Urre beltza, burdinolen bizigarri

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Solagurenbeaskoa 2026ko maiatzaren 20a

Txondorra egiteko prozesuaren lau argazki, Lurdes Loiartek utzitakoak.

Maiatzaren 1ean piztu ondotik gau eta egun ari dira txondorra zaintzen Goizuetan, keari so. Ke txuria; ondo ari da. Beltza; kasu! Erretzen ari da! Bitartean Motzaren txabolaren alboko estalpean jarrita Antton Mari Mitxelenak idatzitako 'Goizueta inguruko Burdinola' liburua arakatuz ikatza eta burdinolen harremanaz jardun dira txondorgileak.

 

Liburuko mapan XIV. mendetik XIX. mendera Goizueta inguruan kokatuta burdinolak ikus daitezke, zehazki, herritik 8 kilometroko distantzian. Dokumentu ezberdinen arabera, guztira 26 bat. Ez da kasualitatea gero hainbeste kontzentratu izana zonaldean; izan ere, beharrezko osagai guztiak bertan baitzeuden: egurra, ikatza egiteko; mineralak, burnia ateratzeko eta ura, makinak mugitzeko.

Burdinoletako prozesua, be­hin osagai guztiak bilduta, labean hasten zen, arragoan. Bertan burni-minerala eta ikatza txandakatuta jartzen ziren, sua ematen zitzaion eta tenperatura altuen ondorioz, minerala galdatzen zen. Zehazki agoa izeneko masa goria. Gero mailu hidraulikoen etengabeko kolpeekin eta berotasunarekin agoa lantzen zen metala trikontzeko eta burdin barra landuak lortzeko. Burdin horrekin gero lanabesak edo armak egiten ziren, aizkorak eta kainoi bolak, esaterako.

Prozesu horretan ikatza ezin­­besteko elementua zen. Ba­­tetik, bere bero-ahalmen han­­di­­aren ondorioz erregai oso era­­ginkorra zelako. Zehazki bur­ni-minerala biguntzeko beharrez­koak ziren 1.200ºC lortzeko ezin­bestekoa. Eta bestetik, burdin oxidoa metal puru bihurtzeko beharrezko erreakzioa ahalbidetzen zuelako, metalari gogortasuna emango zion karbonoa gehituta.

 

Ondorioz, burdinola baten ikatz kontsumoa izugarria zen. Batez beste, burdin tona bakoitzeko 4-5 tona urre beltz behar izaten ziren. 1752. urtean Iberoko burdinolak, XVIII. mendeko Nafarroako burdinola nagusia izan zenak, 100 tona burdin ekoitzi zituela aipatu du Eneko Bernaldo de Quirós ikerlariak. Horretarako, 400 tona ikatz behar izan zituzten gutxienez. Orduko txondor bakoitzak, 15-20 tona ikatz ekoitzi zitzakeen, eta beraz, urtean 25-30 txondor handi nahikoa ziren burdinola baten urteko ekoizpena bermatzeko.

Garai horietan mendietan egiten ziren txondorrak, egurra zegoen lekuan. Txondor bakoitzak hilabeteko prozesua eskatzen zuenez, ikazkin taldeek etengabe egiten zuten lan. Maiz, 8 txondor zaintzen zituzten aldi berean. Horregatik ezinbestekoa zen ikatza ondo egitea, gaizki eginez gero salmenta galtzeko arriskua baitzen.

Andoni Etxenike txondorgileak aitaren eskutik ikasi zuen txondorra tentuz nola montatu. Aurrena txondorraren plaza eraiki. Laua behar du izan. Gero, plazaren erdian, tximiniaren oi­narria jarri. Horretarako, batzuetan, tokoia edo olentzeroa erabiltzen zen. Ostean, tximiniaren inguruan, sarea eraiki. Lehenik, zirkuluan eta lurrean, enbor luzeak jarri, orratzak bailiran erlojuaren orduak markatzen (goiko ezkerreko irudia). Eta bigarrenik, orratz horien gainean eta tartean, egur txikiagoak kokatu. Hala, armiarma sarea osatzen da; txondorraren oinarria. Izan ere, bere gainean joango dira ikatz bilakatuko diren egurrak. Eta horrela azpitik arnasa hartuko du txondorrak (goiko eskubikoa irudia).

Tximiniaren inguruan egurra pilatzea tokatzen da, ez nolanahi, ordea. Alde batetik, egurraren loditasunaren arabera antolatu behar dira; potoloak edo handiak erdian (beheko ezkerreko irudia) eta meharrak, berriz, kanpoaldean. Izan ere, txondorarren berotasun handiena erdian ematen baita; 500º-800ºC inguru. Eta bestetik, egurrak elkarri ondo pegatuta jarri behar dira, hutsunerik gabe eta zirkulua errespetatuta. Horrela, pixkanaka egurrezko geruzak eraikitzen dira. Bigarren egur kapari ekin baina lehen, tximinian alkatea sartzen da bertikalean. Enbor luze horrek txondorra zuzen eraikitzen lagunduko du hemendik aurrera. Behin egur dena txukun jarrita, azken urratsak; orbelarekin (beheko eskubiko irudia) eta galbaeaz bahetutako lurrarekin dena estali eta mandarriarekin guztia ondo trinkotu.

Maiatzaren 1ean ikusi moduan tximiniatik pizten da txondorra. Erdiko egurra egosi ahala, zuloen eta haizearen laguntzarekin, sua kanpoko geruzetara mugitzen da. Laster ke urdina izango da nagusi, egurra egosia dagoenaren seinale. Errefreskatzen hasteko unea da: zulo denak estalita eta gaineko lurra zein orbela mugituta txondorra hozten da. Gero, poliki eta zatika desmuntatu hain preziatutako urre beltza eskuratzeko.

Ikatz horrek ez ditu burdinolak elikatuko, industrializazio prozesuak itzali baitzituen XIX. mendean. Aitzitik, goizuetarren etxeak neguan berotuko eta lagunarteko otortuak bizigarrituko ditu.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!