Mugikorra baino, irribarrea nahiago

Erabiltzailearen aurpegia Altxa Burua Hernani

Ikasturte berri bakoitzean bezala, Altxa burua Hernanik badu 2026/27an zehar landu nahi duen sentsibilizazio kanpainarako gaia: mugikorren presentzia murriztea bai kalean, eta baita haurren aurrean ere.

Horretarako, herriko hezkuntza zentro guztiekin bat eginda, 'Mugikorra baino irribarrea nahiago' kanpaina abiatu dute. «Mezu berri honekin haur eta gaztetxoen ikuskizunetan, guraso eta senitartekoen arreta geureganatu nahi dugu», diote taldeko kideek, «mugikorrekin etengabe grabatzen edo argazkiak ateratzen egon beharrean, momentuaz gozatu dezaten». Horrela, haurrek publikoari begiratu eta pantailak ikusi beharrean, helduen aurpegiak eta irribarreak ikustea lortu nahi dute.

Mezua herri guztira iristea nahi dute, izan ere, «haur eta gaztetxoen inguruan gurasoez gain, aitona-amonak, senitartekoak, lagunak, tutoreak… baitaude egunerokoan, eta guztiek kontzientzia hartzea nahi dugu». Horregatik, bideo bat egokitu dute, zeinetan, parodia moduan agertzen diren haur talde baten musika emanaldian guraso eta gertukoak mugikorrekin zein baino zein perspektiba hobetik grabatzen. Ikusi bideoa: kronika.eus/komunitatea/AltxaBurua.

Bestetik, helburu kolektibo hau lortzen lagun dezaketen aholku sorta luzatzen dute:

1. Ez grabatu edo argazkiak atera ikuskizun osoan zehar.

2. Hitz egin taldeko beste gurasoekin eta ordezkara izendatu.

3. Familian ere, ordezkari bat izendatu.

4. Saio osoan mugikorrarekin egon beharrean, talde argazkia atera amaieran.

5. Helduen sare sozialetara ez igo: gorde euren konfidentzialtasun digitala.

6. Mezularitza aplikazioen bidez zabaltzean kontuan izan: adin txikikoen irudiak zabaltzeko gurasoen baimena behar dela, eta baimenik ez baduzu, arau-hauste bat dela.

Batera urratsak ematea errazagoa denez, hemendik aurrerako ikuskizunetan mugikorrak irribarreekin ordezkatzea dagokigu.

 

*Jarraitu Altxa buruaren Whatsapp kanala: labur.eus/kanala

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!