«Emaila hiru eguneko atzerapenarekin ireki nuen eta txiripaz jabetu nintzen ni nintzela saritua»

Erabiltzailearen aurpegia Aloña Beraza Peña 2022ko aza. 16a, 10:00

Iker de las Heras matematikari hernaniarra Dusseldorf hirian bizi da egun, baina urte berriarekin batera hartuko du Brasiliarako bidea.

Urte biribila ari da izaten Iker de las Heras matematikari hernaniarrarentzat, ereindako hazia ari delako fruitua ematen; Reinhold Baer Prize matematika saria eta Marie Curie beka jaso berri ditu talde teorien gainean egindako lanagatik. Alemanian bizi da egun, eta datozen bi urteak Brasilen emango ditu ikerketan.

AGTA irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Aracne argitaletxe italiarrak urtero elkarlanean Reinhold Baer Prize matematika saria banatzen dute, eta abuztuaren amaieran saritu dute aurtengo irabazlea; Iker de las Hernas matematikari hernaniarra. Urriaren amaieran, ordea, Europako Ikerketa Agentziaren Marie Curie beka jaso du. Bi errekonozimenduak  dira talde teorian egindako doktoretza tesiarengatik. Dusseldorf hirian bizi da gaur egun, eta hasiera batean urtarrilean etxera itzultzeko asmoa bazuen ere, Marie Curie bekari esker bi urteko egonaldia egingo du Brasiliako unibertsitatean.

Nazioartean sari bakarra eskaintzen zaio talde teoriari, eta aurtengo irabazlea zu zara.  Nola hartu zaitu izendapenak?

Ez nuen inondik inora espero. Gogoan dut sarietarako hautagaitza aurkeztu nuela nire tesiko zuzendariak hala eskatu zidalako. Nire lanean teorema dezente lortu ditut, eta irakasleak esan zidan oso tesi ona egin nuela eta saria irabazteko aukerak nituela. Hasieran ez nion jaramon askorik egin, ez nuen sinisten, baina gerora, tesia nazioarteko zuzentzaile batzuen eskuetatik pasa ondoren pentsatu nuen merezi zuela hautagaitza aurkezteak.

Abuztuaren amaieran jaso nuen emaila. Mezua postontzira iritsi eta hortik hiru egunetara ikusi nuen, oporretan nengoen eta ez nintzen lehenago konturatu. Mezuaren goiburuan “prize” hitza agertzen zela ikusi nuen, eta segituan pentsatu nuen irabazlea honezkero izendatua zegoela. Ez nuen planteatu ere egin ni izan nintekeela, eta mezua osotasunean irakurri nuenean ez nuen sinisten. Bost aldiz irakurri nuen emaila osorik ongi ulertzen ari ote nintzen jakiteko. Eskuetan kilimak ere sentitu nituen. Zuri-zuri geratu nintzen, eta ama galdezka nuen ea ondo ote nengoen.

Matematikari aljebrista alemanaren izena darama sariak, emaitza asko garatu zituen Reinhold Baer maisuak talde teorien gainean eta esparru honetan gabiltzan guztiok ezagutzen dugu saria. Nazioartean halako garrantzia duen errekonozimendua jasotzeak poz handia ematen du. Batez ere motibazio handia ematen dit bidean aurrera jarraitzeko, ikerketaren mundua ez baita batere erraza.

«Reinhold Baer Prize saria amari eta nire Bilboko amamari eskaini diet»

 

Aurten talde teorietan ekarpen handiena egin duen matematikaria zara, baita saria jasotzen duen historiako lehenengo euskalduna ere. Zer esan nahi du honek zure ibilbide profesionalean?

Beste arlo batzuetan gertatzen den moduan, matematikaren munduan diru-laguntzak lortzea oso zaila da. Artean edo filosofian gertatzen den antzerkoa bizi dugu matematikan ere bai. Ekarpen ekonomikoak jasotzea kosta egiten da, beraz, proiektua garatzeko dirua eta soldata lortzea askotan miraria izaten da. Zailtasun handiak ditugu; erakundeek tamalez garrantzia handiegia ematen diote proiektuak izan dezakeen berehalako diru ekarpenari, eragin ekonomiko zuzenari erreparatzen diote, eta egun ez da baloratzen ezagutza hutsa, ezagutza purua. Eta errealitatea oso bestelakoa da; ezagutza beharrezkoa da nahiz, eta gero ez aplikatu.

Sari honek balio berezia ematen dio ahalegin horri, nire ustez ezagutzaren alderik politena delako ezagutza bera, hutsean. Nire proiektuaren helburua ezagutza hutsa da, eta hori ez denez baloratzen, sari honek lagunduko konpentsatzen. Interes ekonomikorik ez, baina nazioarteko sari garrantzitsuena jaso du.

Aljebra abstratuaren arlo bat da talde teoria, eta esparru horretan egindako lanarengatik saritu zaituzte. Zer da jorratu duzuna?

Matematika bi arlotan zatitzen dela esan daiteke; matematika aplikatua eta matematika hutsa ala matematika abstraktuaren izenarekin ere ezagutzen dena. Aljebra matematika hutsaren barruan sartzen da, eta hor kokatzen dira talde teoriak. Talde mota abstraktuak dira, zenbakiz osatutako taldeak izan daitezke, edota baita matrizeenak ere bai. Nik are kontu abstraktuagoak lantzen ditut, zenbakiak ere ez direnean, kontzeptu abstraktuetan mugitzen naiz ni, eta egitura aljebraiko horien gainean ikertu dut nire tesian.

 

«Dusseldorfen ez dago kaleko kulturarik, eta faltan somatzen dut hori. Oso hiri eskuindarra eta aberatsa da, eta ez dago alternatibarik»

 


Gutxieneko oinarri batzuk bete behar ditu lanak saria jaso ahal izateko. Zeintzuk dira baldintza horiek?

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da 35 urtez azpikoa izatea, eta azken urtean talde teoriaren esparruan ekarpenik onena nork egin duen aztertzen dute; izan daiteke artikulu zientifiko bat kaleratu izanagatik, edota doktoretza tesi bat egin izanagatik.  Bigarrena izan da nire kasua.

Sariaren bila joateko aukerarik izan duzu?

Ezin izan dut fisikoki jaso, baina etxera bidaliko didate diploma bat da oroigarri gisara, eta gero mila euroko diru-saria. Mezua abuzturen amaieran jaso nuen eta sari banaketa irailaren 21ean zen Castertan, Italian. Hain justu data horretarako dagoeneko antolatua nuen bost asteko egonaldia Brasiliako Unibertsitatean, bertako irakasle batekin lan egin nahi nuen aspalditik eta bidaia antolatuta nuen lehendik. Hala ere ekitaldian bertan izan ziren nire Dusseldorfeko Unibertsitateko lankide batzuk eta bidali zizkidaten bideoak. Polita izan zen, publikoaren artean ezagutzen ninduten jendea zegoen eta nire anekdota batzuk ere kontatu zituzten. Nire esker oneko eskutitza irakurri zuten ekitaldian. Eskerrak eman nizkien lagunei eta familiari, eta saria amari eta nire Bilboko amamari eskaini nien.

Matematikaren mundua anitza da, zergatik aljebra?

Matematikako graduaren hirugarren mailan aukeratu behar duzu matematika hutsaren edo aplikatuaren artean. Nik osoa argi nuen hutsa egin nahi nuela, nahiz eta aitak esaterako zalantzak zituen. Izan ere, aplikatua egiten baduzu askoz errazagoa da gero lana lortzea, eta soldata duin bat izatea. Aldiz, matematika hutsetik bizitzea zailagoa da. Dena den, hori zen gustatzen zitzaidana eta saiatu egin nahi nuen. Hortik aurrera aukeraketa ez zen horren argia, atal asko daudelako hutsaren barruan (aljebra, geometria…) eta niri dena gustatzen zait. Aljebran oso irakasle ona tokatu zitzaidan, feeling berezia izan genuen eta asko motibatu ninduen, berarekin egin nuen tesia baita ere. Ez dakit zein punturarte izan den nire erabakia aljebraren eta talde teorien aldeko apustua egitea, uste dut bidean beste irakasle oso on batekin topo egingo banu hautaketa beste modu batekoa izan zitekeela.

«Brasiliako ikerketak izugarri motibatzen nau, teorema politak lor ditzakedala iruditzen zait»


Nolakoa da matematikari baten egunerokoa, matematikari zoroa al zara?

Gure lanak bi atal dituela esango nuke, burokraziarena eta bulegoko lana. Tramiteen lana da agian ezezagunena, eta hori da gure lanaren alderik ilunena. Gero eta ardura gehiago eduki, gero eta tramite gehiago egin behar izaten ditugu. Aldiz, bulegoko lana asko gustatzen zait. Ez dut ordutegi finkorik, bulegora joan eta lasai pentsatzen jartzen naiz. Nahi dudanean joaten naiz bulegora, eta bestela etxetik aritzen naiz. Orri zuri baten aurrean jartzen naiz arkatza eskuan eta pentsatzea da nire lana. Problema bat dugu aurrean, nola ebatzi jakin behar dugu guk.

Hala ere egun guztiak ez dira berdinak, noski. Nik buruari egiten diot kasu inspiraziotik asko duelako gure lanak, nahiz eta zure burua derrigortu, batzuetan ez du funtzionatzen. Aitzitik, beste batzuetan, gauerdian ohean buruari bueltak ematen egoten naiz eta zerbait datorkidanean mahaiean eseri eta goizeko hirurak arte eman dezaket lanean. Lagun bat etorri zitzaidan behin bisitan eta horixe gertatu zitzaidan, gauerdian lanera altxatu nintzen eta lagunak galdetu zidan ea zertan ari nintzen. Batzuetan esaten didate matematikari zoroa diruditela, ez beti, baina gertatzen da.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten Dusselforfekoa?

2020ko abenduan iritsi nintzen, beraz, bi urte egingo ditut laster Alemanian. Egia da behartuta etorri nintzela, tesia bukatu nuenean ikerlari lana bilatu nahi nuen, Italian saiatu nintzen, baita beste unibertsitate batzuetan baina ez nuen lortu. Bitxia da unbertstateko gradua egin, masterra bukatu, eta doktorego tesia aurkeztuta, akademikoki ibilbide osoa izanik ere gure herrian ez dago lanik guretzat, oso prestatuak gaude, baina atzerrira joan behar dugu derrigorrez ezezkoak besterik ez ditugulako jasotzen, oso injustua da. Azkenean Dusseldorfeko unibertsitateko irakasle bat ezagutzen nuen, eta berak esan zidan lortu zezakeela postu bat niretzat hemen.

Bi irakasgai ematen ditut unibertsitatean, lie aljebrak eta aljebra linealak. Gustura nago, aldeak somatzen ditut bi hezkuntza sistemen artean, baina ohitzen zara. Aldaketa nabarmenena hizkuntzarena izan dela esango nuke ingelesez ematen ditudalako eskolak, baina egia da ikasleekiko distantzia asko dagoela Alemanian. EHUn eskolak ematen aritu nintzen denbora batez Eibarren ingenieritzako graduan eta oroitzen dut ikasleen izenak nekizkiela, eta banekiela zein motibazio zuen bakoitzak. Hemen dena askoz ere anonimoagoa da.

 

 

 

Zer dio hiriak eta nolakoak dira alemaniarrak?

Ohitura aldaketa handiak daude, gastronomiatik hasita. Guk jatekoari garrantzia handia ematen diogu, eta hemen ez horrenbeste. Harreman sozialetan ere nabaritzen dira aldeak, orokorrean pertsona batekin duzun lehenengo kontaktuan nabaritzen duzu oso hotzak direla, serioagoak. Niri horretara ohitzea kosta egin zitzaidan hasieran.

Hala ere uste dut badirela Alemaniarrenak baino, Duseldorffeko kontuak direla asko. Hirian ez dago mugimendu sozial asko, 600.000 biztanle ditu baina ez dago gaztetxe baten antzerako figurarik. Diru asko dago, oso hiri eskuindarra da eta hori nabaritzen da. Ez dago alternatibarik Euskal Herrian egon daitekeen moduan, antolatzen diren kontzeptu guztiak dira kontzertu klasikoak edo nazioarteko izarrenak, ez dago beste alternatibarik. Ezustekoa izan da hori niretzat, eta hori somatzen dut faltan, ez dago kaleko kulturarik. Hala ere hiria erosoa da, jatetxe asko daude, eta giroa ere atsegina da.

«Bekaren berri hiru egun beranduago izan nuen baita ere, hitzaldian nengoen eta beranduago deitzeko eskatu nien»


Bigarren albistea duzu Marie Curie bekarena. Izendapen honek ezustean harrapatu zaitu baita ere?

Baten segidan bestea, eta bigarrena ere ez nuen espero. Ostiral batean deitu zidaten eta hitzaldi batean nengoenez astelehenean deitzeko eskatu nien. Beraz, kasu honetan ere bai hiru egun beranduago jakin nuen. Ez zidaten ez emailik edo jakinarazpenik bidali aurretik, beraz ez nuen inondik ere espero horrelako berri on bat izango zenik. Tesiko zuzendariaren gomendioz aurkeztu nuen lana hona baita ere, eta egia da hemen esperantza gehiago nituela. Hasieran ez zidaten beka eman, baina dirudienez aurrekoak uko egin dio, eta zerrendan ni nintzen hurrengoa. Lan handia egin dut, baina zorte kontua izan da baita ere.

Hiru urteko egonalditik bi Brasilen egingo dituzu, eta bestea Leioan. Erabakia argi zenuen?

Hiru urteko beka da, bi Europatik kanpo egitekoak eta azkena Europako unibertsitate batean. Munduko edozein unibertsitate aukeratu daiteke, eta irailean Brasilian izan naizenean oso gustura egon naiz, nire esparruan adituak diren bi ikerlari on daude bertan. Izugarrizko esperientzia izan da, bai hiri aldetik, bai kultura aldetik, eta baita matematikoki ere. Orain bi urte oso egingo ditut bertan, eta kasu honetan ikerketa lanak egin beharko ditut bakarrik, irakaskuntza ordutegirik gabe. Hala ere etxera itzultzeko gogoa ere badut, eta hirugarren urtea Leioako EHUko Matematika Departamentuan egiteko baliatuko dut.

«Bi amets bete nahiko nituzke; baserri batean bizitzea eta inork argitu ez duen teorema bat frogatzea»


Orain orduan Brasilerako maletak prestatzea dagokizu. Gogotsu zaude?

Alde batetik bi urte Brasilen egoteak beldur pixka bat ematen dit oso urruti dagoelako, eta gainera gogoa dudalako Hernanira itzultzeko eta behingoz bertan geratzeko. Baina, bestalde, matematikan egin dezakedan ikerketak izugarri motibatzen nau, teorema oso politak lor ditzakedala iruditzen zait. Gainera Brasil da, bost asteko egonaldia egin dudanean oso ondo egon naiz bertan, eta ziur ondo egongo naizela oraingoan ere bai. Gainera, nahi dudanean hasteko aukera ematen didate. Beraz, gabonak etxean pasako ditut, Hernanin, eta gero Alemaniara itzuliko naiz herrialdea agurtzera eta nire gauzen bila. Uste dut otsailaren hasieran joatea erabakiko dudala, baina oraindik ez dut guztiz argi.

Aurretik beste herrialde batzuetan bizi izan zara. Baduzu etxera itzultzeko asmorik?

Masterra Italian egin nuen,urte eta erdi eman nuen Padovan eta oso gustura egon nintzen, zoriontsua naiz italiarren artean, bertako kultura oso gustuko dut. Hilabeteko egonaldia ere egin nuen beranduago ingalaterran, gero Bolonian ere egon nintzen. Oso pozik nago aukera hauek guztiak gozatzeagatik, baina egia da ez dela berdina bost astetarako joatea ala bi urtetarako. Asko bidaiatzen da ikerlari moduan, izugarri ikasten duzu, kultura eta jende asko ezagutzen duzu, baina nekagarria ere bada. Bost urte daramatzat horrela eta nik oso argi dut nik Euskal Herrian bizi nahi dudala. Leioan eskolak ematea da nire nahia, EHUko ikerlaria izatea.

Bi sari, eta herrialde berri bat aurretik. Baduzu lortu nahiko zenukeen ametsik?

Atzera begirako errepasoa egingo banu saria eta beka ez nituen imajinatu ere egingo, ezta Italian bizitzearena, Alemaniako egonaldia edota orain Brasilian datorkidana. Egia da ikasketetan ikusi nuela gogorra zela ikerlari izatea, baina ez nuen espero horren zaila izango zenik, horrenbeste bidaiatzea eskatuko zuenik ere ez. Dena den, beti egin dut amets ikerketaz bizitzearekin, eta lortu dudala esan daiteke. Horrek oso zoriontsu egiten nau, baina bigarren ametsa pendiente dudala badakit; baserri batean bizi nahi dut Euskal Herrian, matematika nire baratzarekin batera uztartuz lasai-lasai.

Ikerlari gisara, ordea, anbizio handiegiko ametsa izan daitekeen arren, gustatuko litzaidake noizbait teorema on bat frogatzea. Ez orain arte frogatu ditudanak bezalakoak, baizik eta bat garrantzitsua; urteak ebatzi gabe doan teorema bat argitu nahiko nuke, orain arte inork ebaztea lortu ez duen teorema bat frogatzea, alegia. Izugarria litzateke hori lortzea, bideragarria den ez nago ziur, hala ere ez dut esperantzari galtzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!