Agustin Kardaberaz eta euskararen kontrako oldarraldia

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua Mitxelena 2026ko ekainaren 6a

Oldarraldia ez da atzo goizekoa. Ezta frankismoan hasitako zerbait ere. Ezta lehenago, foruak deuseztatu zituztenean martxan jarritako prozesua ere. Oldarraldia aspaldi-aspalditik dator. Atzerago begiratu beharra dago, segur aski euskaldunok ez baitaukagu oso argi oraindik zenbateraino den sakona eta hedatua euskara mapatik ezabatu nahi duen joera, zenbat urte daramatzagun horrela; ze ondorio utzi dizkigun gorputzean oraindik bizi-bizi dagoen diskriminazio linguistikoak.

Beharbada Agustin Kardabe­raz hernaniarraren lerro batzuk irakurtzeak lagunduko digu pro­blemaren dimentsioaz jabetzen. Ezaguna den moduan, XVIII. mendeko euskal idazlerik inportanteenetako bat izan zen Kardaberaz: Iruñean eta Valladoliden (Espainia) filosofia eta lege ikasketak egin ondoren, Jesusen Lagundian sartu zen eta 26 urterekin apaiztu. Bilboko eta Oñatiko unibertsitateetan irakasle, berehala hartu zuen fama hizlari gisa. «Erriz erri predicatzen asi zanetik, jendetza talde andiac jarraitzen zioten eta elizetan cabitu eciñic, zelai edo plaza zabaletan bere itzaldiac eguin bear izaten zituan», Joxemiel Bidadorrek Kardaberazen biografia batetik jaso zituen hitzen arabera.

1736an Loiolan finkatu zen, baina garai hura izateko dezente mugitu zela esan liteke, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri askotatik deitzen baitzioten hitz egitera joan zedin. Orduko influencer bat, nolabait esateko. Eta bitartean, liburu ugari ere plazaratu zuen, gehienak erlijiozkoak noski; baina tartean, aurrerago ikusiko dugun moduan, baita euskara idatziaren historian inportantzia handia hartuko zuen obra bat ere.

Urrunago ere eramango zuen bizitzak ondoren, 1767an Espainiako Karlos III.a erregeak jesuitak Espainiatik kanporatzea erabaki zuelako. Italiako zenbait hiritan hara eta hona ibili ondoren, Boloniatik gertu dagoen Castel San Giovannin egin zituen azken urteak, deserriratuta –historiak baditu bere bromak, izan ere, orduko jende ikasiaren parte handi bat ostikoka bota zuen erregearen izena jarri zioten 1983an Madrilgo unibertsitate bati–.

Eusqueraren berri onac

Edozein kasutan, gaur egungo hernaniarrek Kardaberaz gogora ekartzeko eduki dezaketen arrazoi nagusietako bat hark idatzitako Eusqueraren berri onac liburua da –edo, orain idatziko genukeen moduan, Euskararen berri onak–: 1761ean publikatu zuen lan horretan «ondo escribitceco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco Erreglac» eman nahi izan zituen jesuita hernaniarrak, Manuel Larramendiren ildoari segika. Hark Ezina egina-rekin 1729an lehen euskal gramatika sortu bazuen, Kardaberazen liburua gure hizkuntzarentzat pentsatutako erretorika-eskuliburua da funtsean.

Kontua da XVIII. mendeko liburuak ez zirela gaur egungoak bezalakoak. Galbahe zabalagoa edukitzen zuten. Eta horri esker, zirrikituetatik pasatzen ziren derrigorrezko gaiaz gain beste zenbait istorio ere, garaiaren usain eta koloreak transmititzen dituztenak; urteak pasata irakurlearentzat interesgarriagoak direnak liburuaren natza bera baino.

Izan ere, Euskararen berri onak eskuetan hartzen baduzu, elizako kontuen eta pasadizo dibertigarrien artean, hor daude Kardaberazen aholku eta arauak prosa txukun eta funtzional baten jabe izatera iristeko. Batzuk gaurko ere balio dutela esango genuke –«alferrikako letra asko utzi ta, itzez esaten edo aoz pronunziatzen dana garbiro eskribituaz, obeto ta errazago azertatuko da»–; eta beste batzuk berriz, nahiko desfasatuta geratu dira –hatxe letra erabiltzearen kontrakoa zen, adibidez; horretan 1960ko hamarkadako euskaltzale kontserbadoreen aitzindaritzat har daiteke–.

«Euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala»

Baina oraingo irakurleari begi­ak plater pare baten tamainan jartzen dizkiona beste zerbait da: euskaldunen aurkako zapal­kuntza nola existitzen zen dagoeneko hezkuntzan –kurtsibak guk jarriak dira–: «Emen guraso ta maisuak falta andi bat erremediatu bear dute, ta gure euskerari orañdaño baño mesede geiago egiñ: jendeen artean beste lenguajerik euskera baño ditxa gabeagorik ezta ikusi, ta, gure jatorrizko edo jaiotzako izkera ez balitz bezala, ta euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala, giza artetik kendu ta lurpean ondatu nai dute, ta eskoletan sortija edo siñaleakin, azote ta kastiguakin, eragotzi nai dute».

Gogoratu: 1761ean argitaratu zen liburua. Franco jaio baino 131 urte lehenago. Cara al sol-ik existitzen ez zenean, ezta Falangerik, ezta Formación del Espíritu Nacional-ik, ezta Espainiako Legiorik ere, bere ahuntz eta guzti. «Al datekean disparaterik bidegabeena da», idatzi zuen Kardarberazek joera horren kontra; «euskera gazteai debekatu ta, madarikatua balego bezala, kastigatu ta eragoztea. Eskolan bertan erakatsi ordu onean, ta erdaraz jardun dezatela; baña gero libre, naiz euskeraz naiz gaztelaniaz: orrekin bietara egingo dira. Bestela Gaztelara gazteak badijuaz: an burla ta lotsa andien kostuan badere, erdaraz ikasten dute: ta nola euskera kendu zieten, ta jarduten ez duten, beren erri edo etxeetara biurtzean, alde guzietara barregarriak oi dira: ta egiaz esan oi da: gaztelania ez ikasi ta euskera bai aztu».

Apaiz hernaniarra lerro horietan esaten ari zena XX. mendean esplikatuko zuen modu sistematikoagoan Pierre Bourdieu soziologoak Langage et pouvoir symbolique (Hizkera eta botere sinbolikoa) liburuan: hizkuntza gorputzetan ere bizi dela alegia, hitz egiteko moduak estu-estu lotuta baitaude gizartean onargarritzat jotzen denarekin. Hizkuntza habitus bat baita, pertsonei «kokapen zentzu» bat ematen diena eremu sozialean; eta horren arabera, batzuek lasai hitz egin ahalko dute, besteek isiltzera joko duten bitartean.

Horretarako erdara dagoela, ezta okurritu ere egoera honetan edo hartan euskaraz egitea; zigorra, lotsa, umiliazioa, galera. Hori dena ere transmititu izan da euskararekin batera –euskara transmititzea lortu baldin bada, ez baita beti hala izan–. Kardaberaz irakurrita, perspektiba pixka bat hartu dezakegu: orain oldarraldi izendatzen dugun desagerpen programatuak badu hiru mendeko historia gutxienez. Eta hala ere jarraitzen dugu hizkuntza honetan eskribitzen, irakurtzen eta hitz egiten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!