Nola bizi izaten dituzue kontzertuak? Nola deskribatuko zenukete eszenatokira ateratzen zareten momentu hori?
Guretzat pasioa izateaz gain, lana da. Beti sentitzen duzu horrelako zirrara berezi bat, urduritasun pixka bat. Baina ez zerbait gaizki ateratzera doalako, baizik eta, urduritasun eta zirrara positiboa izaten dugu. Eta ez hori bakarrik, gogo handia ere bai. Azken finean, gustuko dugun zerbait egitera goaz. Hori gertatzen da oso ehuneko handi batean. Beste batzuetan, dena azkar egitea suertatzen da: soinu proba, ia afaldu ez eta azkar jo behar izatea… Batzuetan, eszenatokira presaka eta korrika ateratzen gara.
Zer sentitzen duzue herri bateko plaza betetzen duzuenean?
Egia da kontzertu bakoitza mundu bat dela. Agian, plaza txiki batean jotzen dugunean edo kanpora goazenean, askotan pentsatzen dugu ea zer gertatuko den kontzertuan. Bapatean, magia puntu bat sortzen da, eta pila bat disfrutatzen dugu. Zerbait berezia sentitzen da. Baina egia da plazak beteta daudenean, lehen esandako zirrara eta urduritasun puntu hori askoz handiagoa dela. Motibazio maila handiagoa da plaza txikietan izaten diren kontzertuekin alderatuz gero.
Nola bizi izaten duzue kontzertu aurreko eguna? Zerbait berezia egiten duzue?
Ez, saiatzen gara astean zehar entseguren bat egiten, pixka bat forman egoteko, eta batzuetan aurreko egunean entseatzen dugu. Bereziki, ostiral goizak entseatzeko erabiltzen ditugu, larunbatetan kontzertuak ditugunean. Egunean bertan ez entseatzen saiatzen gara. Bestalde, ez dugu ezer desberdinik egiten. Kontzertu egunean ondo deskantsatuta egotea garrantzitsua da, dena emateko (fisikoki eta mentalki). Azkenean denok ditugu familia, haurrak eta abar. Horrek zaildu egiten du, guztiz, eguna lasai hartzea eta kontzentratuta egotea. Baina hala ere, saiatzen gara.
Zer aurkituko du publikoak San Joanetan emango duzuen kontzertuan?
Guretzat kontzertu handi bat da. Udan baditugu kontzertu handi batzuk, eta Hernanikoa horietako bat da. Are gehiago, Hernanin beti egin dugu kontzertu on bat eta publikoak oso ondo hartzen gaitu. Gainera, San Joanak herriko jaiak dira, jende asko joango da herrikoez gain, eta haize sekzioa eramango dugu. Hori beti kontzertu handietara eramaten dugu. Kasu honetan, gurekin izango da Jorge Pacheco. Perkusionista izateaz gain, hernaniarra.
Zein abesti mota entzun ahal izango dira bertan?
Disko berria aurkeztu genuen martxo-apirilean, eta geroztik egin ditugun kontzertuetan hori aurkezten aritu gara. Noski, orain disko berriko abestiak joko ditugu, baina ez disko osoa. Lauzpabost kanta disko berrikoak, eta beste guztiak, beste diskoetako abestiak izango dira. Beti saiatzen gara disko bakoitzetik kantak hartzen, baina asko kostatzen zaigu aukeratzea. Ez da batere erraza. Geroz eta disko handia izan, errepertorio gehiago daukagu; oso gaizki pasatzen dugu. Entseguetan denbora gehiago pasatzen dugu joko ditugun abestiak aukeratzen, jotzen baino.
Zein da zuen sekretua taldeak batera jarraitzeko?
Elementu batzuk badaude eta uste dugu horiek direla geure oinarriak. Horiek ez baleude ez genuke batera jarraituko. Guretzat musika pasioa da, eta zentzu horrek aurrera egiteko indarra ematen digu. Normala den bezala, talde eta erlazio pertsonal guztietan gertatzen den moduan, eduki ditugu gorabehera batzuk, baina elkar ondo ulertzen gara. Azken finean, lagunak gara eta horrela izaten jarraitu nahi dugu. Zergatik ez? Gure lana da, honetaz bizi gara, dirua irabazten dugu… Beraz, nahiko arrazoi badira aurrera egiteko. Bestalde, publikoaren aldetik ere ikus daiteke belaunaldi ezberdinak etortzen direla gure kontzertuetara. Ikusten dituzu gurasoak seme-alabekin, nerabeak aurreko lerroetan, jende nagusiagoa… Publiko zabala daukagu eta hori ikustea oso gauza polita da. Nahiz eta abesti rock-eroago edo dantzagarriagoa jo, jendea hor dago eta hori ikaragarria da.
Abestiak sortzerako orduan hiru izateak lana zailtzen du?
Aimarrek abestiak sortzen ditu, musika eta melodia, eta gero Alex eta Aimarren artean egiten dute letra. Haien arteko elkarlan bat da. Gero, nik dakidan guztia jartzen dut abestian, eta horrela sortzen ditugu.
Abestiak sortzeko modu berezirik baduzue?
Ia beti agertzen da halako riff bat eta horri tiraka ateratzen dira melodiak, erritmoak… Orain, Aimar hasi da teklatuarekin jolasten eta konposatzen, eta hortik ere, disko berriko kanturen bat atera da. Baina era natural batean agertzen dira.
Hasierako abestiak eta oraingoak konparatuz gero, eboluziorik izan duzuela pentsatzen duzue?
Bai. Begi bistakoa da aldaketa bat eman dela. Gu hasi ginenean 24 urte genituen eta orain, 47 urte dauzkagu. Pertsona berdinak gara, baina gure gustuak, kontsumitzen dugun musika, entzun eta ikustera goazena desberdina da, eta zentzu horretan, ez dugu bakarrik rocka entzuten eta egiten. Lehenengo bi diskak pixka bat hortik doaz, eta beno abestiren bat ia dantzagarriagoa ikus daiteke; musikan ere nahiko zabalak gara. Gustatzen zaizkigu rockaz harago beste musika estilo batzuk egitea. Adibidez, azken disko honetan, badago erritmo tropikal bat, elektronika pixka bat baita ere, badago pop-a… Beti klabe positibo batean eta dantzagarriago batean sortzen ditugu.
Zein izan da Gatiburen unerik gogoangarriena?
Ez genuke bat aukeratzen jakingo, hainbat une berezi izan dira… Baina bakarra aukeratzekotan, Bizkaia Arena BEC-en egin genuen 20. urteurrenaren kontzertua da. Guretzat kontzertu oso garrantzitsua. Pandemiaren ondorioz, bi aldiz atzeratu behar izan genuen, gu gaixotu ginen, eta azkenean, genuen amets hori edota promesa hori, 20. urteurrenarena, egin ahal izan genuen.
Sortu dituzuen abesti eta diskoetatik, zein da zuen gustukoena? Eta sortzea gehien kosta zaizuena?
Lehenengo diskoarekin sentimendu berezi bat daukat; izan ere, orduan hasi ginelako elkarrekin jotzen eta hasieratik arrakasta handia izan genuelako. Sasi guztien gainetik, hirugarren diskoa, asko gustatzen zait eta azken aurrekoa baita ere.
Beti kosta egiten da. Sortzearen prozesua nahiko lan handia da, eta ordu asko eman behar izaten dira estudioan. Disko arraroena niretzat bigarrena da. Ez baitzuen lehen diskoaren arrakasta bera izan. Bestalde, esan behar dut hirugarren diskoak lan handia eman zigula.
Zerk inspiratzen zaituzte gehien?
Burua eta arima elikatu behar dira, musika entzun behar da, liburuak irakurri, filmak ikusi, kontzertuak ikusi... Eta norberaren esperientziak ere laguntzen du. Hori guztiaren nahasketarekin, egun batean, ideia bat etortzen da edo esaldi bat, eta horri tiraka ateratzen da letra osoa. Besteetan, gustatzen zaizun disko bat entzuten duzu; eta kutsu eta erritmo hori hartuz, gitarrarekin errimak egiten hasten zara, eta zerbait ateratzen da. Askotan horrela izaten da. Sentimenduek eta norberaren esperientziek asko inspiratzen gaituzte.
Estilo desberdinetako abestiak egin dituzue azken diskoan, zerk bultzatu zaituzte horretara?
Aimarri asko gustatzen zaio musika tropikala eta latinoamerikarra; asko entzun eta ikusten du. Berari oso era naturalean etorri zaizkio ideia hauek eta hortik sortu dira. Ideia eta abesti mota horiek lantzea bere erantzukizuna da. Ez du proposatzen mota bateko musika egiteko edo abesti konkretu baten antzeko zerbait sortzeko. Talde asko dago orain modernitate horretan, reggaeton edo beste estilo modernoago batzuk sortzen ari direnak. Baina ez da gure kasua.
Talde bezala ba al duzue ametsik edo desirarik?
Kontziente gara, pribilegiatu batzuk garela. Askotan egin dugu gogoeta hau. Euskal Herri mailan goi mailako talde bat gara, jarraitzaile asko dauzkagu, kontzertuak ematen jarraitzen dugu, diskoak egiten eta profesionalki honetaz bizi gara. Aldiz, gure lagun eta lankide askoren kasua ez da hori. Gu zentzu horretan pribilegiatuak sentitzen gara eta eskertuak gaude horregatik. Gaur egun eta hainbeste urte pasa ostean, musika egiten jarraitzea eta kontzertuak ematea, lortu dugun amets edo helburua da.
Desira bat esatekotan, hau egiten jarraitzea izango litzateke. Horretarako ez dago sekreturik, lana eta gauzak ondo egiten jarraitzea da bidea. Ez dago besterik eta horrela jarraituko dugu!
Gatibuk hainbat sari irabazi ditu urteetan zehar. Zer suposatzen dute zuentzat aitorpen horiek?
Egia esan sariak jaso ditugunean harritu egin gara, ez genituen espero. Gerora konturatzen zara, aitortza hori eskertzen dela. Eskertzen da euskal kulturan Gatibuk duen lekutxoa eta guk eman duguna baloratua izan den seinale dira sari hauek. Zentzu horretan, gu oso eskertuta eta pozik gaude jasotako aitortzarekin.
Kontzerturen batean izan al duzue bitxikeriarik?
Hainbeste urte eta kontzertu emanda ere, gehienetan ez da ezer asko gertatzen. Baina behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu, norbait oso astuna egotea albokoak molestatzen, edota gu molestatzen; guri gauzak esanez eta botatzen. Horrelakoak, tamalez, gertatzen dira. Bestela ere, batzuetan argia joan zaigu kontzertu erdian eta geratu egin behar izan dugu, berriro hasiz.
Herritarrentzat hitzik?
Gatibu ikustera badatoz, argi eta garbi, ondo pasatuko dute. Kontzertu dantzagarri eta alaia izango da. Gainera, nahiz eta adin desberdinetako publikoa izan, ondo pasatzeko tartea izango da, eta gogo handiekin etortzeko esango genieke. Horrez gain, haize sekzioa, perkusioa, klasikoak, abesti berriak, eta potentzia handiko argi eta soinuak izango ditugu gurekin. Nahiko konpleto goaz. Garrantzitsuena festa egiteko gogoarekin goazela da!