Bihar goizeko 07:30etan hasiko da festa Gudarien Plazan. Edo, hobeto esanda, festak segida izango du. Hernaniko Herri Musika Elkarteak lehen aldiz erromeria antolatu du biharko dianaren ondoren, San Joanetako azken goiza girotzeko. Herriko jaietako soinu-bandaren parte dira urtero txistulariak (dianan, Azeri Dantzan, txupinazoan edo solte txapelketan) baina instrumentuaren irudi formalari buelta eman nahi diote oraingoan, Trixtulariak Jai-Jai! erromeriarekin.
Aurten, lehen aldiz, erromeria izango da San Joanetako azken goizean. Noren burutazioa izan da?
Patri Arozena: Taldean atera zen proposamena. Ohiko programaziotik harago zerbait berezia egin nahi genuen. Txistua aspaldidanik erabili izan da erromerietan eta bestelako formatuetan, baina interesgarria iruditu zitzaigun hori guztia ezohiko ordutegi batera eramatea: goizeko 07:30etara. Taldean hizketan hasi, ideiak partekatu, eta hortik sortu zen. Izan ere, dianaren atzetik urtero geratzen da jendea plazan. Haiei beste formatu batean txistua eskaintzeko aukera ikusi dugu. Ez bakarrik entzun, baita dantzatu eta gozatzeko ere.
Manex Zabaleta: Eta, neurri batean, azken urteetan hutsik geratu den tarte bat betetzera ere badator. Sokamuturra kendu zenetik hainbat saiakera egin dira goiz hori girotzeko, baina azken urteetan ez da ezer izan. Diana luzatzeko modu bat ere bada. Hasieran ez genuen argi erromeria izango zenik. Pentsatzen genuen jendearentzat erakargarria izango zen zerbait egitea. Azkenean, Errenteriako ikasle talde baten laguntza izango dugunez, eta haiek erromeria formatua lantzen dutenez, proposamena berez joan da erromeria baterantz.
Izena ere deigarria da: Trixtulariak Jai-Jai!
M.Z: Gure inguruko musikariren batek behin baino gehiagotan «tristulariak» deitu izan digu, txistulariek serio fama hori dugulako, nahiz eta ez garen jende serioa. Erromeria honek estereotipo horri aurre egiteko ere balioko du.
P.A: Hitz-jokoari buelta eman diogu: txistu, tristu, jai-jai... Taldean sortu zen txantxa batetik dator. Sentitzen dugu oso ekitaldi formalekin lotzen gaituztela eta horregatik aprobetxatu nahi genuen ordutegi eta publiko ezberdin batekin txistuaren beste alde bat erakusteko.
Nolako emanaldia izango da?
M.Z: Txistua izango da protagonista, baina instrumentazio handiarekin. Gure aldetik txistuak, silboteak eta perkusioa ariko dira; eta 6etzi erromeria taldetik trikitixa, bateria, baxua, gitarra, saxofoia, tronpeta, tronboia, teklatua eta ahotsa. Guztira 20 musikaritik gora elkartuko gara, eta pieza guztietan izango da txistua protagonista. Errepertorio aldetik ere, txistuaren topikoetatik pixka bat atera nahi genuen. Zortziko eta biribilketa klasikoetatik harago, gaur egungo erromeria taldeek jotzen dituzten kantak eskainiko ditugu, dantzatzeko modukoak.
Ezohiko ordutegia da erromeria baterako. Nor espero duzue plazan elkartzea?
M.Z: Nik uste dut hurbilduko den jende gehiena aurreko gauetik datorrena izango dela, festa luzatu eta Azeri Dantza hasi arte geratu nahi duen jendea. Azkenean, tarte hori girotzeko sortu da neurri batean ere, baina parte hartzaileen artean ere denetarik izango da. Batzuetan ematen du horrelako proposamenak gazteei lotuta daudela, eta gure artean helduagoak ere badaude goizeko seietan jaikitzeko prest daudenak eta erromeria honetan parte hartzeko gogo handia dutenak. Horrek ere erakusten du ez dela gazteentzako bakarrik pentsatutako ekimena.
P.A: Gaupaseroez gain jende gehiago hurbilduko dela uste dut. Dianek badute deialdi berezi bat, eta ziur nago urtero bezala goiz esnatzen den jendea ere hurbilduko dela plazara.
Txistu doinuak ezin dira falta herriko festetan. Zer pisu du instrumentuak herriko tradizioan?
P.A: Nik esango nuke diana Hernaniko jai programako ezinbesteko elementuetako bat dela. Kalean dabilenarentzat zein etxean dagoenarentzat erreferentzia bat da. Bereziki ekainaren 24koa, jaietako hasierarekin lotzen delako. Dianarik gabeko San Joanak irudikatzea zaila egiten zait.
M.Z: Oso presente dago. San Joanetan guk zuzenean antolatzen ditugun jarduerak hiru dira: ekainaren 24ko kontzertua, ekainaren 27ko diana eta aurten lehen aldiz egingo dugun erromeria. Gainerako parte-hartzeak beste eragileek eskatutakoak dira. Oinarri moduan behar gaituzte esaterako txupinazoan, San Joan suaren inguruan, Azeri Dantzan, buruhandiekin, dantza soltean edo San Joan eguneko dianan. Ez ditugu guk antolatzen baina gure partehartzea eskatzen duten ekitaldiak dira. Azkenean, txistua ezinbesteko pieza da herriko jaietako ekitaldi askotan.
Igandero egiten dituzue dianak, baina San Joanetakoek bestelako erantzuna izaten dute. Publiko desberdin batengana iristeko aukera ematen du?
P.A: Giroa erabat desberdina da. Igandetako dianetan lasaitasuna nagusitzen da; jotzen ditugun piezak ondo entzuten dira eta jendeak arreta handiz jarraitzen ditu etxetik. San Joanetan, ordea, jendea gurekin etortzen da. Festa amaitzen ari den jendearen eta gure egunaren hasieraren arteko topaketa moduko bat da, horregatik da hain berezia.
M.Z: Bitxia da. Urtean zehar jende askori gustatzen zaizkio igandetako dianak, baina beste askori ez. Eta, bat-batean, San Joanetan mundu guztiari gustatzen zaio diana. Nik uste dut, neurri handi batean, festak direlako gertatzen dela hori. Jendea kalera ateratzen da jaiak direlako, eta gure atzetik etortzen da. Ekainaren 27ko diana, adibidez, gaupaseroekin lotzen da beti. Hala ere, guk seriotasun handiz hartzen dugu irteera bakoitza. Badakigu atzetik gaupaseroak etorriko direla, baina puntualtasuna, janzkera eta errepertorioa zaintzen ditugu. Festa giroan egon arren, herriarekiko konpromiso bat ere bada.
Eta zuek herriko jaiak nola bizi dituzue lanean?
M.Z: Inplikazio handia dago atzean. Nik ez dakit San Joanak kanpotik bizitzen. Txikitatik aritu naiz saltsa batean edo besteak eta oso ondo pasatzen dut, nahiz eta lan handia izan.
Baina damurako tarterik ere izaten da?
M.Z: Noski. Batzuetan konpromiso gehiegi hartzen dituzu eta gero parrandan zaudela damutu egiten zara. Niretzat 27ko Azeri Dantza gogorrena izaten da. Egun asko daramatzazu jotzen, askotan ia lorik egin gabe, beroa duzu, egarri zara eta ez duzu urik… Orduan etortzen dira damu guztiak. Hala ere, gure artean banatu egiten ditugu zereginak, eta horrek laguntzen du. Txistuak talde bezala ekimen askotan parte hartzen du baina gero bakoitzak egin behar dituenak ez dira horrenbeste. Gainera, badaude ekintza batzuk talde handirako direnak, dianak esaterako, baina gainerakoak talde txikian egiten dira.
P.A: Askotan jotzen ari zarela pentsatzen duzu: «Zer egiten dut nik hemen?». Baina azkenean beti egiten duzu, aurrera egiten da eta San Joanetan dena da posible.
Hernaniko Herri Musika Elkarteko kideak eta 6 etzi erromeria taldeko kideak, entsegu orokorrean.
Elkartean belaunaldi desberdinetako kideak zaudete. Adin, ezagutza eta esperientzia maila ezberdinak elkartzen dira. Nolakoa da bizikidetza hori?
P.A: Nire ustez aberasgarria da. 30 kidek osatzen dugu gaur gaurkoz elkartea eta bakoitzak bere ekarpena egiten dio taldeari. Musikalki egon daitezkeen desberdintasunak konpentsatu egiten dira esperientziarekin, errepertorioaren ezagutzarekin edo taldearen alde egin daitezkeen bestelako ekarpenekin. Gainera, maila desberdineko jendea egoteak ere aberasten ditu kontzertuak, eta ez dezagun ahaztu elkarte bat ez dela musika bakarrik. Antolakuntza, borondatea, eguneroko lanak edo giroa zaintzea ere behar da. Horregatik esaten dugu profil guztiak direla garrantzitsuak. Zenbat eta jende gehiago eta anitzagoa izan, orduan eta gauza gehiago egin ditzakegu.
M.Z: Belaunaldi desberdinen arteko harreman hori oso polita da. Txistua, beste instrumentu asko bezala, zure adinekoak ez diren pertsonak ezagutzeko tresna ere bada. Musikarekiko lotura hori partekatzen duzu beste jende askorekin, eta horrek harremanak sortzen ditu. Nik adibidez, txistuari esker egin ditut lagun asko nire adinekoak, helduagoak baita gazteagoak ere.
Txistuak oihartzun handia izan du historikoki Hernanin. Atzetik datozen gazteen artean erronkarik badago erreleboarekin?
P.A: Nire kezketako bat bada erreleboarena. Ez nuke esango txistua galbidean dagoenik, baina sentsazioa dut ez dagoela bere unerik onenean. Oraindik badaude gazteak instrumentura hurbiltzen direnak, baina etorkizunera begira adi egon beharreko gaia da.
M.Z: Nik uste dut erronka ez dela txistuarena bakarrik. Oro har, euskararekin eta euskal kulturarekin gertatzen ari denaren parte da. Gero eta nazioartekoagoak gara, informazioa beste hizkuntza batzuetan kontsumitzen dugu eta erreferente kulturalak ere aldatu egin dira. Horrek guztiak eragina du. Ez dut esaten euskal kulturak interesik sortzen ez duenik, baina askotan ikusten dugu ikuskizun handiek erraz betetzen dituztela aretoak, eta eguneroko kultur jarduerek, berriz, zailtasun handiagoak dituztela jendea erakartzeko. Bertsolaritzan, herri kiroletan, euskal dantzan edo txistuan bertan antzeko kezka partekatzen dugu askok. Azkenean, erronka ez da bakarrik jendea ekitaldi batera joatea; eguneroko kultur sare horri eustea ere bada.
