Bi urteko geldialdiaren ondoren indartsu dator Hernaniko Erraldoi eta Buruhandien konpartsa. 2019ko San Joan jaien ondoren bazirudien taldearen jarduna etetear zela, tartean, ordura arte konpartsaren gidaritza zeraman Jose Angel Segurak erretiroa hartu zuelako. Une horretan Hernaniko Erraldoi eta Buruhandiek zein bide hartuko zuen erabaki behar izan zuen taldeak, eta ordutik norabide berria zehaztu du Hernaniko konpartsak. Aitor Aiestaran, Herburu elkarteko lehendakaria: «Jose Angelek utzi zuenean aukeratu behar genuen orain arte egindakoari amaiera ematea edo taldearen dinamika guk hartzea. Konpromisoa hartu eta Udalarekin bilerak hasi genituen. Eskakizunak onartutakoan, konpartsa formalki antolatzen hasi ginen eta horrela sortu dugu Herburu elkartea, Hernaniko Erraldoi eta Buruhandien konpartsa».
Konpartsak Udalari egindako eskakizun horietako bat izan da erraldoiak birgaitzea eta protagonista berriak taldera gehitzea. «Erraldoien egoera aztertuta, hogei urte pasatxo ziren berrikuntzarik egiten ez zela eta kalera ateratzeko materialak prest egon behar zuen. Jantziak zaharkituak zeuden, eta koloreak itxusituta», kontatu du Aiestaranek.
Gauzak horrela, bi erraldoi berri egiteko proposamena plazaratu zuen elkarteak; Adarra eta Sorgina. Argi zuten zeintzuk izango ziren bi kide berriak, herriko jaietako Akelarreari loturikoak izan behar zutela, alegia. «Bereziak dira eta jendeak segituan identifikatuko ditu. Herriari errotutako bi pertsonaia dira, jaien izaeran oinarrituta daudenak eta gazteriaren isla direnak», gaineratu du.
Adarra eta Sorgina Irunen eginak dira, Garateren tailerrean, hain zuzen ere, aurretik dauden bi erraldoiak 1998. urtean sortu ziren leku berean. Jantziak, ordea, Iruñerrian egindakoak dira, Fermin Teruelen lantegian. Honenbestez, goitik behera prest dago Akelarreko bikotea, orain arte Hernaniko kaleetan aritu diren Joxe Mari eta Mari Karmeni konpainia egiteko. Honela, San Joan hauetan lehenengo aldiz irtengo da konpartsa lau erraldoirekin eta sei buruhandirekin.
Irudi bakoitzak erreferentzia bana
Herritarrentzat aski ezagunak dira Hernaniko konpartsako figurak, betikoak dira. Hala ere, figuren atzeko istorioa da, ziurrenik, orain arte herritar gutxi batzuengana soilik iritsi dena. Mari Karmenen izenak Andrekaleko Karmen Jaiei egiten dio erreferentzia, bertan jaio eta bizitako jostuna izan baitzen, eta emakumeen ordezkaria da konpartsan. Senarrarekin batera irteten da kalera, Joxe Mariren alboan. Bigarren erraldoia baserritarra da, artzaina, eta beti dago artaldea gidatzeko prest makila eskuartean duela.
Buruhandi bakoitzak badu zer kontatua baita ere. Pirata herriko Portu auzoaren ordezkaria da, garai bateko itsasontzien etorrera oroitarazteaz arduratzen dena. Karlistak, ordea, XIX. mendeko Gerra Karlistak herrian utzitako arrastoari egiten dio erreferentzia. Bufoia burgesiaren eta garaiko aristokraziaren irudia da, herriko jauregietan bizitako gorteei eta klase altuaren isla. Oilarra, askorentzat buruhandien artean bizkorrena, baserritik datorren animalia da, beraz, baserriaren ordezkari fina da, amonaren pareko. Azeriari dagokio seigarren postua, eta izenak berak agerian uzten duen eran, Hernaniko Azeri Dantzaren protagonista hurbiltzen du honek taldera.
Konpartsa batetik bestera erraldoien pisua ere aldakorra da. Hernanikoak ez dira astunenak, 30 kilo ingururen bueltan dabiltza eta hiru metro eta erdi neurtzen dute. Hala ere, kalera irten aurretik, makina bat buelta emanak izaten dira partaideak, besteak beste, udaletxean egiten dituzten ostegunetako entseguetan. Estebe Atorrasagasti konpartsako kideak azaldu du entseguen maiztasuna emanaldien araberakoa izaten dela: «Irteeren arabera egiten ditugu entseguak. Hasieran figurarik gabe entsaiatzen dugu dantzak ikasteko, gero maskarak jantzi eta erraldoien azpian sartzen gara. Erreferentziak aldatu egiten dira barruan zaudenean, erraldoiek oreka eskatzen dute, eta buruhandien maskarak enbarazu egiten du dantzarako». Konpartsaren irteeretan dantzarik gehien erraldoiek egiten dute, buruhandiek Idiarena izeneko obra soilik dantzatzen baitute, erraldoien ondoan hori ere bai. Aurten, ordea, aldaketa egongo dela iragarri du: «Idiarenak moldaketa batzuk izango ditu, eta kantu berri bat ere egongo da; Baionako Jota».
Ostegunaren aitzakia
Entseguak dinamikoak izaten dira, hala dio Aiestaranek: «Erakargarria ez da soilik bueltak ematea, pausoen konplexutasunean dago gakoa. Kalejirek sormenerako bide ematen dute, nahi duguna egin dezakegu». Konpartsako kide izateko dantzan egiten jakitea ez dela beharrezkoa dio, hori ere ikasi egiten dela. Honenbestez, momentuz, gutxieneko baldintza bakarra dago konpartsan sartzeko; 16 urte beteta izatea. «Aurten, gainera, jende berria sartu da, tartean bi emakume ere animatu dira eta denek primeran harrapatu dute erritmoa. Denera 25 bat kide izango gara orain», kontatu du.
Gehienez ordu eta erdiko entseguak egiten dituzte, nahikoa ariketa fisiko egin, eta bukatu bezain pronto taldekide guztiak elkarrekin joaten dira tabernaren batera. “Lagun-talde baten parte izatea da, ez zatoz soilik erraldoiekin aritzera. Dinamika hori ere aldatu nahi dugu”, dio Atorrasagastik. Ostegunen izaera soziala elkartean txertatzea ezinbestekoa dela gehitu du Aiestaranek: «Osteguna da eta denok egoten gara nekatuta, amaitzean gustuko dugu elkarrekin beste zerbait partekatzea. Giro soziala mantendu nahi dugu, proiektuak erakargarria izan behar du».
Aldaketak aldaketa, ezaugarri bat mantentzearen aldeko apustua egin du Herburuk; herriko jardueretan parte hartzea eta gainerako eragileekin aritzea. «Herrian sortu dugu elkartea herriko beharrak asetzeko eta horrela funtzionatu nahi dugu. Aurten denbora gainera etorri zaigu, ez dugu astirik izan beste eragileekin hartu-emanik izateko. Momentuz, musikariekin dugu zuzeneko harremana, eta oso eskertuta gaude eman diguten babesarengatik. Gainerako taldeekin aritzea gustatuko litzaiguke, beraz, gurekin kontatu nahi duenak jakin dezala prest gaudela». Hala ere, aurtengo gutxi gora beherako agenda osatua dute honezkero; San Joan jaietako irteerak ekainaren 23an, 25ean eta 26an egingo dituzte, Euskal Jaietan arituko dira, eta baita Inauterietan ere.
Bidean luze eta zabal
Betiko datetan, baina ez betiko ibilbidean. Aurretik gurutzatu gabeko errepideak igaroko dituzte aurten. Hasierak ez du moldaketarik; Gudarien Plazan dute hitzordua eguerdiko hamabietan. Hortik aurrera, berrikuntzak. «Ibilbidean zehar erraldoi bakoitza bi edo hiru lagunen artean kudeatuko dugu, abesti bat bukatu orduko egingo dugu aldaketa», dio Atorrasagastik.
Andrekaletik egingo dute behera Plaza Berrira iritsi arte, eta hori izango da geraleku nagusietako bat, nahiz eta geldialdi gehiago ere egongo diren. Ondoren, Plaza Berritik Zinkoenearaino jaitsiko dira, eta gero Kale Nagusitik igo beharrean, Txirrita kaletik egingo dute gora, Urbieta kaleko oinezkoen gunera sartuz. Handik Biteri kaletik gora, Nafar kalea gurutzatu, eta hortik Kale Nagusira igaroko dira, berriro ere hasitako tokian bukatzeko; Gudarien Plazan. “Ibilbidea berritu nahi izan dugu, luzatu, herriko beste kide batzuengana iritsi nahi dugulako baita ere”, argudiatu du elkarteko lehendakariak.