Netanyahu, AI eta deepfake-ak

Erabiltzailearen aurpegia Ainara De Miguel Berasategi 2026ko apirilaren 5a

Egia, itzala eta zarata. Badira garai batzuk non egia bera ere zarata artean galduta geratzen den. Gure garaia horietako bat dela pentsatzen dut maiz. Ez zaigu informazioa falta; kontrakoa, gehiegikeria da arazoa agian. Gehiegikeria edo informazio desordenatua eta askotan oso-oso gutxi egiaztatua. Egunero jasotzen dugu irudi, bideo, iritzi eta zurrumurru olde bat, non egia, gezurra eta egi-erdiak nahasten diren kale estu batean bezala, nor den nor jakitea gero eta zailago egiten zaidan jendez gainezka dagoen kalexka bailitzan. 

Txutxumutxeroek eta informazioa belarrietatik ahora zuzenean eramatearen maitaleek, badute gainera jostailu berri bat: adimen artifiziala. 

Tresna handi orok duen onura eta arriskuekin: onerako, sekulako aurrerapena, denboran, efizientzian, automatizazioetan, gizakiagotzeko aukerak sortzean; txarrerako, ezezagutzatik erabilita, traktorea Donostiako Boulevardean sartu eta traktorea auto txarra dela diotenen liburu berekoa. (traktorea ez da hirirako sortu) 

Azken asteotan sare sozialetan zabaldu den istorio batek, beste askoren artean, fenomeno horren isla garbia eskaintzen di­gu. Istorioak dio munduko agertoki politikoan eragin handia duen gizon bat —Israelgo lehen ministroa, Benjamin Netanyahu— ez dela benetan azken hilabeteotan agertu den pertsona bera. Zurrumurruen arabera, benetako Netanyahu aspaldi hil zen edo desagertu zen, eta haren ordez beste norbait ari da agertzen ekitaldi publikoetan. Beste batzuek diote bikoitza dela, antza handiko pertsona bat, segurtasun arrazoiengatik edo bestelako interesengatik jarritakoa. 

Interneteko foroetan eta bideoetan, argazkiak jarri dituzte bata bestearen ondoan: belarriaren forma hemen ez da berdina; sudurraren angelua aldatu da; masailezurraren lerroa desberdina da. Beste bideo batzuek azpimarratzen dute haren hitz egiteko modua aldatu dela, edo keinuak ez direla lehen bezalakoak. Azken finean, irudiak, zoomak eta gelditutako frameak erabiliz, asko dira pertsona bera ez denaren ebazpenera iritsi direnak. 

Horrela sortzen dira konspirazioak: galdera batetik, xehetasun batetik, desadostasun txiki batetik. Eta, noski, sare sozialek gasolina botatzen diote suari. Kontrastatu gabeko egia borobilak. 

Istorio hau ez da berria. 

Bikoitzen mitoa. Politikan, fantasia hau aspalditik dabil gure irudimenean. Historia garaikidean hainbat liderrek pairatu dute halako susmoaren itzala. Batzuek —agian egia zati batekin—, beste batzuek erabat asmatuak. 

Sobietar Batasuneko diktadore Joseph Stalin izan zen lehen adibide ospetsuetako bat. Sobietar garaiko lekukotasun batzuek diote Stalinek aktore edo antza handiko pertsonak erabiltzen zituela ekitaldi jakin batzuetan, atentatu arriskua murrizteko. Felix Dadaev izeneko artista batek berak ere urte batzuk geroago aitortu zuen noizbait diktadorearen itxura hartu behar izan zuela propaganda ekitaldietan. Historialariek eztabaidatzen dute oraindik zein neurritan izan zen egia hori. 

Saddam Husseinen kasua ere askotan aipatua izan da. Irakeko diktadorearen inguruan urte luzez zabaldu zen teoria haren bikoitzek agerraldi publiko batzuk ordezkatzen zituztela. Inteligentzia zerbitzu batzuek ere susmo hori aditzera eman zuten, nahiz eta froga sendoak inoiz ez diren guztiz argitaratu. 

Paradoxikoki, konspirazio hau­ek ez dute zalantzan jarri ezin den inolako frogarik erakutsi. Nork sortzen ditu? Zein da soinu hau sortzearen helburua? 

Giza begiradaren tranpa. Morboaren lausoa. Zergatik sinesten ditugu halakoak? 

Argazki bat kamera batekin ateratzen baduzu, emaitza asko aldatzen da hiru faktore hutsengatik: angelua, argiztapena eta lente mota. Teleobjektibo batek aurpegia zapaldu egiten du; lente zabal batek berriz proportzioak handitzen ditu. Argia aurretik badator, aurpegia leundu egiten da; albo batetik badator, masailezurra markatu egiten du. Hau begi-lente joko hutsa da. Ez dago bestelako inteligentziarik. Teknika soila. 

Teknika hauekin, pertsona bera hiru argazkitan desberdin ikus dezakegu. 

Belarrien kasua are bitxiagoa da. Giza anatomian belarria da adinarekin gehien aldatzen den ataletako bat. Kartilagoak pixkanaka luzatu egiten dira, eta lobuluak beherantz erortzen dira. Horrek urte batzuen buruan forma apur bat desberdina sortzen du. 

Horregatik, konspirazio bideo askok belarriak erabiltzen dituzte 'frogatzat'. Ironiko xamarra ikusten dut nik hau, adinaren seinale hau euskal argazkietako aitonen txapelak argiro nabarmentzen baitu, belarri ederrak, alegia. 

Orain arte argazkia egia moduko zerbait zen. Argazki batek zerbait erakusten zuen, eta hori gertatu zela pentsatzen genuen. Gaur egun, ordea, irudia sortu, manipulatu edo faltsutu daiteke segundo gutxitan. 

Adimen artifizialak irudiak sortzen ditu jada errealitatearen eta fikzioaren arteko muga ia ezabatu arte. Bideoak manipulatu daitezke, aurpegiak ordezkatu, ahotsak imitatu. Zer da benetakoa? Inporta al du? 

Duela hamar urte argazki bat manipulatzea posible zen, noski, baina arrastoak uzten zituen. Pixelak, itzalak, kolore-desorekak. Photoshoparen garaian ere trebezia behar zen. Gaur egun, ordea, klik gutxi batzuekin sortzen dira inoiz existitu ez diren pertsonak, inoiz gertatu ez diren eszenak, eta inoiz esandakoak ez diren hitzak. Ezjakintasunaren atrebentziak hemen ere egiten ditu bere trakeskeriak. 

Nola bereizi egia eta fikzioa? 

Adimen artifizialak sortutako irudi askotan lehenengo arrastoa xehetasunetan dago. Giza begiak oso azkar harrapatzen ditu aurpegiak, baina beste elementu batzuk gutxiago aztertzen ditugu: eskuak, objektuak, testuak. 

Horregatik, askotan AI irudiak agerian uzten dituzten akatsak eskuetan agertzen dira. Batzuetan sei hatz, batzuetan hatz-arteko deformazio arraroak, edo posizio anatomikoki ezinezkoak. 

Testua ere jarraitzeko aztarna izan ohi da. Kartel batean, liburu baten azalean edo kale-seinale batean agertzen diren hitzak askotan nahasiak edo erdi- irakurtezinak izaten dira adimen artifizialak sortuak badira. Algoritmoek oraindik ere zailtasun handiak dituzte tipografia koherentea sortzeko. 

Argia eta itzalak. Beste pista bat argia bera izaten da. Mundu fisikoan, ezagutzen dugun errealitatean, argiak lege sinple batzuk jarraitzen ditu: itzalak norabide berean kokatzen dira, eta objektuek koherentzia mantentzen dute. AI-az egindako irudi batean, ordea, batzuetan pertsona baten aurpegia alde batetik argituta dago eta gorputza beste norabide batetik. 

Arretaz erreparatzen baditugu honelako xehetasunek emango digute egiazkoa den edo ez ikusteko gaitasuna. 

Geometriak ere arrastoren bat eman dezake. Eraikinen egituretan, leihoen antolamenduan edo perspektiban bertan sarri antzematen dira desitxurak. Batzuetan, paralelo joan beharko luketen lerroek ez diote elkarri eusten; beste batzuetan, objektuen neurriak eta proportzioak ez datoz bat ikuspegiaren logikarekin. Ez da beti begi-kolpean hautematen erraza, baina susmoa eragiten duen irudiak askotan izaten du oreka hautsiren zantzuren bat. Itzalek ere, bidenabar, informazio baliotsua eskaintzen dute. 

Guzti hau esan eta gero, zera datorkit burura, inporta al du gizaki zital bat bizirik dagoen edo ez, bere ekintzetan sinesten duen jende multzoa badago? Bera hil eta bere aldrebeskeriak jarraitzen dituenak badaude, bere mugimendua bizirik dagoela esanen nuke nik. Netanyahu bizirik egon edo ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!