Gauza jakina da euskaldunontzat txirrindularitza erreferentziazko kirola dela. Goi mailako txirrindulari ugari egon dira itzuli handietan, eta baita zenbait txapeldun ere. Horietako bat izan zen Txomin Perurena (Oiartzun 1943-Donostia 2023); izan ere, garaipen ugari lortutako txirrindularia izan zen. Miguel Usabiagak (Hernani, 1961) Peru deituriko liburua idatzi du, eta bertan Perurenaren biografia aurkitu daiteke.
Zergatik Txomin Perurena?
Txirrindularitza maite dugunontzat erreferente izan zen. Hurbilekoa zen gainera, Astigarragako Bentan jaio baitzen. Edozein ingurutan eta moduan, lasterketa asko irabazten zituen gainera, eta idolo bat zen horregatik ere. Idatzita ez dagoenari buruz idazten dut, eta Perurenaren inguruko biografia bat ez zegoela ikusteak bultzatu ninduen horretara. Ez zitzaidan justua iruditzen, eta ez nuen ulertzen hari buruzko biografiarik idatzi ez izana. Pandemia garaian ekin nion proiektu honi, eta niretzat kirolarekin eta horretan kuttunen dudan txirrindularitzarekin lotuta jarraitzeko modua izan zen.
Liburuaren erreferentzia museo bat da, eta bertan pertsona batek gizon heldu batek gazte bati kontatzen dizkion istorioak entzuten ditu. Nola bururatu zitzaizun hori?
Ez nuen biografia lineal bat egin nahi. Txominez haratago zeuden gauzetan ere jarri nahi nuen fokua, historian edo garaian adibidez. Biografia lineal batek ez dizu behar beste askatasun ematen horretarako. Gaur egun, ez fikziozkoak diren hainbat liburutan ohikoak dira horrelakoak. Txominen inguruko biografia bat idatzita ez egotea justua iruditzen ez zitzaidan bezala, Euskal Herrian txirrindularitzak historikoki eduki duen garrantzia ikusita museo bat merezi duela uste dut, eta hori ere abiapuntu garrantzitsua izan zen liburua horretan oinarritzeko. Gainera, Astigarragako Bentan dagoen Perurenaren jaiotetxean kokatzen da museoa, eta bertara egin nuen bisita batean txirrindularitza maite dugunontzat erreferentzia izan den Kitarraren Aldapa txikituta dagoela ikusi nuen. Leku ideala da hura museoa kokatzeko. Pertsona batek adi entzuten du gizon heldu eta ume bat ondoan edukitzen ari diren elkarrizketa, eta hauek Txominen garaipenak eta lorpenak kontatzeaz gain, garaiaz ere hitz egiten dute. Horrek ere bide ematen du gai horietan fokua jarri ahal izateko. Elkarrizketa horrek ere badu alde pedagogikoa; izan ere, gai horietaz ari diren bitartean gizon helduak umeari txirrindularitzaren balioak erakusten dizkio, eta umeak ere ikasi egiten du horren inguruan.
Zein dira Txomin Perurenaren inguruan dituzun lehen oroitzapenak?
Lasterketa asko irabazten zituen kirolaria zen. Umea nintzela, mendira joan ohi nintzen familiarekin, eta hamaiketakoa jateko haren familiaren bentan geratu ohi ginen, orduko hartan taberna modura ere funtzionatzen baitzuen. Taberna gainera, garaikurrez beteta zegoen, eta argazki mitikoak ere aurkitu zitezkeen bertan. Beraz, esan daiteke txirrindulari moduan ikusi baino lehenago hark lortu zuena ikusi nuela. Gogoan dut Donostiako Belodromoan galdu zuen lasterketa bat, ikustera joan bainintzen. Espainiako Itzuliko lasterketa zen, eta irabazi egingo zuela uste zen. Gainera, abantaila zuen erlojupekoaren amaieran Tamamesekiko, baina ez zuen irabazterik izan. Kirolari gogorra zen baita ere, ez zuen ia inoiz amore ematen.
Kirolari mitikoak ere agertzen dira liburuan. Nola erlazionatu nahi izan dituzu Perurenarekin?
Perurenarekin lotura zuzena edukitzea nahi nuen, eta esaterako ez da haren ondoren agertutako txirrindularirik ageri liburuan. Hori izan zen ezarri nuen arauetako bat, bestela aldrebesa geratzeko arriskua baitu. Hor erlazio ezberdinak daude; batzuk Txominen kide izandakoak dira, Ocaña esaterako. Hau taldeko liderra zen, eta argazki mitikoren bat edo beste badu Txominek harekin. Ocaña baina ezin da aipatu Mercsez ahaztu gabe; izan ere, erabat estali zuen. Hala ere, Ocañak bazuen meritua, 1971ko Frantziako Tourrean estutu egin baitzuen, eta irabazi egingo zukeen Pirineoetan egun euritsu batean jokatutako etapan erori izan ez balitz. Lotura estua du Ocañak Perurenarekin: Batetik, Fagorren taldekideak izan zirelako, baina baita ere etapa horren ostean dagoen argazki mitikoan hura helmugaratzen agertzen delako.
Zer eman dio Txomin Perurenak euskal txirrindularitzari?
Belaunaldi oso bati poz handiak eman zizkion. Txomin Perurena txirrindulari noblea zen, eta nortasun handikoa bazen ere, kirolaren alor hori ere ordezkatzen zuen. Pertsona zintzoa zen bizikleta gainean, inoiz ez baitzuen keinu txarrik izan inorekin. Bazuen jendearekin konektatzeko modu berezi bat, eta lehian zintzoa izate horrek ekarri ziola esan daiteke.