Gurasoen urrezko ezteiak izan berri dira.
Mahai baten inguruan bildu gara, belaunaldi ezberdinak mahai-zapi beraren bueltan.
Betidanik gustatu izan zaizkit tarte horiek.
Janaria baino gehiago partekatzen delako agian: beldurrak, ametsak, isiluneak eta historiak. Pentsa, gurasoak, zenbat bizituak. Zenbat kontatzeko!
Bitxia da, hainbeste bizituak eta hain isilik jasotzea guzti hura. Baina, zer da guzti hura? Zer bizitu dute 70 urte hauetan? Nola bizitu ote dute?
«Zirelako gara. Garelako izanen dira» ozen esaten dugu. Baita «erre zenituzten sorginen oinordea gara gu».
Nor izan ziren gure aurrekoak? Nor ziren sorgin haiek (hauek, bere horretan, 70 urte atzera baino gehiago bizituek kontatuko zuten, noski)?
Has gaitezen pausoz-pauso.
Ikus dezagun makinak zer dakien azken 70 urteotaz:
Galdera: Zer gertatu da Euskal Herrian azten 70 urteetan?
«Azken 70 urteetan, Euskal Herria:
• diktadura batetik autonomia instituzionalera pasa da,
• gatazka armatu luze bat bizi eta amaitu du,
• hizkuntza gutxitu baten berpizkundea sustatu du,
• eta industria zaharretik ekonomia moderno eta teknologikoago batera eraldatu da».
Galdera: Nor ziren sorginak? Zergatik erretzen zituzten?
«'Sorginak' deitzen zieten, batez ere, sendabelarrak ezagutzen zituzten emakumeei, ohitura zaharrak mantentzen zituztenei edo gizartearen arauetatik kanpo bizi zirenei. Garai batean, jende askok uste zuen deabruarekin harremana zutela eta gaitzak edo zoritxarrak eragin zitzaketela.
Horregatik, beldurragatik, superstizioagatik eta botere erlijioso zein politikoaren kontrolagatik, askok sorginkeriaz akusatu zituzten. Zenbait kasutan epaitu, torturatu eta bizirik erre ere egin zituzten, batez ere XVI. eta XVII. mendeetan. Euskal Herrian ezagunena Basque witch trials izan zen».
Hauxe da gure gazteek, gure ondorengoek, jakintza bezala jasoko dutena. Ikastoletan jasotzen dutenaz aparte, noski.
Makinak, datuak emango dizkigu. Laburpenak. Kronologiak.
Baina ba al daki zer sentitzen zen guardia zibilaren auto bat herrira sartzen zenean?
Ba al daki zer zen etxean euskaraz egitea baina kalean isiltzea?
Ba al daki zer zen seme-alabek ikasteko aukera izan zezaten gurasoek egindako sakrifizioa?
Duela egun gutxi Carlos Garaikoetxea zendu zen. Hark 87 bizitu zituen. «Askatasunak berreskuratu eta Trantsizioaren ondoren Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria». Dio Wikipediak. Herri honen ongizatearen ameslea izan zela zioen nik oso maite nuen Iruindar batek. Etxeko mahaiean zera esan nuen: «Garaikoetxea hil da». Eta etxeko gazteek (batak 13 urte ditu eta besteak 16), behiek trenari begiratzen dioten moduan egin zidaten so. Azaldu nien nor zen, nire jakintza eta ametsak nahasiz. Gero galdetu nien, ea bai ote zekiten nor zen egungo lehendakaria. Zaharrenak bazekien. Gazteak oraindik ez. Eta bigarren indar politikoak lehendakari hautagai nor duen galdetu nuen. Bazekiten.
Galdera berberak egin nituen inguruko helduen artean. Jende jantzia dela uste dut gaur egungo heldua. Kezka handiz bizitu nuen ikusi nuena: ez zekiten nor zen zehazki Garaikoetxea. Egungo lehendakaria nor den gehienek bazekiten. Baina bigarren indar politikoaren lehendakari gaia ez.
Hau guztia aztertuta, memoria astindu eta maiz entzuna naizen hitzak datozkit gogora: «gaur egungo gazteek ez dute ardurarik», «gaur egungo gazteek informazio gehiegi dute», «gaur egungo gazteek…». Baina zer diogu gaur egungo helduek? Ez gara ez matxista ez feministak. Apolitikoak gara. Zetak entzuten dugu baina ez dakigu Garaikoetxea nor den. Politikari guztiak hustelak direla diogu, baina nor diren jakin gabe.
«IAk galduko gaitu».
«Gazteak axolkabeak dira, eta ezjakinak».
Ez al dira esaldi nahiko arduragabeak? Niri gogorrak egiten zaizkit.
Askotan esaten dugu gazteek ez dutela interesik.
Baina erakutsi al diegu interesatzen?
Kontatu al dizkiegu gure istorioak?
Edo IA eta pantailak errudunduz nahkoa da, geuk isiltasuna aukeratzen dugun bitartean? Arazoa zer da, IA eta TikTok, edo gazteek mahai ingururik ez izatea helduon agenda ezintasuna dela eta?
Orduan, IA al da gure arazoa edo geure gazteekin solasdiak izateko dugun ezintasuna?
Zerk beldurtzen zituen gure aiton-amonak? Gure gurasoak? Eta gure gazteak?
Zer amesten zuten gure aiton-amonek? Gure gurasoek? Eta gure gazteek?
Aita eta ama entzungo ditut, Nafarroako bizipenak. Baserritar euskaldun batek eskolan topatzen zuena. Edo Iruineko gazte batek, ahulenei laguntzeko amesten zituen sistemak argiratzean pairatzen zituen ondorioak.
Historiak ez direlako liburuetan bakarrik gordetzen.
Etxeko mahaien inguruan ere gordetzen dira.
Begirada batean.
Isilune batean.
«Gogoratzen?» batekin hasten diren kontakizunetan.
Ametsak askean baitira.
Eta gu?
Agian gure askatasunik handiena ez da dena jakitea.
Elkar entzuten jarraitzea baizik. IAk egiten ez dakien bezala, begietara elkarri begira.