Piztu dute txondorra, egurra urre beltz bihurtzeko

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Solagurenbeaskoa 2026ko maiatzaren 5a

Maiatzaren 1ean Txondorra piztu dute Goizuetan hiru urteko itxaronaldiaren eta bi hilabeteko prestaketaren ostean. Arbasoen jakintza zaharrak, auzolanak eta jakin-minak elkartu ditu hamarnaka pertsona ekitaldian.  

 

Ttakunaren erritmora eta alkandoren mahukak bilduta ekin diote txondorgileek lanari: aizkorarekin zein trontzarekin egurra moztu, brasa onak lortu, lurra bahetu…. Maialen eta Olatz Apezetxeak txalaparta jotzen duten bitartean txondorgileek azken hilabeteetako prestaketa nola egin duten erakutsi dute antzerkian. Txondorra piztutzeko ekitaldia hasi da.

Luzia Etxeberriak gidatu du ekitaldia eta sarreran Goizuetak beste kolore bateko urrea izan duela azaldu du: beltza. Hain zuzen ere, ikatza herrian izan ziren 26 burdinolen motorra izateaz gain herritarren etxeak berotzeko ezinbesteko altxorra izan baitzen mendeetan zehar. 2011 urtean egin zen lehendabizi txondorra, orain hiru urte bigarrena eta aurtengoa prest da pizteko. 

Gero eta gehiago dira txondorraren bueltan elkartzen direnak; txikiak jolasten, helduak eskarmentua partekatzen eta gazteak lekukoa hartzen. Aurtengoan, ordea, «pertsona oso berezi» baten hutsunea gogoratu nahi izan dute; orain sei hilabete zendu zen Joxe Ramon Zubieta 'Motza'. Beti laguntzeko zuen gogoa goraipatu eta aurreko txondorretan Zubietak zuen egiteko berezia azaldu dute; gau eta egun txondorra zaintzen duten pertsonentzat txabola eraikitzea. Horregatik, bere omenez, eskuz esku txondorgileek egur taila pasa diote elkarri txondorraren puntatik txabolaraino eta bertan zintzilikatu dute. Hemendik aurrera 'Motzan txabola’ izena izango du txondorgileen babeslekuak.  

Ekimenak pertsona askoren ekarpena behar izan duela azaldu du Etxeberriak. Hala, esker onez egurrean laserrez grabatutako koadro bana eman diote txondor plaza egiteko belasoa uzteagatik Ansa familiari eta, baita, eskainitako laguntzagatik Apezetxea S.L, Elama enpresari eta Goizuetako talogileei.

Segidan Iratxe Errazkinek bi­hotzez eginiko gogoeta irakurri du. Hala zioen olerkiak amaieran: Sugarrak, gure bihotzeko taupaden betarri / Zu urre beltza­ren giltzarri... / Kearen inguru­an...zigi zaga Zagia dantzari... / Gure herriaren bizigarri / Eskerrikasko Ama Lurrari! Heldu da txondorra piztutzeko unea.

Igo dira tximinia puntara txondorgile bi eta Xabi Solano, aurtengo txondorra pizteko gonbidatuta. Txondorgileen zapia jantzi eta ekin diote lanari guztiek. Aurrena alkatea kendu, txondorra zuzen eraikitzeko erdian jartzen den enborra. Jarraian alkateak hutsik utzi duen tximiniako zuloa betetzen hasi dira. Lehenik, betarria (egurrezko tako txikia), jarraian, brasa bizia eta, azkenik, ikatza. Zehazki Eltzaburu, Berritxu eta Antzingo txondorretatik ekarritakoa eta, baita, duela hiru urteko Goizuetakoa ere. Tarteka haga baten laguntzaz dena konpaktatu eta betetzen jarraitzera. Bien bitartartean Eneko Bernaldo de Quirós txondorgileak txondorra eraikitzeko erabilitako lanabesak aurkeztu dizkie ekitaldira hurbildutakoei. Pixkanaka hasi da ke txuria ateratzen, badoa txondorra piztutzen. Txabola inguruan ziren txondorgileek zahatoa bota diete tximinikoei. Beroa nabari da eta keak min egiten du begietan. Eskertu dute tragoa. Azken betelanak eginda zotalarekin estali dute tximiniako zuloa. Martxan da txondorra.

Goizuetako herriaren izena mundura zabaldu izana eskertzeko gonbidatu dute aurten Xabi Solano txondorra piztera. Fernando Goia 'Pollo'k egurrezko oroigarria eman dio musikariari eta jarraian Garbiñe Makatzaga txondorgileak familia giroan elkarrizketatu du. Ereñotzuarrak Goizuetan beti etxean bezala sentitu izan dela azaldu du eta «nik eman ez, nik jaso egin det goizuetarrengandik» azpimarratu du. Baita eskerrak eman ere Txondorra elkarteari, goizuetarrei eta bere taldekideei. Makatzagaren galderak trikitixa bidez erantzun ditu Solanok eta bertan zirenak kantuan jarri. Festa giroan murgilduta zahagi dantzarekin eman diote amaiera ekitaldiari.

Eguna borobiltzeko 120 pertsona batu dira Txino auzoko frontoian Añorgako Zikirogileek goiz-goizetik prestatu duten arkumeaz gozatzeko. Ospakizun eguna bada ere, lan luzea dute oraindik txondorgileek. Hurrengo bizpahiru asteetan txondorraren bihotza bizirik mantendu beharko dute. Hiru txandetan antolatuta, goiz, arratsalde eta gau, egurraren gosea asetu eta sua zaindu beharko dute. Hala, egurra urre beltz bilaka dadin.

 

Txondorgile taldea, aurrerantzean 'Motzan txabola' izango denaren atarian.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!