IA euskaraz ari garelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ainara De Miguel Berasategi 2026ko apirilaren 25a

Azken aste hauetan Euskara izan da hizpide. Korrika batetik, euskaldunon aberri eguna bestetik eta ETS Bartzelonan milaka lagunen euskara musikatuz.

Gaurkoan irudi batetik abiatuko naiz: sareetatik jasoa da, IAk sortua den edo ez, jakin gabe.

Hau abiapuntutzat hartuz, ze­ra galdetu nahiko nizueke, zin­tzotasunez erantzun dezazuen erreguz: Zer ikusten duzue hemen? Ez naiz koloreez edo azaleko deskribapenaz ari. Eta orain, beste galdera bat datorkit: zuk non kokatzen duzu euskara? Zer da euskara?

Korrika, IAri galdetzera noa bere ustez zer den esateko: «Zer da AEKren korrika?».

AEKren Korrika Euskal Herri­an egiten den ekimen erraldoi eta hunkigarria da, euskararen aldekoa.

Antolatzailea AEK da (euskaltegi sarea), eta helburu nagusiak bi dira:

• Euskara sustatzea eta ikusgarri egitea

Dirua biltzea euskaltegiak eta helduen euskalduntzea laguntzeko

Nola funtzionatzen du?

Korrika bat da, etenik gabea: egunez eta gauez, hainbat egunez jarraian.

• Euskal Herri osoa zeharkatzen du, kilometroz kilometro.

• Jendeak lekukoa eramaten du korrika, eta barruan mezu sekretu bat gordetzen da.

• Amaieran, mezu hori jendaurrean irakurtzen da.

Zer da berezia?

Ez da kirol ekitaldi hutsa. Festa bat da:

• Herriz herri giroa, musika, aldarrikapena

• Adin guztietako jendeak parte hartzen du

• Euskara bizirik eta kalean erakusten du

Laburbilduz:

Korrika euskararen aldeko lasterketa sinboliko eta soziala da, herri oso bat martxan jartzen duena.

Herri osoa, Euskal Herri osoa. Baina euskal hiztunen herria al da geurea? Bai al da nahikoa Cool-a, guaya edo bai ote du nahikoa puntx? Ea datuek zer dioten: «Zein da euskal hiztunen portzentaia euskal Herrian?»

Oro har (Euskal Herri osoa)

%25–30 inguru dira euskaldunak (euskaraz hitz egiteko gai direnak)

Lurraldeka (gutxi gorabeherako datuak)

Euskal Autonomia Erkidegoa %35–40 euskaldunak

Nafarroa %12-15 euskaldunak

• Ipar Euskal Herria %20-25 euskaldunak

Kontuan hartzekoak

• 'Euskaldun' = euskaraz hitz egiteko gaitasuna (maila desberdinekin)

• Azken hamarkadetan igoera nabarmena egon da, batez ere gazteen artean

• Baina erabilera (egunerokoan zenbat erabiltzen den) txikiagoa da oraindik

Ez al du honek zer pentsatua ematen? Inteligentzia organiko­ari ari natzaio deika oraingoan.

Orain bi aste Bartzelonan izan naiz, ETSk jotzen zuela eta asteburu pasa egin dugu hiri kondalean. Born inguruan paseatzen genbiltzala, musikaren ametsetako eraikina ikusi dugu eta kalexketan barna, Euskal Etxetik pasa gara. Sartu naiz. Etorkinak zeuden pintxoz beteriko barraren atzean. Kartel hau ikusi dut: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Artzeren hitzak.

Ondoren Palau San Jordi izeneko gune batera joan gara. Amona batek azaldu digu, zer den euskara pantaila handi batzuetatik hizketan ari zitzaigula. Bere inteligentzia emozionaletik. Nik Bittori entzuten nuen, ziur, milaka horiek, berena entzungo zutela, beren amona, alegia. Edo haurtzaroan etxe izan zen hura.

Talde honek herriaren taupada eraman zuen Bartzelonara, geure izaera.

Abesti berriak jakiteak badu bere esanahia. Baina Iñigo eta bere taldeak esan ziguna, beste gauza bat izan zela uste dut nik, euskara gu geu garela. Gu geu garena. Amonaren sutondoa, haurtzaroko doinuak, gaztaroko lagunak, maitaleei xuxurlak eta seme-alabei lotarako kantak.

Aldapeko sagarraren adarraren puntan.... Eta denak erritmo horretan ikusi genuen taldea pasatzen. Eta bertan geundenok bagenekien abestia zen. Haurtzaroko doinua baitzen. Bihotzean tatuatzen den horietakoa. Entzutean, etxean zaudela sentitzen duzunekoa.

Euskara ez da moda bat, euskara gure izaera da, gure kultura. Nik hala sentitzen dut bederen.

Egungo Adimen artifizialak geroz eta gehiago ikasten ari dira euskaraz, baina hain gutxik erabiltzen dugu, ikasteko aukera oso txikiak dituela. Non eman dezaket nire euskararen hazia unibertso digitalean? hemen (commonvoice.mozilla.org/eu), besteak beste. Geure-geureak diren esaerak, ahoskerak, grabatzeko aukera dugu. Hurrengo korrika etorri artean, gehitu dezagun euskara teknologia berrira. Ez dezagun utz sutondoak emandakoa, utzikeria edo modak gal dezan.

Zer da guayagoa, txuloagoa, ederragoa zu zeu zarena izatea baino?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!