BB2B – Beterri-Buruntza Enpresentzat: doako eguneratze-saioak enpresentzat otsailetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Beterri-Buruntza Mankomunitatea 2026ko otsailaren 6a

Beterri-Buruntza Mankomunitateak BB2B (Beterri-Buruntza Enpresentzat) izeneko ekimen berria jarriko du abian 2026ko otsailean, lurraldeko enpresei zuzendutako eguneratze-saioak eskaintzeko helburuarekin; egitasmoaren xede nagusia da enpresei gaur egungo erronka eta joera estrategiko nagusien inguruko ezagutza eguneratua eskaintzea, erabakiak hartzea errazteko eta testuinguru ekonomiko eta sozial aldakorrera egokitzeko gaitasuna indartzeko.

BB2B saioak hilean behin egingo dira, online formatuan, hilabete bakoitzeko bigarren ostegunean, eta enpresentzat gaurkotasun handia duten joera, erronka eta gai estrategikoak landuko dira, arlo bakoitzean aditu diren hizlari espezializatuen eskutik. Gainera, antolatzaileek beste enpresa batzuetako ordezkariak ezagutu eta sarea osatzeko aitzakia ona izango direla adierazi dute.

Egitasmoaren lehen saioa otsailaren 12an izango da, 9:00etatik 11:00etara, eta zibersegurtasuna izango da hizpide; otsailaren 26an, berriz, pertsonen arloan enpresek pairatzen duten absentismoa landuko da (otsailean bi saio egon arren, hortik aurrera hilean saio bat egongo da). Martxoko formakuntzan, aldiz, enpresen jasangarritasuna izango da ardatz, eta kontzeptuetatik ekintzara urratsa nola eman aztertuko da.

BB2B ekimenak Beterri-Buruntzako enpresentzako topagune egonkor eta erreferentziala bihurtu nahi du, elkarrekin ikastea, esperientziak partekatzea, eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzea sustatzeko.

Izena eman nahi dutenek esteka honen bitartez egin dezakete, edota irudiko QR kodea eskaneatuta: https://beterriburuntza.binovoerp.es/event

Informazio gehiago nahi izanez gero, Mankomunitateko Enpresa eta Sustapen sailarekin jarri daiteke harremanetan 943 244 523 telefonoan, edota enpresa@beterriburuntza.eus helbidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!