San Joanak

Zaharrak berri eta gozamena nagusi

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Rekondo 2022ko eka. 23a, 00:00

Zuttik elektrotxaranga Tilosetan 2019ko San Joanetan.

«Hernaniko giroa berezia da, ezin da hitzez deskribatu», hala diote Joaquín Ortega 'Canario'eta Ander Berrondo musikari hernaniarrek. Incansables Txarangaren sortzailea da lehena, eta Zuttik Elekrotxarangako saxofonista bigarrena. Bi taldeek joko dute aurten San Joanetan, eta «gogotsu» daude herria dantzan jartzeko.

Mendiriz Mendi, Flying free, cumbia, ska, Betagarri, pasodoble, Lin Ton Taun, rantxera, Street melody, La Polla Records. Zerrenda luzea osa daiteke Hernaniko txarangen eta elektrotxarangen eskaintzarekin, eta are zerrenda luzeagoa San Joan jaiez gozatzeko herriak duen gogoarekin.  Aukera zabalaren eta gogo handien aurrean, musikarien helburua bat eta bakarra da: giroa alaitzea. 

Hain zuzen, herria pozteko asmotan dabiltzanetako bi dira Joaquín Ortega Canario eta Mikel Berrondo hernaniarrak. Incansables Txarangaren sortzaileetako bat da Canario, eta, aurpegiera serioa izan arren, begiradan antzematen zaio musikarekiko duen maitasuna. Berrondo, aldiz, Zuttik Elektrotxarangako saxofonista da, irribarretsuagoa izaki, bera ere ekinean dabil taldea sortu zutenetik. 

Musikarekin hazi, hezi eta bizitzea lortu duen pribilegiatu gisa aurkezten du bere burua Canariok: «Etxetik datorkit musikarekiko maitasuna, amak umetan apuntatu ninduen solfeora, eta bederatzi urte nituela hasi nintzen klarinetea jotzen». Hura izan zen gaur egun arte konposatu duen berrogeita hamar urteko pentagramaren lehen konpasa. Saxofoiari putz egiten igaro ditu urte gehienak, eta ibilbide oparoa du kanten moldaketa eta konposizioan ere. Txarangako jarduna alboratu du dagoeneko, baina, oraindik ere, taldeko pieza garrantzitsua da.

Berrondok saxofoia esku artean zuela eman zituen lehen urratsak musikaren munduan: «Umetan hasi nintzen Hernaniko Musika Eskolan, beti gozatu izan dut musikarekin, irakasleek ere asko lagundu didate horretan». Orain ere saxofoiarekin jo eta su jarraitzen du, goi mailako ikasketak amaitzear da, beste pentagrama luze bat konposatzeko ilusioarekin. 

 

Incansablesen sorrera ustekabean izan zen, baina Zuttik elektrotxarangarena ez

Finean, bi musikari hernaniar dira, belaunaldi ezberdinetan hasi eta aritutakoak, eta Hernaniko musika talde ezagun banaren jaiotzan parte hartu dutenak.

Aski ezaguna da Incansables Txarangaren sorrera, eta oroimenean iltzatuta ditu Canariok lehen urte haiek: «Inguruko herrietako festetan jotzeko deitzen zioten musikari bati, eta guk topatu behar genituen gainerako kideak. Baginen batzuk askotan kointziditzen genuenak, ongi moldatzen ginen, eta praktikotasunagatik elkarrekin jarraitzea erabaki genuen; hasiera batean festa giroan aritzea zen asmoa, baina, gure izena ahoz-aho zebilenez, proiektua serio hartzeko bideari ekin genion». Laguntasun hartatik elkartu ziren, 1970ean, Incansables Txarangaren bost sortzaileak: Txomin Castro, Jesus Maria Zalacain, Jose F. Esnaola, Felipe Sagarna eta Joaquín Ortega. Edo, hobe esanda, Sietemesino, Pipas, Paotxa, Zapa eta Canario. Taldean sartzeko ezizenei buruz hitz egiterakoan egin dio ihes lehen irribarreak Canariori, lehena eta azkena. Eta, gezurra dirudien arren, Incansablesen sartzeko ezizena edukitzea ez zen beharrezkoa.

Zuttik Elektrotxarangaren sorrera, aldiz, ez zen hain ustekabekoa izan. Berariaz elkartu ziren Beñat Alvarez, Jon Ander Olazabal, Ander Zubillaga eta Mikel Berrondo, Hernaniko musikari gazteak, elektrotxarangek zuten arrakasta ikusita aukera baliatzeko intentzioarekin: «Iruditzen zitzaigun herrian bazirela musikari onak, baina ez genuela aukerarik jotzeko. Sare sozialen bitartez hedatu genuen gure sorrera, eta hasieratik harritu gaitu proiektuak eduki duen harrerak», azaldu du Berrondok. The Blues Brothers taldean oinarritzen da Zuttik Elektrotxarangaren izaera, eta bertatik dator emanaldietan erabiltzen duten janzkera. Hortik aurrera, musika tresna elektronikoen eta haize-instrumentuen nahasketa, abeslari batek lagunduta, nahikoa dira herria dantzan jartzeko. 

 

Bat-bateko arrakasta

Garai desberdinetan sortuak dira Incansables eta Zuttik, talde bakoitzak bere ibilbidea du, baina badute antzekotasun azpimarragarri bat: bi taldeek lortu zuten agenda azkar betetzea. Sare sozialak izan ziren elektrotxarangako kideen erraztasuna, bertan kontaktua jarri eta segituan hasi zitzaizkien emanaldi eskaerak iristen: «2019ko ekainean sortu genuen instagrameko kontua, ez gintuen inork ezagutzen, eta lehen uda hartan hogeita hamar emanalditik gora eskaini genituen. Ohartu gara eskaera handia dagoela, eta eskaintza ez dela hain zabala», adierazi du Berrondok. Dena den, sare sozialik ez zen garaietan ere baziren emanaldiak lortzeko formulak: «Txarangan genbiltzanok kontaktu ugari genituen, herri askotan ibiliak ginen ordurako, eta guk geuk deitzen genuen udaletxeetara taldea sortu genuela jakinarazteko. Garai hartan ez zegoen beste txaranga antolaturik, eta segituan egin ginen ezagun, inor baino lehenago iritsi ginelako», azaldu du Canariok. 

Ordutik hona urte asko pasa dira, eta Incansablesek momentu bikainak pilatzen jarraitzen du. Hala ere, dena ez da pozgarria izan berrogeita hamar urteko ibilbidean. Une gogorrena 1980ko apirilaren 19an iritsi zen; Zapa taldekidearen atabala pistola kolpez isilarazi zutenean. Txarangarentzat inflexio-puntua izan zen hura, eta aurrera egitea besterik ez zitzaien geratu. Aurrera egin, eta nola gainera. Canarioren moldaketa eta konposizioetatik atera ziren taldearen lehen diskoak, eta, denboraren joanean, parranda giroko txaranga izatetik profesional izatera igaro ziren,  beti ere hasierako funtsa mantenduta: «1981ean hasi ginen entseatzen, eta ordutik urtero hamar bat abesti berri ikasten ditugu. Orain arte laurehun moldaketa inguru eta berrogei konposizio ditut eginak», gehitu du Canariok. 

Mikel Berrondo, elektrotxarangako kidea, eta Joakin Ortega 'Canario' Incansableseko sortzaile eta partaidea.
 

Emanaldietako arrakastari buruz hitz egiterakoan bat datoz bi musikariak, eta egoera bakoitzak eskatzen duena interpretatzeko beharraz mintzo dira: «Gauza asko hartu behar dira kontuan: lehenik, kantu zerrenda landua behar da, pieza klasikoak eta une bakoitzean modan dauden abestiak tartekatuta, eta ondoren aukera guztietara egokitu behar zara», azaldu du Canariok. Berrondok dioenez, tankerakoa da Zuttiken funtzionamendua; gidoia prest eramaten dute, baina malgua da: «Guk normalean gazteak izaten ditugu inguruan, hortaz, ikusi behar dugu zein unetan dagoen jendea, geldialdi bakoitzean kanta egokiena jotzeko». 

Zuttikek oraindik ez du Incansablesen adinako kantutegi luzea, baina esfortzu handia egiten dute gazteen artean ezagunak diren abestiak pixkanaka emanaldietan txertatzeko. Lan handia eskatzen die kantu zerrenda handitzeak, eta orain, pandemia ostean motibazioa berreskuratuta, gogor dihardute lanean: «2019an sortu genuen taldea, dena bikain zihoan, eta pandemiak guztia gelditu zuen. Hala ere, orain ikusi dugu jendeak elektrotxarangak nahi dituela festetan, eta horrek pozten gaitu», nabarmendu du Berrondok. Gogotsu daude bi Incansables eta Zuttik berritasunak eta klasikoak Hernaniko kaleetan jotzeko.

 

Hernanik duen gatza

«Hernaniko festa giroa hitzez azaltzea oso zaila da, ikusi eta bizi egin behar da. Berrogeita hamar urtetan ez dut antzeko ezer ikusi». Canariok onartzen du askotan emozionatu izan dela Hernaniko kaleetan jotzen zuen bitartean: «Herri bakoitzak berezitasun batzuk ditu. Kaleetan zehar Mendiriz mendi edo Beti egarriak jotzen dugunean oilo-ipurdia jarri izan zait, baita jaien itxieran zortzikoa jotzean ere». Zuttik Elektrotxarangak, pandemiaren erruz, 2019an soilik jo du San Joanetan, eta oroitzapen polita dute lehen aldiaz: «Herrian jotzea gozamen hutsa da, halako momentuek ematen dizute jarraitzeko indarra, ikusten duzulako zure inguruko jendea gozatzen, eta guk ekarpena egiten dugula jendeak goza dezan». 

Lan asko egiten ari dira bi taldeak, eta esker oneko hitzak besterik ez dituzte: «Ez da erraza lanarekin eta egunerokoarekin motibazioa mantentzea, baina, oro har, egon garen leku guztietan eduki ditugu esperientzia bikainak, eskertzen da»,  dio Berrondok.  Cumbia, pasodoble eta rantxeren artean, ikus daiteke Incansables Txarangak zutik jarraitzen duela, eta Zuttik Elektrotxarangak, langile nekaezinen eskutik, ibilbide luzea duela aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!