Urtebete eskas duen mugimendua da Urumeako Mendiak Bizirik, inguruko herritar zenbaiten kezkatik osatutako taldea. Taldea bai berri xamarra, ez ordea bailarako mendietan instalazio makroeolikoak egiteko asmoa. 2002ko EAEko Lurralde Plan Sektorialean (LPS) aurreikusita zegoen Mandoegi inguruan parke eoliko bat jartzeko aukera, lehentasunezko kokapen gisa, gainera. Gerora, LPS-tik kendu zuten, desagertzeko baino, Espainiar Estatuko galoiak har zitzan. Egun, elkar oztopatzen duten bi proiektu daude aurreikusita Urumeako mendietan: bata, 2002ko LPS hartan leku zuen hura da, Erreka izena jarri diotena. FE Energy eta Repsol ditu sustatzaile nagusi, 6-7 MW-ko eta 200 metroko altuerako 15 airesorgailuko proiektua aurkeztu dute, denera 100 MW-ko potentzia izango lukeena. Lurrei dagokienez, Aranoko, Goizuetako, Hernaniko, Berastegiko eta Elduaingo lurrak hartuko ditu. Proiektuaren potentzia handia eta kokapen eremua dela eta (Nafarroa eta Gipuzkoa hartzen ditu), Madrilen tramitatu beharrekoa da. Bigarrena, berriz, Ikatz-gane izendatutakoa da, orkesta zuzendaritzan Enigma eta Endesa dituen proiektua. Hernaniko lurretan kokatu nahi dira 7 MW inguruko eta 200 m-ko 5 airesorgailu, denera 33 MW-ko potentzia eskainiko dutenak.
Bi mehatxu horien aurrean ernetu zen Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimena eta urtebete honetan lan egin du proiektu horien berri izateko (ez pentsa informazioa erraz-erraz eskaintzen denik, ezta publikoa den informazioa eskura eta modu ulerterrazean eskaintzen denik ere, baita zera ere!), helegiteak prestatzeko, herri ekimena eta proiektuen nondik norakoak inguruko herrietan aurkezteko eta halako makroproiektu txikitzaileen gaineko gogoeta zabaltzeko. Horretarako, hamaika ekintza antolatu dira (aurkezpenak, hitzaldiak, postuak, eztabaidak, ibilaldiak, informazio-guneak…) eta, ahalegin horren aitortza bezala, eskertzaz eta gogo onez hartzeko modukoa da Aranon etxafuegoa eskaini izana.
Energiaren gaia gai arantzatsu bilakatu zaigu oinarrizko premia bezainbat delako negozio amu. Ezinegon erreal eta, hein batean, ulergarriak dira 'nonbait jarri beharko dira', 'ez da hobea kanpotik ekartzea', 'erraldoi energetikoen ahalmena baliatzea beste aukerarik ez dago energia eredua aldatzeko' eta gisakoak eta, hala ere, makroberriztagarrien zabalpen masibo honek ez dio bakar bati erantzuten.
Non egin nahi dituzten ere ba al dakigu? Urumea ez da Urdaibai (han ere ederki dabiltza, baina), Urumea Urumea da. Baditu zenbait babes izendapen, esaterako, ibaia Kontserbazio Bereziko Eremua da Europa mailan, Adarra-Mandoegi estazio megalitikoa EAEko multzo garrantzitsuenetakoa da eta, korridore ekologiko izendapenik ez badu ere, Leitzarangoaren eta Aiako Harria Parke Naturalaren artean dago, alegia, lotura-funtzio ezinbestekoa du. Iñaki Sanz Azkue Aranzadiko ikerlariak ederki aletu zuen Urumea bailararen garrantzia ekologikoa Kronikan, Urumeako parke eolikoen itzalean artikuluan [https://kronika.eus/urumea/1746187385996-urumeako-parke-eolikoen-itzalean].
Parketik gutxi du, ordea, garapenkeriaren jolas-parke honek. Diskurtsoaren eta hizkuntzaren erabilera aztertzeko modukoa da zentzu horretan, batetik, lekuak mapako kokagune baino ez balira bezala aurkezten direlako eta, bestetik, aspektu tekniko eta juridiko aseptikoek aldagai kulturalak gutxiesten dituztelako. Uztailaren 24an udaletxeko balkoitik bertsorik botako duen ez da jakina baina 2024ko abenduko Maixira aldizkariaren alean Xabier Legarreta Aranok 'Oraingo haizeak' [https://www.iparmank.eus/files/posts/2024/039a71871c0152167c475d718bf2bb27miaxiria-08-web2pdf.pdf] izeneko sorta jarri zuen eta bertatik ekarria da ale hau: Hauei berdintsu die/ trikua nahiz hartza/ bertako ondarea/ ta herriko martxa/ guretzat ondorio/ larriak dakartza/ akabo Burnin buru/ eta Garagartza/ Arano ez da nonbait/ Kontxako hondartza.
Legarretak 'ondoko herrien' iritzia eskatzen du eta, neronek, susmoa dut Aranon izango duen inpaktu kaltegarria ez dugula imajinatu ere egiten. Aranon bezala, Urnietan, Hernanin, Ereñotzun, Goizuetan, Oiartzunen… zeren, zentral eolikoek kokapen bat izango dute baina euretara heltzeko pistak zabalduko dira (aukera bat omen da 24 km-ko pista Besabitik barrena eta, bestea, Pagoagatik gora) beren lur mugimendu eta karretera-zabaltze eta guzti, energiaren irteera-lineak Arkalerainoko (Oiartzun) bidea egin beharko du tentsio altuan (21 km luze eta 68 dorre) eta, horri guztiari sorgor izanik ere, ez du energiarekin dugun harremana aldatuko, ez eta landa-eremuarekin duguna ere. Euskal Herrian ditugun gune natural apurrak sakrifikatu nahi dira, multinazionalei lurrak eskaini nahi zaizkie ogi-apurren truke eta, gainera, horrek ez du ekarriko lurraldearen subiranotasunik, eredu horrek Kolonialismo estraktibista finkatu eta areagotzea baitakar. Beharrezko diren lehengai eta materialak ez dira edonon aurkitzen, oso material arraroak eta urriak dira, lehenago edo beranduago bukatuko direnak eta material horiek erauzteko beste herrialde batzuetan txikizio oso handiak eragiten dira.