SinpatIA eta enpatIA

Erabiltzailearen aurpegia Ainara De Miguel Berasategi 2026ko martxoaren 8a

Azken aldian enpatiaz asko entzun dut. Modan jartzen diren hitz horietako bat bailitzan. Enpoderatu, erresilientzia, zu zeu izatea,… baina benetan, hitzekin arituz, begietara so, Patxi izan zen benetan honen inguruan aritzeko bide eman zidana. Jakintza, autokritika eta enpatia batzen dituen hizlariak egin dezakeen magia entzulearen bihotz eta garunetan. 

ChatGPT-ri nik: «Egingo zenidake zerrenda bat enpoderatu, erresilientzia eta mota horretako modan dauden hitzena?»

Indarra eta enpoderamendua: ahalduntzea, autolidergoa, autokontzientzia, autodeterminazioa, botere pertsonala...

Resilientzia eta egokitzeko gaitasuna: erresilientzia, malgutasun emozionala, egokitzeko gaitasuna...

Garapen pertsonala eta kontzientzia: Mindfulness-a, presentzia, kontzientzia, adimen emo­zionala...

Motibazioa eta ekintza: pro­aktibitatea, ekintzailetza mentala, fokua...

Gizarte eta harreman dimentsioa: sare-lana, komunitate-indarra, lidergo eraldatzailea...

Ba hori guztia esan dit, zerrenda handiagoa zen, baina, le­hena erakutsi dizkidanak nahikoak ditut gaurkoan abordatzeko. 

Honela, hotzean, boteprontoan, norbaitek galdetuko balizueke horietakoren baten esanahia? Mr Wonderfull bezalako mugimenduak, irudi inuzente eta zoriontsuez beteak. Edota nahi baduzu egin dezakezu. Ezina ekinez egina. Edota aterki, kartera eta edozein konplementu, panpina inozente batekin, ahorik gabeko panpina batekin. Testuinguru subliminarra.

Sinpatia eta enpatia hitzak etengabe darabilzkigu. Diskurtso instituzionaletan, hezkuntzako egitasmoetan, lidergo tailerretan, baita sare sozialetako auto-laguntzako mezuetan ere. Baina galdera da: benetan badakigu zertaz ari garen? Ala hitzen azalean geratu ote gara?

Sinpatia zer da, berez?

Sinpatia ez da soilik atsegina izatea. Ez da irribarre adeitsu bat edo tonu leun bat.

Sinpatia bestearekiko joera onbera izatea dela uste dut nik, hurbiltzeko prestutasuna izatea, nolabaiteko kidetasun afektiboa erakustea.

Baina sinpatia askotan kanpoko keinu sozial bihurtzen da. Gizartearen lubrifikatzaile. Elkarbizitza erosoago egiteko tresna. Eta ez dut soberan ikusten, ez eta nahikotzat jotzen ere.

Ez du zertan sakona izan behar. Ez du zertan bestea benetan ulertu.

Enpatia, berriz, zer da enpatia? Enpatia bestea bere barneko lekutik ulertzeko ahalegina da. Bestearen zapatetan jartzea.

Ez da «zure lekuan jarriko naiz» esaldi hutsal bat. Izan ere, ezin gara inoiz erabat beste baten lekuan jarri. Norberak ere bai ote daki maiz bere barrura begiratzen?

Enpatia nire ustez, besteak sentitzen duena aitortzea da, epaitu gabe entzutea, bere minari, zalantzari edo pozari leku egitea. Nira ekarri gabe. Berean utziz. Berari buruz ari gara eta. 

Eta horrek barne-lan bat eskatzen du.

Norberaren beldurrak, aurreiritziak eta defentsa-mekanismoak ezagutzea. Ispilu egiteko arrisku horrekin borrokan.

Modaren paradoxa bat ekarri nahi nuke gaur hona:

Gaur egun, enpatia lidergoaren ezaugarri desiragarrienetako bat omen da.

«Lider enpatikoak», «hezkuntza enpatikoa», «komunikazio enpatikoa»…

Baina galdera da: enpatia praktikatu egiten al dugu, ala diskurtsoan soilik kontsumitzen dugu? Ikasi egin ote dugu ongi dagoela dirudiena gehiegi sinetsi gabe esaten dugun horretan?

Modak arrisku bat dakar, hitzak hustu egiten dira, erabileraren erabileraz.

Enpatia balio sozial estimatua bihurtu da; hitzez goraipatzen dugu, baina haren benetako praktikak dakarren deserosotasuna —bestearekin benetan gelditzea, epaitu gabe entzutea, gure defentsak apaltzea— sarritan ekidin egiten dugu.

Enpatia, benetakoa bada, ez da erosoa, ez da atsegina. Ez da erreza.

Beste baten sufrimenduaren aurrean jartzea, konponbiderik eman gabe, isilik egotea… horrek heldutasuna eskatzen du. Geurea alboratu eta parean dugunari lekua ematea. Hori oso bihotz onekoa da, esku zabaltasun handia eskatzen du.

AAz, Iaz,  hitz eta pitz ari gara, aurreko hitz mordo horrekin batera, fondoan Bad Bunny entzunez, gustuko dugula aitortu nahi ez dugula, bai baitakigu, egun, letra horiek aberrazioa direla… ez dutela batere inteligentzia emozionalik. Larriak direla. 

Adimen Artifizialaz mintzo gara etengabe. Algoritmoak, automatizazioa, eraginkortasuna, datuak. Beste batzuek zenbat kenduko digun Adimen artifizialak. Kentzeko baino hobetzeko gehiago ez bagenu bezala. 

Hainbeste kontra, kontuz, kendu, galdu… ari beharrean, zergatik ez dugu bada adimen emozionalaz solasten? Zergatik ez dugu parekoaren begirada tristea aurrean sostengatzen? Edota zoriontasun olatua duen lagunaren gertakaria bihotzez, beretik, ospatzen?

AAk informazioa prozesatzen du. Lan automatikoa kendu. Gizakiago izateko denbora gehiago izateko aprobetxa genezakeela burura datorkit holakoetan.

Guk, ordea, zentzua eta esanahia eraikitzen ditugu.

Arriskua ez da makinek enpatia simulatzea.

Arriskua da gizakiok enpatia simulatzera ohitzea. Emoji batekin ordezkatzea begirada bat. «Ulertzen zaitut» idaztea, benetan entzun gabe. 

Teknologiak ez du gure bihotza makinan bihurtu behar. Ez da hori bere izaera. Ez da hori bere funtsa.  Baina gure gabeziak nahiko azaleratzen dituela nabarmena da. 

Sinpatia: harremana goxatzen dugu, baina benetako lotura sortzen al dugu? Enpatia: bestearen mina edo poza benetan kontuan hartzen al dugu?

Orduan, ChatGPT, Gemini, Co­pilot, Grok…. guzti hauek, makinak badira, zer dira, sinpatia ala enpatia? Eta zer egiten gaitu gizaki sinpatiak ala enpatiak? 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!