Euskal rockaz ari garenean ezinbestean etortzen zaigu Errobi izena burura. Anje Duhaldek (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) eta Mixel Ducauk (Baiona, 1951) 1974. urtean sortu zuten taldea. Biak ala biak lapurtarrak izanik eta Errobi ibaiaren hegian jaiota, berehala adostu zuten izena. Taldeko bi kide eta sustrai hitza iruntzea otu zitzaien izena jartzerako garaian: «Nire sustraiak rock musikan zeuden, eta taldean bi kide ginenez izen hori hartu zuen taldeak», aipatu digu Anjek. Gaur Hernanin dute hitzordua, izan ere, Euskal Jaien barruan kontzertua emango dute Atsegindegin gaueko 22:30etatik aurrera, eta horrekin batera euren musikaz berriro gozatzeko aukera eskainiko diete bertara hurbilduko diren herritar guztiei.
Euren jardunari ekin aurretik, Ipar Euskal Herrian baziren jada euskaraz, gitarra soil batez lagundurik, abesten zuten hainbat abeslari, besteren artean Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde, 60ko hamarkadaren bukaeran sortu eta Bidasoaren bi aldetan berehala indar handia hartu zutenak. Mixel Labegueri izan zen ordea, hauen guztien aitzindari 60. hamarkadaren hasieran grabatutako single-etan Gaztedi berria edo Primaderako liliak (ondoren Benito Lertxundiren interpretazioarekin bazter guztietara zabalduko zen lana) kantekin, euskal kantagintza berriaren bidea erakutsi zuena.
70eko hamarkadaren erdialdera arte ordea, itxoin behar izan zen lehen abestiak, euskaraz, gitarra elektrikoek lagundurik entzuteko. Niko Etxart 1974. urtean Paristik etorri berria zela, Rocka euskaraz egiteko asmo irmoarekin, bazen ordurako Errobi izenez ezagutzen zen bikote lapurtar bat rocka euskaraz egiten hasia zena. Duhaldek, hasi ziren garaiean rock musikaren egoera Euskal Herrian zein zen azaldu du: «Euskal Herrian ez genuen talde erreferenterik. Beatles eta Elvis Presley zaleak ginen». Hala ere, ez zuten zalantzarik egin, eta hasieratik rocka eta euskaraz jarduteko gogoa besterik ez zutela gaineratu du Duhaldek: «Ez zitzaigun burutik pasa ere egin euskara ez zen beste hizkuntza batean rocka egitea. Gu euskaldunak gara eta euskaraz kantatzea zen guretzat naturala». Hala, euskal kantukera tradizionalari, rock melodiaz interpretatzeari ekin zioten, bere letrek garai haietako aldarrikapen identitario eta sozialak jaso eta jendea esnarazten zituztelarik, Atzar hadi! Atzar adi!ene euskadun haurride.
Taldeak sortutako abesti gehienak, Daniel Landartek, Doniztiriarrak (Baxenafarroa) idatzi zituen, euskal idazle, antzerkigile eta kulturzale handiak. Duhalde eta Ducau oholtzan agertzen zirenak baziren ere, bera zen oinarri nagusia: «Gu hasi ginenerako Landartek olerki batzuk idatziak zituen, eta horiei musika jartzea erabaki genuen». Ducau eta biek erabaki zuten Landarten hitz horiei rock estiloaren kutsua ematea, eta garai hartan oso berritzailea izan zen eurek emandako pausua, iparraldean kantugintza tradizionala errotua baizen bazter guztietan. Errobi Taldeak bost diska argitaratu zituen lehen etenera arte: Errobi (1975), taldea sortu zen urtean bertan atera zutena eta besteren artean gaurdaino heldu zaigun Aitarik ez dut edo Nora goaz bezalako lanak jasotzen zutena. Hurrengoa Gure lekukotasuna (1977) izan zen. Diska honekin pausu kualitatibo bat eman zuten, hiru musikari sartu baizituzten, Jean Phocas (baxua), Robert Suhas (teklatua) eta Beñat Amorena (atabala) taldean. Ekarpen berri hau berehala nabaritu zen ondorengo urteetan izan baizuen Errobik arrakastarik handiena, Bizi Bizian (1978) diska mugarri izan zelarik. Ordurako zuzeneko kontzertuak ematen hasita zegoen taldea eta Tolosan (Gipuzkoa) eta Azkoitian (Gipuzkoa) zuzenean emandako bi emanaldietatik atera zuten bilduma hau. Duhalde taldeak hastapenetatik izandako bilakaeraz mintzatu da: «Hasi ginenean ez genituen apenas kontzertuak ematen, gerora hasi ginen. Orduan bururatu zitzaigun zuzeneko emanaldi bat grabatzea».
Arestian aipatu moduan, Errobi taldea hasi aurretiko urteetan, ez zen euskaraz rock musikarik egiten, eta orduan zaila zen jakitea zein publiko mota izango ote zen. Duhaldek azaldu du publiko «anitza» zutela euren kontzertuetan, eta Euskal Herri osoan zehar jotzen zutela. Emari handiko taldea zen eta hurrengo urtean, 1979an Ametsaren bidea diska atera zuten. Hura ere ez zen Bizi Bizian baino arrakasta gutxiagokoa izan, eta Duhalderentzat, berarentzat, bere musika ibilbideko lanik interesgarriena. Berritzailea izan zen lan hori taldearentzat, diska esperimentala, eta asko arriskatu zirela ere esan daiteke, baina Duhalderen ustez publikoak gustura hartzen zituen musika estilo berritzaileak. Urte horretan bertan desegin zen taldea, lau urteren ostean, eta 1985. urtean Agur T'Erdi diskoarekin eten zuten euren ibilbidea.
Trantsizio garaia
Hego Euskal Herrian trantsizio garaian ziren Errobiren hastapenetan, urte gogor, bortitz bezain emozionalak, borroka eta aldarrikapen ugarikoak. Askotan egokitu izan zitzaien hegoaldean jotzea, eta horren adibide garbia da Bizi Bizian diskoa Gipuzkoako Tolosa eta Azpeitia herrietako kontzertuetan grabatu izana. Duhaldek gainera, bertako kontzertuen inguruko oroitzapen onak ditu: «Bertara joaten ginenean harrera bikaina izaten genuen, are gehiago iparraldetik baikentozen».
Euren abestien hitzek ere gaur egunera egokitzen jakin izan dute. Berau izan da itzuleraren gakoetako bat. «Letretan aldaketak egin ez badituzte ere, soinuan aldaketak egon dira», aurreratu digu Duhaldek. «Errobiren hastapeneko garaiak trantsizioarenak ziren, oso garai ilunak, bereziak, sakonak, bizi genuenok oso presente ditugunak, sarkorrak eta urtetan debekatuta izan ondoren euskaraz abesten entzun zitekeen. Geu, gainera, Bidasoaren Iparraldetik gentozen eta jendearen harrera oso beroa zen. Uneak hunkigarriak ziren eta su hori kontzertuetan nabari genuen. Garai haietan garrantzi handia zuten kontzertuek. Euskal Herrian musikak garrantzia handia izan du, eta ondorenean zenbait kanta zein musikari erreferente ere izan dira herrigintzan», aipatu digu Anje Duhaldek.
Norbera bere bidetik
Taldea desegin ostean, Anje Duhalde Akelarre taldean hasi zen eta etapa berri horretarako zituen helburuak zein ziren kontatu digu: «Nik ordura arte egindako berdinarekin jarraitzea nuen helburu. Musikaz bizitzea zaila zen, baina talde berbeneroetan joaz errazagoa zen profesionalizatzea. Akelarre taldeak eurekin hasteko eskaintza egin zidan, eta bide horretatik jarraitzeko lekurik aproposena zela iruditu zitzaidan». Taldea 2005ean desagertu bazen ere, 2009an Euskal Herrian barrena hainbat kontzertu emateko elkartu ziren. Bien bitartean, Duhalde bakarlari moduan ere aritu zen, argitaratutako bere 14 lanekin izugarrizko arrakasta izan duelarik, adin oso desberdinetako publikoa bereganatuz. Horren lekuko belaunaldiz belaunaldi gaurdaino heldu diren Eperra, Bakezaleak, Gogoaren baitan eta beste lanetan jasotzen diren hamaika abesti.
Mixel Ducauk berriz, gitarra eta ahotsaz gain, txirula, saxoa, ttun-ttuna eta alboka jolea ere bada. Errobi utzi eta gaur arte 50 disko baino gehiagotan kolaboratzeaz gain, Orkesta Mondragon-ekin saxofoia jotzen aritu zen 80. hamarkadaren erdialdean. 1991n Zaldibobo proiektua sortu zuen Joseba Tapiaren trikiti doinuak rock eta folk-arekin nahastuz. Taldeak 1996ra arteko bost urteko ibilbidea egin zuen, eta Aio! izeneko diska batekin agurtu ziren. Bidaia taldea sortu zuen 2003.urtean Caroline Phillipsekin batera. Mixel-ek bere sormen esperimentalari jarraituz 2016an Tosta Banda izeneko proiektu berri bati ekin zion, non zazpi hizkuntza gutxitutako partaideak bere zuzendaritzapean elkartzen dituen. Egun Zarauzko TikTara saltsa taldeko saxo jolea da eta Oreka Tx-rekin alboka jo eta hainbat konponketa egiten dihardu.
2014. urtetik Donostiako Udalak, Adarra sariekin euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artisten ibilbidea omendu eta horrekin batera herriagatik egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan du. Errobik ere jaso zuen eskertza hori Adarra Saria 2024. urtean eman ziotelarik.
Zalantzarik ez dago bata zein bestea euskal musikagitzan uzten ari diren arrastoa. Gaur egun euskal musikaren tenperatura ona dela dio Duhaldek. Bizitzaren legea jarraiki, batzuk desagertzen badira ere, ereindako hazietatik erro sendoko musika talde indartsuak jarraitu zieten ondoko hamarkadetan eta kimu berriak ahaldunduz ernetzen ari direla ikusten ari gara egun, haien jarduna euskaraz egiten dutenak eta maila oso profesionalean. «Gaur egun euskal musika bizirik da, eta garai bateko artistek egun oholtzan tokia izateak urte luzez euskal kulturaz eta musikaz gozatzeko aukera izango dugula esaten digu», dio Duhaldek. Gaur egun musikari askori galdetuta, Errobi, Oskorri eta ustez baztertuak genituen taldeak izan dira haien inspirazio. Ducau eta Duhalderen kasuan, ez diote estilo berriekin esperimentatzeari utzi, Errobirekin 70eko hamarkadan oraindik euskaraz egin ez zen genero musikal batekin Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuko plazetan aritzeko ausardia eduki zutenetik.
Oholtzara itzulera
50 urte dira Errobi taldea sortu zela, eta orain 40 eman zuten euren azken kontzertua. Orduko hartan jendearen babesa eta esker ona sentitu zuten beste bat beste bat oihuen artean, eta horri jaramon eginez ez zitzaien askorik kosta plazetara berriro ere itzultzea: «Oholtzara itzultzeko proposamena egin zidaten, eta hala, Mixeli aipatu nion. Unea orain zen, adinez gora goazen heinean, aurrerago jada zailagoa izango zela komentatu nion. Gogo handiz onartu zuenez, aurrera egitea erabaki genuen». Bizkaiko hiriburuan, Bilboko Euskaldunan 2024ko maiatzean eman zuten itzulerako lehen kontzertu hura eta arrakastatsua izan zen.
Geroztik, Euskal Herriko hainbat herri eta BBK Live edo Euskal Herria Zuzenean bezalako jaialdi entzutetsuetan izan dira. Duhaldek nolako publikoa aurkitu duten azaldu du: «Denetarik topatu dugu; gure adin inguruko jendea, 40 urte ingurukoak, baina baita gure garaian jaio gabea zen jendea ere, eta publikoan horrelako nahasketa egoteak poz handia ematen du». Baina hasiera guztiek amaiera bat dutela gauza jakina dela ere esan digu eta euren azken kontzertua Donostiako Victoria Eugenia antzokian emango dutela aurtengo abenduaren 30ean gogorarazi digu.
Rockero zaharrak inoiz hiltzen ez omen direneko leloa lepoan hartu eta aurrera ekin dio Errobik bere bigarren etapari. Euskal Herriko herrietan adi-adi du publikoa nola itzultzeko diren zain eta jasotako harrera ikusita, taldeak izozkailtuik bere produktu hori atera eta garai berri hauetara atontzen asmatu duela esan genezake. Anje Duhaldek Bizi Bizian diskoa kaleratu zutenetik bai Akelarrerekin, baita bakarkako lanetan ere gitarra izan du beti bidelagun. Ducauk ordea elkarrekin itzuli diren arte denbora luze zeraman gitarra elektrikoa jo gabe. Bien arteko bidea banatu izanak, eta hortik aurrera ibilbide ezberdinak egin izanak ez du ekidin biak berriro elkartu eta euren zaleak berriro batzeko. Behin sinetsi zuten proiektu baten itzulera izan da hau, beste garai batean eta beste publiko batekin, baina orduko indar eta ikusmina sortuz. Bejondeizuela, bikote!