Zure haurra eskolatik irteteko momentuan zaudela pentsatu eta mugikorraren soinu-alerta bat entzun duzu. Mugikorra hartu duzu, eta ohartu zarenerako haurra zuregana heldu da. Hitz egiten hasi zaizu, baina, zu mugikorrari itsatsita zaude. Ez da berez gai larria, ez du presarik, baina, tira, hori erantzuten baduzu kezka bat gutxiago izango duzula buruan. Bokadilloa eman diozu zure haurrari, eta hitz egiten jarraitzen dizu, baina, gero egingo diozula kasu esan diozu. Bazoaz eskola eremutik, haurra zugandik bi metrora, atzean duzula.
Iaz pegatina laranja sortu genuen, guraso eta helduoi begira, egoeraren larritasunaz jabetu arazteko: eskola-eremuetan, parkeetan eta haurren aurrean, mugikorrik ez. Benetan beharrezkoa den dei hori izan dadila haurraren eta helduaren arteko harremana etengo duen interferentzia bakarra. Gainontzean, mugikorrari alerta-soinu guztiak kendu (Whatsapp mezuak, emailak, sare sozialetako jakinarazpenak, etab.) eta gozatu zure haurra eskolatik ateratzen den une handi horrekin.
Ahaztu ordu batzuetan mugikorraz eta mundu digitalaz. Eman garrantzia orainari, analogikoari eta momentua partekatzen duzun pertsonei. Kalean zabiltzanean kalean ibili, elkarrizketetan adi, eta lasai, etxera iristen zarenean eta zure momentutxoa duzunean hor izango duzu mugikorra eta baita isildutako mezu guztiak ere. Baloratu zer den garrantzitsua, eta hori lehenetsi. Agian ez dituzu mezu guztiak erantzun behar. Baina, zure haurrarekin egotea, hori bai, hori beharrezkoa da.