unai: Ni seguru nago datorren urtean egingo dugula, baietz Isidro? Egin bai, egingo dugu, gero nola aterako den beste kontu bat izango da. Nik uste bikoiztu egingo dugula. Aurten X izan bagara, datorren urtean bider bi!
Hori oso baserri eta herri kirol mundukoa da gero!
Unai: Bai! Hemen apostua bota egin behar da!