Festak eta jai giroa gazte jendearekin lotu ohi da. Hala ere, Plaza Berrin 12:30etatik aurrera uste hori horrela ez dela aldarrikatuko dute. Kuadrillen Eguna da gaur, egun handia da Hernanin eta 80 urtetik gorakoen brindisa egingo dute Auzozaintza Elkarteak antolatuta. Aurreko urteetan gertatu moduan, aurten ere jendea biltzea espero dute.
Florida auzoan dagoen Iturola eraikinean elkartzen dira ekintza ezberdinak egiteko, eta mahai inguruan giro alaiean bildu dira gaurko ekitaldiaren inguruan solasean aritzeko. Bertan izan dira Paula Aguado Salas, Ana Rivas Lopez, Pili Olaizola Garaño, Aurori Perez Perez, Maite Salazar Luloaga, Paki Ostolaza Egaña, Mari Carmen Villaria Moreda, Consuelo Cristobal Anso, eta Irene Leones Mediavilla. Joan den urteko jaietan antolatu zuten lehen aldiz ekitaldia: «Auzozaintzako hainbat taldetatik sortutako ekimenen bidez animatu ginen hau antolatzera».
2025ean egindako hura nolakoa izan zen oroitu dute: «Ekitaldi ederra izan zen. Ongi pasatu genuen, eta errepikatzen bada horrela izan zelako da». Aurten gainera, erdigunean jarri da festa: «Joan den urtean ez bezala aurtengo egitarauan agertzen da». Pozez oroitzen dute eguna, eta batek egitarauaren parte izatea «zarata apur bat» atera zutenaren seinale dela azpimarratu du. Orduko hartan 50 pertsona inguru elkartu ziren jaiaren bueltan. Guztiak baina ez ziren zuzenean joan: «Bertatik igaro ziren batzuk geratu egin ziren».
Gudarien Plazan ere beste brindis bat egiten da. Hala ere, Plaza Berrin egitearen hautua zergatik egin zuten azaldu dute antolatzaileek: «Gudarien Plazako lurraren ezaugarriak ez dira egokiak ibiltzeko, euskarriak eramateko taka taka eta horrelakoak. Jende asko baitago ibiltzeko zailtasunak dituena. Bertan egiten dugu eroso eta segurtasunez festa gozatzeko». Oro har Auzozaintzako kideek dinamizatzen dute ekitaldia, baina parte-hartzaileek ere hartzen dute horretarako ardura: «Aurreko ekitaldian, taldeka irten ziren oholtzara, eta bakoitzak brindisa zeren alde egingo zuten erabaki zuen». Guztira hamar bat kuadrila izan ziren joan den urteko ekitaldian: «Herriko auzo bakoitzetik kuadrila bat zegoen, eta haien artean erabaki zuten bakoitzak zeren alde egingo zuen brindisa».
Taldearen garrantzia
Horrelako ekitaldietarako deialdiak taldeei luzatzea funtsezkoa da: «Agian bakarrik asko ez dira animatzen, baina taldean bada erakartzeko errazagoa izaten da». Gainera, elkarrekin aritzeak «ikusgarritasuna» ematen diela aipatu dute antolatzaileek, eta horrek jendea ere erakarri eta animatzen duela gaineratu dute. Brindis bat da, eta jateko zein edatekoa egon ohi da: «Ura eta zukuak izaten dira. Joan den urtean esaterako, pasta batzuk eta gazta ere atera zizkiguten. Sagardoa eta ardo zuriak ere ez zuten huts egin». Horrez gain, talde moduan nabarmentzeko guztiak berdin jantzita joan ziren: «Zuriz jantzita joan ginen. Horrela izatea pentsatu genuen, aurkitzeko ere kolore errazena zelako. Koadrozko zapi bat ere eraman genuen». Horri lotuta, aurten hurbilduko den jendeari zuriz eta zapiarekin joateko deialdia egin diete. Horrelako ekitaldi bat antolatzeak esanahi berezia ere badu, eta hori azpimarratu dute antolatzaileek: «Helburua ongi pasatzea da. Horrez gain, erakutsi nahi dugu Hernaniren eta jaiaren parte garela».
Aurten hala ere, ez dira soilik Plaza Berrin egongo: «Udaletxeak aulkiak eta erraztasunak eman dituenez, Plaza Berrin geratu eta Gudarien Plazara igoko gara gainontzekoekin batera ospatzeko». Brindisaz gain, beste hainbat ekintzetarako ere geratzen dira, eta norbaitek zerbaiterako zailtasuna badu elkarlanean laguntzen diote: «Hemen daukagun onena guztion artean elkarri laguntza ematen diogula da».
Joan den urtean edukitako arrakasta ikusita, aurten zer espero den kontatu dute: «Behintzat joan den urtean adina jende elkartzea espero dugu». Helduentzat ere egun ederra da orokorrean Kuadrilen Eguna, eta eurentzat pertsonalki horrelako ekitaldi batean parte hartzeak zer suposatzen duen kontatu dute: «Batez ere, geratuko zaigun oroitzapen bat izango da».
«Horri lotuta, aurten hurbilduko den jendeari zuriz eta koadrozko zapi urdinarekin joateko deialdia egin diete»
«Goizean 08:00etan Azeri Dantza ikustera joan, eta ez nintzen 00:00ak arte itzultzen. Etxera bazkaltzera baino ez nintzen agertzen»
Festak egun bereziak
Kuadrilen Egunaz gain, herriko jaietan beste hainbat ekintza ere izaten dira. Kontzertuek, txarangek, Azeri Dantzak… hainbat herritar biltzen dituzte. Horietan ere helduek parte hartzen dute, eta era batean edo bestean bada ere bizitzen dituzte. Parte hartzaileetako batek egun horietan bere plana zein den kontatu du: «Lehen hiru egunetan etxetik kanpo bazkaltzeko ohitura nuen». Beste batek, urtean behin izateak «berezi» egiten duela azpimarratu du, baina era berean guztientzat «ez dela» berdina ere esan dute.
Haietako asko ez dira Hernanin jaio. Beste kide batek jaiak nola sentitzen dituen azaldu du: «Nire sentitzen ditut. Batzuk denbora gehiago daramagu herrian, baina horrek ez du esan nahi hemengoagoak garenik. Finean, guztiak berdinak gara alde horretatik». Errealitatea da adinean aurrera joan ahala oro har festak bizitzeko era aldatu egiten dela. Garaiak aldatu diren honetan baina, orduko eta oraingo adin berdineko jendeak plan ezberdinak izaten ditu. Parte hartzaileetako batek orduan izaten zituzten otorduak oroitu ditu: «Nire ama jaien garaian sukaldean oroitzen dut. Ez zekien sekula zenbat jende joango zen bazkaltzera, baina hogei lagunetik gora bertaratuko zirela ziurra zen. Guztientzat atea irekita egon ohi zen».
Gaur egungo jaien ordutegiak eta garai batekoak ez dute zerikusirik. Kideetako batek bere jaietako egun bat nolakoa izaten zen kontatu du: «Goizean 8:00etan Azeri Dantza ikustera joaten nintzen, eta ez nintzen 00:00ak arte itzultzen. Soilik etxera bazkaltzera joaten nintzen». Egungo festetan txoznetan zein tabernetan egotea izaten da ohitura. Eurak beste ekitaldi batzuetan egoten zirela aipatu dute: «Tabernetan ez ginen sartzen, baina txarangaren atzetik gustura ibiltzen ginen».
Gipuzkoan zehar egondako ohiturek eragina izan dute inguruko herrietan. Gaur egun bai, baina garai batean ere txarangek oihartzuna edukitzen zuten herritarren artean. Hori guztia nola antolatzen zen azaldu du parte hartzaileetako batek: «Hiru egunetan txaranga izaten zen. Urtero orden ezberdinetan jo eta txandakatu egiten ziren». Txaranga ere aipatu du eta egunaren arabera giro «gehiago edo gutxiago» egon ohi zela. Gaur egun ere jaiak asteburuan edo hortik hurbil egokitzen badira, jende gehiago bilduko dela pentsatzen da. Orduan ere horrela zen, eta jendea inguruko herrietatik etorri ohi zen Hernanira: «Pasaiatik, Errenteriatik, Donostiatik… etortzen zen jendea. Horregatik, egunen batean asteburua egokitzen bazen jende gehiago hurbiltzen zen».
Festez gain, dantzaldiek eta erromeriek oiharzun handia eduki dute historian zehar. Hernanik horretan eragina eduki du, eta kideetako batek hori nola izaten zen kontatu du: «Hernanin udako dantzaldia izaten zen eta Errenterian negukoa». Urte osoan zehar leku orotan egon ohi zen, baina leku bakoitzean modu «ezberdinean» dantzatzen zutela aipatu dute. Hernanin non aritzen ziren ere zehaztu du partaide batek: «Hernanin udan Tiloen plazan egin ohi zen dantzaldia. Neguan aldiz, arkuan ospatzen zen, eta bertan banda egoten zen. Guk ere ondoan dantzatzen genuen, baina euria egiten bazuen beste aldean aritzen ginen».
Batzuek gainera, txikitatik bizi izan dute horrelako giroa. Horrela kontatu du batek bere haurtzaroa: «Haurra nintzela amaren besoetan jada dantzan aritzen nintzen. Aitak bandan jotzen zuen, eta haren ondoan egon ohi ginen».
Gaur egungo plana oso bestelakoa da, eta eurek nola ikusten duten esan dute: «Gu txarangan lehen lerroan joaten ginen. Gaur egun, inor ez doa txarangaren atzetik eta gauean irten eta goizean lo egiten dute». Gaurko brindisaren ostean, egunak jarraituko du. Batzuk bazkaria izango dute, eta beste batzuk etxera joango dira. Parte hartzaileetako batek orain urte batzuk bazkaltzeko ohiturak aldatu zituela kontatu du: «Lehen Kuadrilen Egunean beti lagunekin joan ohi nintzen bazkaltzera. Gaur egun, familiarekin joaten naiz».
Auzozaintzara batzeko deia
Brindisaz gain, Auzozaintza elkarteak beste hainbat ekitaldi ere antolatzen ditu urtean zehar. Funtsean, elkartea Hernanin zaintza komunitarioa sustatzeko programa publiko bat da. Xede nagusia, 65 urtetik gorakoen bizi kalitatea hobetzea, eta bakardadadean edo bakardade arriskuan dauden pertsonekin lan egitea. Programa pixkanaka hedatzen ari da, eta une honetan honako auzo hauetan aurkitzen dira: Etxeberri, Antziola, Sagastialde, Florida, Elizatxo, Zikuñaga, Karabel eta Kaxkoa. Gaur egun auzo
Giro eta aldarte ederrean aritzen dira, eta zalantza duenak, baina era berean bertaratu nahi duenak, joatera animatzen dituzte. Kideetako batek jende berria erakartzea nolakoa den aipatu du: «Saiatzen gara, baina ez da erraza». Hala ere, bertaratu nahi duten horientzat mezu bat dute: «Une atseginak igarotzen ditugu hemen. Hainbat konturen inguruan jarduten dugu hizketan. Horrez gain, jendea ezagutzeko espazio ederra d»a. Jende berria ezagutu soilik ez, harekin harremana sortzeaz ere aritu dira: «Badakit jende bat non lehen bizilagun batekin aurkitu eta agurtu soilik egiten zena. Gaur egun, askok harreman estuagoa dute elkarrekin horrelako ekintzen eraginez».
Horren harira, antolatzaileetako batek proposamen bat egin du brindisaren harira: «Aurten lagunarteko harreman berrien alde egin dezakegu topa».
Elkarteko partaideek dei egiten diete auzotarrei programan parte hartzera animatzeko. Horretarako informazio gehiago edukitzeko deitu 688 81 69 43 telefonora edo bidali mezu bat auzozaintza@hernani.eus helbide elektronikora. Azkenik, guztien artean hausnarketa bat egin dute sortutako taldearen harira: «Taldea garelako nabarmentzen gara».
