San Joanak

Topa dagigun...

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Tolaretxipi 2023ko eka. 24a, 00:00

Bihar, arratsaldeko 13:00etan, brindisarekin hitzordua dute Hernaniko kuadrilek.

Hernaniko San Joan jaietako egun handiaren biharamunean, koadrilen egunaren baitan, brindisa egin ohi da 2009. urtetik hona. 30 koadrila inguru bertaratu ohi dira topa egitera.

Hernaniarrak garenok, badakigu San Joan jaietako ekainaren 25a, koadrilen eguna, zeinen berezia den. Egun horretan koadrila guztiak kolore bizidun eta geometria desberdinetako oihalez ehundutako blusa eta alkandorak soinean dituztela, Gudarien plazan elkartzen dira sagardo basoa altxata, topa egiteko. Euren eguna da, euren unea, koadrilen arteko brindisa da, 2009. urtetik Jai Batzordeak antolatzen duena eta herriko plazan eguerdiko 13:00etan ehundaka pertsona, zahar zein gazte, adin guztietakoak, biltzen dituena. Bertan Oskorri taldearen Topa Dagigun kanta ezaguna abestu ohi dute: 'Errioxar Baigorriko Getari nahiz Hernaniko topa dagigun eta bakean bizi gaitezen betiko'. Kantuak letra aldatuta du eta Xabier Iriartek, koadrilen eguneko brindisaren antolakuntzako kideak, moldaketa honen zergatia azaldu du: «Errioxa eta Baigorriko ardoa, Getariko txakolina eta Hernaniko sagardoa erreferentzia moduan hartuta aldatu zen letra».

Ekitaldi honen sorreraren arrazoia Iriarteri galdetuta, koadrilen egunean, talde guztiak batu, haien artean harremanak egin eta gerora sendotzeko aukera emango zuen giroa sortzea zela erantzun digu. Egun honetan ere, koadrilak, festetako beste edozein egunetan bezala, kalean gora eta behera ibiltzen baitziren. Bakoitza bere kasa. Hori zela eta, koadrilen eguna bera bereiziko zuen ekintzaren baten beharra sumatu zuten, egun horren ardatza bilakatuko zen ekintza bat. Finean, koadrilak izaten baitira jai herrikoien muina. Kaleak koloreztatu eta gure aldartea alaitzen dutenak. Egun arruntak iraultzen dituztenak, ahaztezin bihurtu eta ondorengo laneguneko errutinara irrifarrez itzultzea ahalbidetzen dutenak. Koadrila, txikitako, nerabezaroko laguntxoak, arrazoiak arrazoi, herritik alde egin behar izan dutenen elkartze soin-enborra. Behar honi buruzko hausnarketa bat egin ondoren, koadrilen arteko brindisa egitea erabaki zuten. Ekitaldi xumea izan ohi da brindisarena, baina sentimentuz betetakoa, izan ere, koadrila askotako kideentzat, urte osoan elkartzen diren egun bakarra izaten baita.

Iriartek brindisaren nondik norakoak ere azaldu ditu. Behin, adin guztietako koadrilak herriko plazan elkartzen direlarik, oholtzara igotzeko gonbidapena luzatzen die ekitaldia animatzeaz arduratzen den Mikel Laskurain aktoreak, Imanol Kamioren eskusoinuaren laguntzaz Errioxar Baigorriko kanta ospetsua abesteko. Topa egin ostean eta bazkaldu aurretik, festak txarangarekin jarraitzen duela aipatu du Xabierrek: «25ean egokitzen den txaranga, ekitaldira etorri ohi da eta brindisa amaitzean, koadriletako kideak, besotik zein sorbaldatik uztartuta, kalejiraren pausuan txarangaren atzetik saltoka ibili ohi dira kaxkoko kaleetan zehar». Koadrilen brindisak herritarrontzat pisu handia duela azpimarratu nahi izan du. Izan ere, herri gutxitan sortzen da hemen, txarangaren atzetik, saltoka, sortzen duten giroa. Arestian aipatu bezala, ezinbesteko hitzordua bihurtu da Hernanin edo Hernanitik kanpo lan eta bizi diren herritar askorentzat. Koadrilaren babes eta alaitasunak egunerokoak ahaztu eta jai giroan lotsagabe ibiltzeko aukera ematen baitu.

«25ean egokitzen den txaranga, ekitaldira etorri ohi da eta brindisa amaitzean, koadriletako kideak besotik zein sorbaldatik uztartuta, txarangaren atzetik saltoka ibili ohi dira» 


Aldaketak

Berrikuntzak ere izan ditu brindisaren ekitaldi honek sortu zenetik. Lehenengo topaketa egin eta hurrengo urtean herriko koadrilak omentzeko burutazioa izan zuen antolakuntza taldeak. Honela, 2010. urtean Betikoak lagun taldea izan zen lehena. Aldaera honekin, koadrilen parte hartzea sustatu nahi izan zuten; haien sormen gaitasuna, freskotasuna, festarako gogoa, baliatu behar zen festa aberastu eta parte senti zitezen. Hala, Iriartek aipatu du omendutako koadrilak, bere ardura ere bazuela: «Urte horretako brindisa antolatu behar zuten, partaide guztiak oholtzara igo eta performance berezi bat egin behar zuten euren aurkezpena egiteko». Eredu honek 2017. urtera arte iraun zuen, urte hura izan zelarik koadrila bat omendu zen azkena. Txipitxoniak izan zuen ohore hori. Koadrilek izaten zituzten zailtasunak izan ziren erabaki hau hartzera bultzatu zutenak. Iriarteren hitzetan, «2017. urtean Txipitxonia koadrila izan zen omendua eta beraz antolaketaz arduratu behar zena. Aste buruzuria zenez, ordea, taldeak prestaketarako arazoak izan zituen eta jai batzordeko kideen eskuetan geratu zen brindisaren antolakuntza. Zailtasun hauek azken urteetan, maila handiago edo apalagoetan, errepikatzen zirela sumatzen genuen».
 

'Gidoi' berria

Aldaketek normalean, ekitaldiaren beste fokapen bat ekarri ohi dute. Koadrilak omentzeari utzi zitzaionetik, ekitaldiak bira bat izan duela aipatu du Iriartek: «2018. urtetik, Mikel Laskurain aktore ezagunak gidatzen du taula gainekoa, Imanol Kamio soinujolearen laguntzaz eta Jose Luis Urdangarinen bertsoek hasiera ematen diotela». Sagardoa ekartzeaz eta edalontzi banaketez berriz, Koadrillen Brindisaren Antolakuntza Batzordea arduratzen da, Hernaniko udalaren babesarekin. Aldaketa hauen ondorioz, koadrilen ardura arindu bada ere, formatu berri honetan Mikel Laskurainen lana goraipatu du Iriartek: «Mikelek giroa jartzen du eta bai ongi jarri gainera. Oso jatorra da eta plaza hankaz gora jartzeko bikaina da».

Urtez urte, koadrilak elkartzeko gogo-giroa poliki-poliki hedatzen ari dela azpimarratu du Xabierrek: «Lehengo urtean euria egin bazuen ere, 200-300 lagun bildu ginen eta aurten eguraldi ona egiten badu, inguru horretan ibiliko garela uste dut. Nire iritziz, gora doan ekitaldia da». Gazte eta hain gazte ez direnen koadriletako kideek, badute jada ekainaren 25eko koadrilen egunerako plana egiteko ohitura. Goizean goizetik, koadrilako blusa eta alkandorak jantzi eta Sokamuturrean, -batzuk xexenaren aurrean korrika, besteak xexenak barratik zirikatzen- ibili ondoren, aurreko eguneko lo faltak eragindako ajea kenduko duen gosaria hartzera joaten ohi dira lagunekin. Gero Azeri Dantzara hurbildu eta buruhandi eta erraldoien inguruan ibiltzeko indarrak hartzeko. 

Imanol Kamiok girotzen du brindisa, Gudarien plazako oholtzatik.
 

Koadrilen hautaketaren irizpideei dagokienez, hasiera batean aspaldiko koadrilak zirenak izaten ziren omenduak. 2014. urtean ordea, gazteek festetan zuten inplikazioa eskertzeko, gazteen olinpiadetan ibilitako koadrilei luzatu zitzaien omentzeko gonbidapena. Iriartek zehaztu du, hala ere, hau salbuespena izan zela: «Normalean 40 urtetik gorako jendea da brindisean elkartzen dena. Gazteagoak direnek, beste modu batera bizi baitute festa». 

Aldaketak aldaketa, brindisa beti herriko plazan eguerdiko 13:00etan egin izan dela esan du Iriartek: «Ordu horretan egitea aproposa ikusten zen, jende gehiena lanetik irten eta bazkaltzeko garai inguru horretan hurbiltzen baita herrira».

Sagardoarekin brindisa

2012. urtean gertatutako bitxikeria batek gaur arte iraun duen ohitura sortu zuela aipatu du Iriartek. Urte hartan, Beti Alperrak koadrilari egokitu zitzaion antolaketa lanetan aritzea eta aurreko urteekin alderatuta zerbait ezberdina egitea erabaki zuten: «Urte horretan, inguruko sagardotegietan sagardoa eskatu eta bertaratutako jendeari sagardoarekin topa egiteko gonbidapena egin zieten. Gainera, urte hartan ohiko Errioxar Baigorriko kantaz gain, 'Bartali' edo 'Arco iris' izeneko doinuak ere entzun ziren». Formalki horrela adostu ez bazuten ere, hurrengo urtean, 2013an, Edan eta Lo koadrilari egokitu zitzaion brindisa antolatzea eta hauek sagardoa ekartzeaz arduratu eta berarekin topa egitea erabaki zuten. Handik aurrera, urtero, sagardoarekin topa egitea erabaki zen.

«2018. urtetik, Mikel Laskurain aktore ezagunak gidatzen du taula gainekoa, Imanol Kamio soinujolearen laguntzaz eta Jose Luis Urdangarinen bertsoek hasiera ematen diotela»

 
Pandemiaren ondorengoa 

Ukaezina da 2020. urtean eztanda egin zuela pandemiak, eta modu batera edo bestera, arlo guztietan eragin zuela, baita herriko festetan ere. Urte hartako ekainean ez zen San Joan jairik ospatu eta, ondorioz, koadrilen brindisik ere ez. 2021. urtean, Udalak jaiak bertan behera utzi bazituen ere, jende asko hurbildu zen Hernanira festa giro bila. Urte horretan ere, ez zen brindisik ospatu. Oro har, gizarte mugimenduetan dabiltzan bolondresek pandemiaren aurretik ohikoa zena baino jende gutxiago dabilela esaten ari dira, gero eta gazte gutxiago ere. Hori bera egiaztatu ahal izan zuten jai batzordekoek antolatutako hainbat ospakizunetan. Bi urteko etenaren ostean, lehengo urtean itzuli ziren festak Hernanira eta Iriarteren esanetan salbuespenezko urtea izan zen: «Jendea festarako grinez zegoela nabari zen giroan, baina ez ziren pandemia aurreko jende oldeak berdindu. Dena den, ohikoa ez bada ere, eguraldiak eragina izaten du urte batzuetan eta lehengo urtean festa egunetan euria egin zuenez, ondorioak ateratzeko ez zen testuingururik egokiena izan». 

Elkarketaren gakoa 

Ederra izan zen ekimen honen sorrera eta, aldaerak aldaera, berezia da herriko koadrillen topaketa unea. Hasierako ohitura batzuk oraindik ere mantentzen dira eta beste batzuk, berriz, aldatu. Lehen, koadrilak omendu egiten ziren; orain, berriz, Mikel Laskurainen gidaritzapean elkar ikusi eta jaiak ospatzeko une eder bat bilakatu da. Topa egiteko zukua ere, gurea. Urumea isuriko sagarrondoetatik jasotako fruituz egindako sagardoarekin, Hernaniar orok bere sentitzen duen altxorrarekin. Festak hasiak diren arren, koadrilen eguneko brindisak egun handi baten hasiera iragartzen du, elkarrekin zintzurra busti, kantu, doinu eta aldarte ederrean. Herriko elkarte, txoko zein tabernetan bapo jan, txarangaren atzetik saltaka ibili ordu txikiek edo gorputzak etxera bidaliko gaituen arte.

Dena prest, beraz, bihar ospatuko den koadrilen egunerako. Blusa zein alkandora kutxa sakonetik atera, garbitu eta lisatzea besterik ez dugu egin behar. Dianarekin motorrak piztu eta sokamuturra, azeri dantza, buruhandi eta erraldoien konpartsakin berotu ostean, edalontziak hartuta topa egin dagigun. Kantuak dioen bezala '…eta bakean bizi gaitezen betiko'. Zoriontsu.

OMENDUTAKO KOADRILAK

2010 Betikoak

2011 Beti Lasai

2012 Beti Alperrak

2013 Edan eta Lo

2014 Betikoak

2015 Betikoak

2016 Mantzak

2017 Txipitxonia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!