San Joanak

«Jendearekin konektatzea lortu dugu eta hori sekulako zortea da edozein talderentzat»

Erabiltzailearen aurpegia Ane Markina 2022ko eka. 24a, 00:00

Bulego taldeko bost kideak. Argazkia: Bulego Taldea.

Bulego taldeak etzi kontzertua eskainiko du gudarien Plazan, 23:00etan. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da. Kantu ezagunak entzungo dira, abesti berriez gain.

Bulego talde azkoitiarrak, etzi igandean kontzertua eskainiko du, Gudarien Plazan gaueko 23:00etan. Aldiz, euria eginez gero, Atsegindegin izango da. Emanaldian, abesti berriez gain, kantu ezagunak entzungai egongo dira. Kontzertuaren eta haien ibilbidearen berri eman dio boskoteak, Kronikari.

 
Nola bizi izaten dituzue kontzertuak?

Udara honetan bizitzen ari garena, gure bizitzetako bira da, izan ere, beti amestu izan dugun tokietan egongo gara, kontzertuak jotzen: Euskal herriko jaialdi garrantzitsuenak, inguruetako festibalak, plaza oso garrantzitsuak... Guretzat hori, sari bat da, eta horrela sentitu nahian gabiltza. Uste dugu, benetan zortedunak garela horrelako bira bat aurkeztu ahal izateagatik, eta horri balioa ematen ari gara, segundo bakoitza gozatzen eta topera zukutzen.

Gauza guzti hauen artean, nabarmentzekoa da, eszenatokira atera aurreko momentu hori. Momentu magikoa da, dudarik gabe. Eszenatoki atzean edo kamerinoan egon ohi gara, besarkada bat ematen diogu elkarri eta nolabaiteko kantiko txiki bat ere egiten dugu. Ondoren, argiak itzali ohi dira eta sekulakoa izaten da, argiak itzali eta introa martxan hasten denean, jendeak egiten duen oihua, eszenatokira igo aurretik entzutea. Pilak topera ditugula irteten gara beti, eta honek, berebiziko motibazioa eragiten digu, eszenatokia zapaldu aurretik.

 

Zer aurkituko du publikoak, San Joanetan emango duzuen kontzertuan?

Gure kontzertuetan egon denak badaki musikaz gain gauza asko gertatzen direla hauetan. Guretzat kontzertu bat, ez da kantuak zuzenean jotzea bakarrik, zerbait gehiago eskaintzen saiatzen gara beti: etortzen denak guk gozatzen dugun moduan gozatzea nahi dugu eta helburu horrekin dago prestatua show-a. Etortzen denak argia, soinua, musika, hizketaldiak eta batez ere, sortzen den energia gozatu eta etxera (edo parrandara) laino baten gainean joatea nahi dugu, gu kontzertua amaitzean joan ohi garen moduan, alajaina.

Bulego taldekoak gogotsu daude kontzertu eguna iristeko. Argazkia: Bulego Taldea.

 

Zein abesti mota etzun al izango dira, bertan? 

Orain arte behintzat gure kantu denak uztartzen saiatzen gara kontzertuetan, beraz, etortzen denak ziurrenik bere kantu gustukoenak entzuteko aukera izango du.

 

Sortu dituzuen abesti eta diskoetatik, zein da zuen gustukoena? 

Diskoei dagokienez, abenduan kaleratu genuen Erdian Oraina bereziki maite dugu. Hau, gure iraupen luzeko lehen lana izan zen, eta sekulako mimoa jarri genuen, kaleratu arte egon ziren fase guztietan. Emaitzarekin ere, oso pozik gelditu gara eta jendeak ere oso gustora hartu duela, agerikoa da. Gainera, lehen diska izateak ere badu hau bereziki maitatzera eramaten gaituen nolabaiteko erromantizismo puntu bat.

Bestalde, kantuei dagokienez, denek atzetik benetako istorio bat dutenez denak ditugu gustuko, baina behar bada, azkena kaleratu dugun Suzko Erroberak kantua izan daiteke, gaur egun, ilusio gehien egiten digun kanta. Kantu honek, bere mezuaren baitan badu orain arte landu ez dugun nolabaiteko erregistro eta aldarrirako energia bat, eta hori guztia, zuzenekoetan antzeman egiten da.

 

Zerk inspiratzen zaituzte gehien?

Bizitzak eta bertan gertatzen diren gauzek. Gure kantuetan ez dago asmatutako istoriorik, dena da era batera edo bestera gertatu zaigun zerbait. Batzuetan kantuak bilatzera urruti joateko joera dugu eta ez gara konturatzen gertuko gauza txikienetan ezkutatzen direla kanturik handienak.

 

Bosten artean erabakiak hartzea zaila egiten al da?

Bizitzako gauza askotan bezala talde batean badira aldeko eta kontrako gauzak, eta egia da, batzuetan bost taldekide izateak badakarrela nolabaiteko gestio zailtasun bat, gehien bat egutegi eta ordutegiei dagokienez. Hala ere, gure taldean dugun familia sentsazioak zailtasun guztiak txiki uzten ditu. Bulegon talde bat baino gehiago sentitzen gara, familia txiki bat bezala gara, bakoitza bere kontu eta mobidekin. Gakoa momentuz, komunikazioa izaten ari da, gauzak garbi hitz eginda eta denon artean norabide berdinean bultzatuta, dena askoz errazago egiten da.

 

Noizbait pentsatu duzue estilo aldaketarik egitea? Zein izango litzateke?  

Orain arte POP estiloa jorratu dugu, dagoeneko esan genezake Bulegoren nortasunaren parte dela, baina inongo momentutan ez diegu atea itxi nahi izan beste estiloei. Talde gaztea gara, naiz eta orain arteko ibilbidea, oparoa izan. Uste dugu, dagoeneko ateak ixten hastea ez dela bide egokiegia guretzat. Garaiak aldatu egiten dira, geu ere aldatzen garen bezalaxe, eta sormenari datorren bezala loratzen utzi behar zaio. Momentuz, senari jarraika sortzen ari gara, eta pop estiloaren baitan egon garen arren, etorkizunean nork daki nora eramango gaituen jakinminak!

 

2019 urtean taldea sortu zenutenean, publikoak horrelako erantzuna izango zuela pentsatu zenuten?

Pentsatu-pentsatu agian ez, gehiago esango genuke amestu egin genuela. Eta ametsak egi bihurtzen ari dira. Jendearekin konektatzea lortu dugu eta hori sekulako zortea da. Gure partetik ere, egin beharreko lan eta esfortzu guztia eta gehiago jarri ditugu, baina horrek ez du beti erantzun bat egongo dela ziurtatzen. Gure kasuan, kontzertuetara joan eta jendea oihuka gure kantuak kantatzen ikustea suertatzen ari zaigu, eta sekulakoa izaten ari da.

 

Talde bezala, ba al duzue ametsik edo desiorik? Bete dituzue?

Askotan esan ohi dugu bidea hasi genuenetik etengabe ametsak betetzen ari garela, 2019an hutsetik hasi genuen taldea, eta ordudanik, gauza sinestezin asko gertatu dira, eta “tick” asko egin ditugu egin beharrekoen zerrendan. Hauen artean aipatu genitzake esaterako: Kafe Antzokia betetzea, BBK festibalean jotzea, EHZ festibalean egotea, Madril, Bartzelona, Balentzia edo Zaragoza bezalako tokietara gure musika eraman izana... Hala ere, guztietan lorpenik garrantzitsuena guretzat, kontzertuetan jendea gure kantak abesten entzutea da, zalantzarik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!