Perkaiztegiri esker euskal herrietan gertatu zen iraultza

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua Mitxelena 2026ko uztailaren 4a

Gonzalo Perkaiztegi hernaniarrak ekarri zuen artoa Ameriketatik Gipuzkoa aldera. Argazkia: Dani Blanco / Argia (CC-by-sa)

Eszena ezaguna da: festaren bat antolatu dute herrian edozein ai­tzakia aprobetxatuz –edozein aitzakia baita ona festarako, egia esan–, eta zintzurrean behera jaitsitako tragoak tripa hutsean erori ez daitezen, hortxe talo-postua ere; hara, eta trikitilari kuadrilla bat, fandango, arin-arin eta biribilketa, giroa alaitzen. Gauza euskaldunagorik. Edo ez hainbeste? Trikitiaren bidez iritsiko gara gaur arto-irinez egindako taloraino, nahiko ezezaguna den hernaniar bati buruz hitz egiteko.

Zumarragan hasiko dugu his­toria hau eta gero etorriko gara, trenez-edo, pixkanaka Hernanira. 1859an Gipuzkoako herri hartara iritsi zen Juan Bautista Busca Pretto. Italiako Piemontetik zetorren, garai hartako beste langile asko bezala, paraje hauetan trenbideak eraikitzera. Tramankulu bitxia zekarren maletekin batera: akordeoia. Garai hartan Euskal Herrian oraindik oso ezaguna ez zen instrumentua, alegia. Hura jotzen imajinatu behar dugu kanpamendu prekario batean, burdinbidea eraikitzen pasatako egun gogorra bukatu zela ospatzeko-edo, posibleki piemonteraz elkarri bromaka ariko ziren langileen artean.

Gorka Hermosak 2020an Argia-n publikatu zuen artikulu baten arabera, «nahiz eta seguru asko akordeoia askoz lehenago ere ezaguna zen Euskal Herrian, esan dezakegu izenez ezagutzen dugun lehenengo akordeoilaria Juan Bautista Busca Pretto dela». Lehenbizikoa izan edo laugarrena, kontua da Busca familia ondo baino hobeto errotuko zela Zumarraga aldean. Zer esanik ez langile italiarren instrumentu hura, aldatuz-aldatuz gaur egungo trikitia bilakatuko zena. Gauza eskandaloso samarra, alegia, gazteak erromerietan haren doinuekin perreatzen, barkatu, arrimatuta dantzatzen hasten baitziren, apaizen eta ipurtzurien eskandalurako. 'Infernuko hauspoa' ezizena ez zioten debalde jarri.

Bizitzaren beste plazer batzuk nahiago izango zituen, hala ere, Busca Pretto langile italiar haren biloba batek: Jose María Busca Isusi (Zumarraga, 1916-1986) kritikari gastronomiko inportantea izan zen XX. mendean. Euskal sukaldaritzaren funtsezko kontuak ezagutu nahi dituen edozeinentzat erreferente bat da oraindik ere. Eta beharbada aitonak ekarritako instrumentu musikala herri hauetan ze ondo integratu zen bazekielako, baita, segur aski, gero ikusiko ditugun beste arrazoi batzuengatik ere, kontua da Busca Isusik arreta berezia eskaini ziola kanpotik ekarri eta euskal herrietako kulturaren parte bilakatu zen beste gauza bati: artoari.

 

Perkaiztegi, «ongile handia»

«Elikadurari dagokionez, artoa sartzea funtsezko mugarria izan zen gure nekazaritzan. Esajeratu gabe hitz egin dezakegu artoaren aurreko nekazaritzaz eta hura sartu ondorengoaz», idatzi zuen 1958ko Alimentos y guisos en la cocina vasca (Elikagaiak eta jakiak euskal sukaldaritzan) liburuan. Eta hara, itxura guztien arabera Gonzalo Perkaiztegi hernaniarrak ekarri zuen Gipuzkoa aldera zereal hori. Horregatik, «ongile handi» gisa deskribatu zuen Busca Isusik, nahiz eta liburuan ezin izan zuen hari buruzko datu askorik eman.

Ez berak, ezta pixka bat paperak arakatuta ikusten denez, aurretik Perkaiztegiri buruz idatzi zutenek ere. Manuel Larramendik, adibidez, mundu guztiak ezagutzen zuen datutzat jotzen zuen hernaniarraren eskutik iritsi zela artoa inguru hauetara, 1754ko Corografía o descripción general de la muy noble y leal Provincia de Guipúzcoa liburuan pasaeran bezala aipatzen baitu haren izena. Nahiago du garai hartan artoa zertarako erabiltzen zen xehe-xehe deskribatzea: «Haren irinez egiten dira ogi handi eta txikiak eta talo finak, gustu onekoak direnak berotuta janez gero; baita ogi lodiagoak ere, eta ohitzen bada, jende askok arto-ogia nahiago du gariz egindakoa baino. Eta mendiko gizonek, ikazkinek, basomutilek eta besteek, ez dute gari-ogirik nahi, arto-ogia baizik, janari mardul eta sendoa baita, eta harekin eusten diote beren lanari, gari-ogiarekin ez bezala. Eta hala eramaten dute irina mendira, eta beren txaboletan oratzen dute, egiten dituzte beren arto-opilak, errautsen azpian edo parrilla borobiletan egosten dituztenak, eta horrekin eta baba egosiarekin, zeina era berean baita elikagai sendoa, eusten diete euri-jasa guztiei, izotzei, elurrei eta hurakanei».

 

Artoaren iraultza

Azken hitz horiekin duda sortzen da, ea Larramendi basoko lanetan asko ibilia izango ote zen, ematen baitu arto-ogiak kasik Panoramixen edabe magikoak adinako indarra ematen ziela egurgileei eta, bueno, ikustekoa izango zen benetan nolako bizimodu petrala izango zuten. Baina esajerazioa barkatu beharko zaio, sakonean zer esan nahi duen kontuan hartu: artoak aurretik ezagutu gabeko egoera sortu zuela paraje hauetan, alegia.

Lehenago euskal lurren elkorrari kantatzea ez baitzen arraroa –«Fué dado por cabdillo don Lope el Vizcaino, / Bien rico de manzanas, pobre de pan e de vino», irakurtzen da antzinako gaztelaniaren poema epiko ezagunenetako batean, Poema de Fernan González-en–. Hortaz, artoa sartzeak pertzepzio aldaketa handia eragingo zuen. Iraultza bat, Josu Narbarte historialariak 2024an Argia-ren Larrun aldizkarian kontatu zuenez, nekazaritza intentsiboagoa egiteko aukerarekin batera, baserrien arkitektura bera aldatu zuena, baita paisaia ere: malkarrak zelaitzeko terrazata-sistemak ezarri ziren, zingirak drainatu, kostaldean lezoiak eraiki... Dena artoaren alde. «Hain handia eta bizkorra izan zen bere eragina, ezen ehun urteren buruan baserritarren eta klase xeheen elikagai nagusi bilakatu baitzen», Narbarteren arabera.

Belaunaldiz belaunaldi, tripa askoren orroak baretu ziren Gonzalo Perkaiztegi hernaniarrak Ameriketatik ekarritako zerealari esker. Ez da behar bezala baloratu izan, ordea. Busca Isusik esana: «Esker txarrez ordaindu dugu Perkaiztegiren ekintza eta gaur egun, uste dut Hernanin daukan kale batez gain, inon ez dela haren izena gogoratzen. Eta pena da hernaniarraren izena ezezaguna izatea haren herrikideen gehiengo handiarentzat, bitartean gure kaleetan hainbeste plaka eta izen edukita garrantzi gutxiko pertsonaiei eskainita». Gauza askotan hobera egin baitugu historian zehar, baina gure heroiak aukeratzen hasten garenean, oraindik joera daukagu izateko, nola esan... artaburu samarrak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!