Mankomunitatetik azaldu dutenez, tokiko negozioen jarraipena eta ondorengotza bermatzea erronka estrategiko nagusietako bat da lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialerako. Tamalez, bideragarriak diren enpresa ugarik ez dute eskualdatze-prozesua denboraz planifikatzen, ez dute erreleborik aurkitzen eta, horren ondorioz, itxiera arriskuan jartzen dira. Egoera horrek zuzenean kaltetzen ditu lurraldearen lehiakortasuna zein tokiko enplegua, eta ezagutza espezializatua ere galtzen da.
ASLEren datu ofizialen arabera, Euskadiko enpresek hurrengo bost urteetan 100.000 erretiro izango dituzte eta datozen 10 urteetan milioi erdi baino gehiago, eta gehienek ez dute errelebo prozesua planifikatzeko beharraren berri, edo ez dakite nora jo laguntza bila. Ondorioz, Beterri-Buruntza Mankomunitateak Ondorengotza programa martxan jarriko du gaurtik aurrera, helburu nagusi batekin: negozioen jarraipena bermatzea.
Horretarako, bidelaguntza eskainiko diete bai erretiroa hartzera doazen jabeei, baita negozio berria hartzeko prest dauden ekintzaileei ere. Proiektuaren ardatz nagusiak honakoak izango dira:
Enpresen identifikazioa: hurrengo hamar urteetan jubilatzekoak diren lider edo jabeak dituzten enpresak, bost urteko epean daudenei arreta berezia eskainiz.
Formakuntza eta ahalduntzea: saio irekiak antolatuko dira, enpresei eta ekintzaileei informazioa eta orientazioa emateko, alor desberdinetan antolakuntzarako tresnak eta informazioa jasotzeko, eta belaunaldien arteko erreleboaren garrantzitsuaz kontzientziatzeko.
Bidelaguntza pertsonalizatua prozesu guztian zehar: saltzaile zein erosleari aholkularitza eta laguntza eskaintzea, transmisio planetik hasi eta prozesua amaitu arte.
Horrela, datozen 5-10 urteetan errelebo beharra izango duten enpresak detektatuko dira, beraien ondorengotza planifikatuko da eta negozioen transmisioa modu egokian gauzatuko da, enplegua, ezagutza eta tokiko ekonomia bizirik mantenduz.
Kanpainari hasiera emateko, “zuk duzu giltza, aldatu eskuz!” lelopean, jarraian ikus daitekeen bideoa prestatu dute lurraldeko zenbait enpresa eta merkatariren laguntzaz: https://youtu.be/Vnrsww3QB3s
Azkenik, interesa duen edonork, enpresa zein autonomok, galdetegi labur honen bidez datu gutxi batzuk emanda hasi dezake bidelaguntza prozesua inongo konpromezurik gabe: https://daiteke.typeform.com/to/x4vvmu5s
Programaren inguruko informazio gehiago eskatzeko ere harremanetan jarri daiteke bertako Enpresa eta Sustapen Sailarekin: 943 244 523 telefono zenbakira deitu daiteke edo enpresa@beterriburuntza.eus helbidera idatzi.