Zerk ematen dio autonomia 8 urteko haurrari?

Erabiltzailearen aurpegia Altxa Burua Hernani

Badirudi adimendun ordulariak ematen diola gaur egun autonomia 7, 8 edo 9 urterekin lehen planak eta ardurak hartzen dituen haurrari. Baina, autonomia sustatu beharrean, ez ote du menpekotasun harremana, eta ondorioz, izaera sustatzen?

Hau da, haurren autonomiaren garapenean oinarrizko aldagaiak izan behar lukete konfiantzak, aurrez aurreko guraso eta seme-alaben arteko komunikazioak, lagunartean planak egiteko gogoa izateak, edota kalean eta edonon arduratsu ibiltzeko jarrera izateak.

Adin horretako haurrak poliki-poliki hasten dira eguneroko eskolarako edo eskolatik kanporako bidea bakarrik egiten; eskolaz kanpoko ekintzetara bakarrik joaten; ordutegi bat izaten etxeratzeko; etab. Hernanin 60 leku baino gehiago dituzte pegatina berdearekin, eta honek, ondo dakizuen bezala, esan nahi du bertako telefonoa erabil dezaketela larrialdi kasuetan. Izan daiteke: giltzak ahaztu zaizkiela esateko, ez dela gogoratzen nora joan behar duen, gehiago gelditu nahi duela kanpoan… normala baita autonomiaren bidean gai guztiak ez gogoan izatea lehen unetik.

Beraz, adimendun ordularia entregatu aurretik, pentsatu bi aldiz: zein erabilera eman nahi diozun guraso bezala, eta haurrak benetan zertarako erabiliko duen. Hori horrela, gure gomendioa argia da: bezperan edo goizean gogorarazi haurrari egun horretako bere ardurak zein diren, eta horretarako noiz eta non egon behar duen. Zalantzak baditu, argitu. Ez bada seguru aurkitzen, bidelagun izan. Ahal bada, adimendun gailuak haurrengandik urruti. Egin dezagun adimen naturalaren alde!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!