San Joanak

Sokamuturra, korapilo bat plazaren erdian

Erabiltzailearen aurpegia Eli Pagola Apezetxea 2023ko eka. 23a, 00:00

Sokamuturra ekainaren 25ean eta 26an mantendu dute, goizeko 07:30etan.

Hernaniko festetako ikur nagusi ezin esan zezenketak direnik, ez behintzat Euskal Herriko eta Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala. Hala ere, azken hamarkadan zeresan ugari eman duten ekintzak izan dira eta, urtez urte, begirada guztiak bereganatu dituen eztabaida izan da sokamuturrarena.

Hernani entre dos guerras 1872-1936 liburuan Luis Blas Zulueta egileak azaltzen duenez, Hernanin presentzia izan dute zezenketek, eta hala erakusten dute 1732 eta 1899 arteko zezenketei buruzko udal artxiboko dokumentuek. Sokamuturraren bi aldaera bereizten ditu, bata aldaera finkoa, ziri bati lotutakoa, eta, bestea, mugikorra, soka izan bai, baina unaiek eramana. Modalitatea bezala, zezenketak egiteko eremuak ere aldatu dira, esaterako, 1911ko Karmen jaietan Ezkiaga pasealekuan egin ziren, 1930 inguruan, desmuntatu zitekeen egurrezko plaza bat egokitu zuten Txantxillan zezen txikietarako. 1980 inguruan ze­ze­nek Biterin eta Atsegindegin ere izan zuten lekua, baita Uru­mea Ikastola atzean ere eta, azkenerako, Latsunbe Berriko futbol zelaira eraman zuten jokoa. Sokamuturrari dagokionez, 2011tik aurrera 16 urtetik gorakoentzat mugatutako ekimena izan da, hala agintzen baitu Zezen Ikuskizun Tradizionalak arautzen dituen azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak. Era berean, sokamuturra izan da lekuz gutxien mugitu dena, eremuaren muga moldatu arren, Gudarien plaza izan baitu gustuko txoko. Lekuz eta formaz askorik aldatu ez den ekitaldiak, ordea, hautsak harrotu izan ditu animalien erabileran oinarritzen den jai-eredua dela eta.

«Festak ospatu, animaliak askatu»

2010ean antolatu zen Askekintza talde gisa helburu jakin batekin: euskal kulturan aldaketa sortzea jendartean oso errotuta dagoen espezismoa mahai gainean jarriz eta bidegabekeria hori borrokatuz. Aktibazio sozial horren baitan, 2014an, Askekintzak sokamuturraren gaineko eztabaida bete-betean piztu zuen urte horretan bertan aurkeztutako kanpainarekin: “Festak ospatu, animaliak askatu”. Animaliarik gabeko festen aldeko protestak egiten hasi ziren Gipuzkoako hainbat herritan, besteak beste, Igeldon, Oiartzunen, Errenterian, Pasaian, Ordizin eta, jakina, Hernanin.

Protestekin jendea kontzientziatu eta animalien eskubideen arazoa mahai gainean jarri nahi zuen Askekintzak eta, festetan animaliak erabiltzeari uzteko aurrerapausoak emateko, udalekin bildu eta herri bakoitzeko jai batzordean sartzeko saiakera egin zuen. Herriz herri  auziak bilakaera desberdina izan bazuen ere, herriz-herri hauspotu ziren erreakzioak eta erreakzionarioak.

 

Etxeko animaliak babesteko legea onartu zela eta, aurten ez dira pottokak eta zezen txikiak izango.
 
 
 

Soka gero eta tenkatuago, bola gero eta handiago

Newtonen 3. legearen arabera, elkarrekintzaren printzipioaren arabera, A gorputz batek indar bat eragiten badu B gorputz baten gainean, B gorputzak intentsitate bereko indar bat eragiten du A gorputzean, norabide berekoa baina kontrako noranzkoa duena. Soka-mutur honekin antzerakoa gertatu zen. Askekintzaren protestak urteroko ekintza bilakatu ziren eta festetan animaliak erabiltzea eta beren eskubideak urratzea sozialki onartutako krudelkeria bidegabea zela salatzen jarraitzeaz gain, herritarren atxikimenduaren bila zirahuen ohiturak aldatzea exijitzeko. Horrela, 2017an bere burua ezagutzera eman zuen Sokamuturra Bai taldeak. Taldearen helburua da Hernanin sokamuturrak presentziarik ez galtzea eta auzitan jarritako ekimenaren balioa defendatzea, urte luzetako ohitura izaki. Taldeak idatzi bidez agertu izan du eurena defendatzeak ez zekarrela besteena ukatzea, alegia, egitarau anitz baten aldekoak direla, eurekin bat ez datozen proposamen eta ekitaldi alternatiboak onartzen dituztela eta gainontzeko ekitaldiak sokamuturraren ordu berean egitea aberasgarria izan daitekeela, bata edo bestea kendu gabe, herritarrentzat positibo izan daitekeelakoan. Batzuen eta besteen eskariak ez dira bateragarriak, ordea.

2017an gatazkak beste mugarri bat izan zuen, trantsizioaren abiapuntu gisa, San Joanetan sokamuturra hiru egunetan egitetik bitan egitera pasa zuen Udalak. Are gehiago, 27ko sokamuturraren ordez «inor esplotatzen ez duen» aulki-jokoa eta bola erraldoiaren entzierroa antolatu zen jai eta txozna batzordearen babesarekin. Lehenago aipatu den bezala, Oreretan ere ari zen Askekintza animalien erabilerarik gabeko festen aldarria egiten eta, herri horretan, 2015ean egin zuten lehen aldiz bola erraldoiaren entzierroa, antolatzaileen arabera, gainera, arrakasta handiz. 2017ko Hernanikoa, baina, ez zen harmonia berean egin. Ekainaren 27ko goizeko 07:30etan bi metroko diametroko bola bat Kale Nagusian behera botatzekoak ziren, parte hartzaileek, aurrerantz ihes eginez edo portaletara baztertuz, sahiesteko ahalegina egin zezaten. Jolasa hasterako aurkitu zuen bolak lehen oztopoa. Herritar talde batek bolak beherako bidea abia zezan ekiditeari ekin zion. Axeri dantzako doinua «lorolo»-reatuz, batzuek erresistentzia egiten zioten bolari eta, besteek, kontrako norantzan bultza. Entzierro alternatiboa egitearen alde, era berean, beste herritar mordoxka agertu ziren, izan erresistentzian zebiltzanekin eztabaidatuz, izan bolari kalean behera bultza eginez. Tentsio uneak izan ziren horiek, oihu eta irain artean emanak eta, jakina, goizaldeko parranda-ondoren giroak ez zuen baretzen lagundu. Erresistentziak erresistentzia, azkenerako, bola erraldoia heldu zen Zinko Eneara. Entzierroa izan zen zerbaiten adierazle, egoera zertan zen agertzeko balio izan zuen,  izan ere, behin horretara ezkero ikusmira boikotak bereganatu bazuen ere, ekimen alternatiboa egin egin zen. Ondorengo urteetan, Askekintzak egitarau propioa aurkeztu du sokamuturraren ordu berean, baina, 2017ko ekainaren 27ko hura izan zen Hernanin, sokamuturra ordezkatuz, bola erraldoiaren entzierroa egin den lehen eta azken aldia.

 

Askekintza eta Sokamuturra Bai aurrez aurre

Bistakoa zen ez Sokamuturra Bai, ez Askekintza ez zeudela amore emateko eta Hernaniko Jai Batzordeak esku hartze aktiboagoarekin arindu nahi izan zuen soka luzea zekarren gatazka. Zenbait bileraren ondoren, 2019ko maiatzaren 9an Jai Batzordeak bi ko­lek­tiboen arteko «animalien erabilera jaietan» izeneko eztabaida saioa propo­sa­tu eta antolatu zuen bi pos­tura kontrajarri horien arteko egoera zailari irtenbide baketsua ema­teko asmoz.

Biteri kultur etxea lepo bete zen bi taldeen arteko eztabaidarako, giroa bero mantendu zuten batzuen eta besteen arrazoiketen ondorengo babes erakustaldiek eta, entzuleek hitza hartzeko aukera izan zutenean ere, ez ziren epelkeriatan ibili. Sokamuturraren zein animalien askapenaren aldekoek argi utzi zuten beste aldearen argu­men­tuek ez dituztela asebeteko, eta bakoitzak bereari eutsiko diola. Egoera halakoa izanik, bi aldeek onartu zuten behar bezalako irtenbide bat aurkitzea nekeza izango dela. Moderatzaileak galdera berberak egin zizkien alde banatako ordezkariei eta horrela azaleratu ziren gatazka-puntu nagusiak.

Bi aldeek positibotzat baloratu zuten eztabaida antolatu izana eta onuragarritzat jo zuten aldeen argumentuak ezagutu, herrita­rrei jakinarazi eta azken hauen iritzia entzutea. Aipatu bezala, ordea, ezer gutxitan etorri ziren bat bi aldeak, kasu batean salbu: festa ekitaldi horien jarraipena ezin da bozkaketa bidez erabaki. Askekintzaren arabera, beste norbaiten askatasuna edo eskubideak urratzen diren kasuetan, ezin da praktika horien inguruko galdeketarik egin eta, Sokamuturra Bairen ustez, aldiz, ez da zilegi gustuen arabera festetako ekitaldiak debekatzea.

 

Biren lekuan hiru nahi

Ohiko festarik gabeko 2020 eta 2021 urteen ondoren, 2022an Jai batzordeak ohiko bilerak egin zituen eta sokamuturraren gaia berriro aztertu zen. Askekintzako partaiderik ez zen azaldu; nonbait, bere jarduera herrian nahiko utzita zegoen. Horien ausentzia eta lantaldearen jarraipenik eza ikusirik, Sokamuturra Baik proposatu zuen hirugarren egunean berriro sokamuturra egitea. Udal gobernuak, hala ere, gaia Jai Batzordean lantzen ari zirenez, kontsentsuzko azken erabakiari helduko ziola eta beste planteamendurik ez zuela onartuko adierazi zuen. 2023an, Jai Batzordeko taldeen iritziak bateratuak ez badira ere, eztabaidarekin jarraitzea eta animalien erabileraren gaineko prozesua berraktibatzea erabaki da.

 

Pottokak eta zezen txikiak debekatuta

Animalien erabileraren fokua sokamuturrean zela heldu da pottoka eta zezen txikien legez kanporatzea. Etxeko animaliak babesteko 9/2022 legea abuztuan onartu zenetik urtea osatu ez dela, hasi dira legearen interpretazioak gauzatzen eta, tartean, animaliekin egindako ikuskizunetan eragin du. Etxeko animalien ongizatearen inguruko legeak dio animaliak tartean diren arautu gabeko ekitaldiak ezin direla egin, horregatik, debekatuta dago animaliekin 16 urtetik beherakoentzako ekintzak antolatzea. 2023ko lehen hiruhilabetera arte izan dira gisa horretako ikuskizunak Gipuzkoan, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimena eman zuen, baina, gaur-gaurkoz, baimenak eten eta ekitaldiak legez kanpokoak dira. Horien ordez, Hernanin, haur eta gaztetxoentzako ikuskizunak izango dira.

Sokamuturra debeku horretatik salbu da, legeak ez baitie eragiten animaliekin egiten diren 16 urtetik gorakoentzako ekitaldiei, horiek araututa daudelako. Legearen aplikazioak ez du oso harrera ona izan sektore batzuetan eta hainbat elkarteren eta ganaduzaleren nahia da egun arautu gabe dauden ikuskizunak arautzea, ikuskizunak antolatzeko modua izan dezaten.

Hamarkada pasatxoan bilakaera handia izan du Hernanik festetan animalien erabileraren gaian eta, bistakoa da, korapiloa lasatzeko pauso ugari dagoela emateko. Ondorioz, erresistentziak erresistentzia, erdibiderik ez duen auzian ikusteko dago egungo eta etorkizuneko festak zer baloretan oinarrituak izango diren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!