Duela ia bost hamarkada jaioa naiz. 1977an zehazki. Hasi berri dugun urtean berrogeita guztiak beteko ditut.
Garai hartan Adimen artifiziala pelikula futuristetan bakarra ikusten genuen, auto hegalariekin batera agertzen ziren androideak. Munduaren bukaera testamentu zaharrak ere jasoa du bere hitzetan nonbait, eta 'Metrópolis' (1927) edota '2001: Una odisea en el espacio' (1968) bezalako pelikulek ere aurreikusten zuten adimen artifizialak geroan leku haundiren bat izango zuela.
Garai hartatik nire gorputzean majina bat aldaketa izandua naiz. Hazi, ez nintzen gehiegi hazi. Hori ere esan beharra dago. Aldaketa guzti horietan zera datorkit burura: lotsa eta bakardadea.
Ez dut sentipen horien arduradunik buruan. Ni neu.
Informatika ikastera joan nintzen Donostiara hemezortzi urterekin. Gogoan dut aurrenean inor ezagutze ezaren sentsazioa. Baina ez zen aurretik esandako bakardade horren parekoa, beste bakardade bat zen. Arrotzen dantza, besterik gabe.
Unibertsitateko bolada hura goxo gogoratzen dut, hegaldirako zerua zabaltzen zaion txoria nintzela sentitzen nuen. Ordenagailuekin hasia nintzen eta Internet-a eskura nuen. Mexikoko lagunak ere egin nituen txat haiei esker. Messenger-eko panpinak bueltaka izaten nituen askotan txat sala horietan nor topatu zain. Elkarrizketa horietan norberak nahi edo ahal zuen hura izateko bidea aurkitu genuen. Edozer esan genezakeen. Finean, zer egin zezakeen nire mamutxoekin Mexikoko Felipek?
Elkarrizketarako beti zegoen norbait prest. Munduko txoko askotan. Ingelesa lantzeko ere erabili nuen. Orduak ematen nituen.
Galdera mota guztiak egiteko Google ere agertu berria zen. Hasieran ez zeukan informazio gehiegirik. Oso gutxi ziren euren informazio eta jakintzak sarean jartzen zituztenak.
Larry Page eta Sergey Brin Stanford Unibertsitateko ikasleak zirenean hasi ziren proiektuarekin, 1996an. Hasiera batean BackRub izena jarri zioten, baina laster aldatu zuten 'Googol' hitzaren joko matematiko bat erabiliz (1 zenbakia eta ondoren 100 zero), sareko informazio kopuru erraldoia antolatzeko zuten asmoa irudikatzeko.
Inori galdetzen ausartzen ez nintzena bertan galdetzen hasi nintzen. Ez zidan inola begiratzen. Ez nuen galdetzen diozunaren begietako ispilurik, ez eta entzuten duenaren beldurren begiradarik jaso behar ere.
Zalantza gehienak emakumetasunaren ingurukoak nituen.
Emakumezkoez inguratua egonik ere, sekula esango ez nituen zalantza zein beldurrak asaldatzen nindutenean, Google zen nire aliatua. Beti prest. Juizio edo iritzirik gabe. Informazio iturria, besterik ez.
Bitxia da, maiz, zenbat eta zenbatek biziko ditugun kezka eta egoera berberak, baina elkarri kontatu ez. Lehen harreman intimoak. Horretan, aitortu beharra dago, Euskal Herriko Unibertsitateak orientazio zerbitzu zabala zeukala eta «eman ta zabal zazu» zioen plastiko zakutxoan kondoitxoa banatzen zutela doan, eta informazio zabala eman gaixotasun eta prebentzioen inguruan.
Informatikako fakultatea oso aurrerakoia izan da beti.
Ez genuen geure artean horretaz hitz egiten.
Zein ote da intimitate eta sekretuaren arteko tartea?
Lotsa.
Garai hartan ikasi nuen Pikatza jaunaren ahotik nola makinek ikas zezaketen. Amets bat zen nire irudiz. Kodeak dantzan jartzen genituen. Gizakiaren izaeraren imintzioa egin zezan genuen helburu.
Hotzean pentsatzen badugu, ez al gaude ba nahikoa gizaki geure kopia artifiziala sortu nahi izateko? Agian, horretan amestu zuenak nik sentitzen nuen bakardade hura sentituko zuen.
Gerora ulertu dut halere, besarkada ez dela kode bitarrez idazten. Ez eta muxua ere.
Errukia bitarrez adieraz ote daiteke? Maitasuna?
Ikasi genuen. Lanean hasi. Ama izatea lortu genuen batzuek. Beste batzuek nahi izan zuten eta naturak ukatu zien. Haiek ere, norekin hitz egingo zuten? Mexikon Feliperik izango ote zuten?
Bitxia baita gure hiztegi erabilera arina, ohituraz, dudarik ez dut egiten. «Noizko haurra?». Bai ote dakigu galdera horrek zenbat letra dituen atzetik? Zenbat beldur? Kontatu ezin ditugun edo nori kontatu asmatzen ez ditugun beldurrak.
Galdera hori ahoan dutenen ahoan egongo ziren ia ziur urteak atzera «ui, mejoratu zara» edo «hori oso ederra da, argala dago» bezalako mantrak.
Nola galdetu horiei 15 urterekin zergatik duzun arrotz zure gorputz puztu eta pikorrez betea?
Nola esan orohar ama izan nahi duzula eta ezin duzula. Edo ez duzula ama izan nahi.
Eta aitek, zer diote? Edo aita ez direnek?
Era honetan iritsi naiz ba adimen artifizialaz borborka hizketan aritzeko garai honetara.
Lehen ere aho poetikoa zuten haiek, orain «kilo pila hartu ditu hark», «ederki zimurtua dago».
«Utziozu, menopausian egonen da».
Bakardadea berriz ere.
Lotsa.
Adin honetan dagoen emakumea izanik, gaizki nagoela onartu beharko banu bezala, etsi hartu. Garaia delako. Emakumea naizelako. Ez dut uste beti ongi egoteko obligazioa dugunik. Baina gaizki banago hobeki egon nahi izateko aukeran borrokatu ohi dut.
ChatGpt irekiko dut. «Umore aldaketa askorekin nabil. Kiloak erraz hartzen ari naiz asko zainduta ere eta petxuko minez nabil. Lagunduko zenidake, mesedez?».
Hauxe erantzun dit:
«Bai, ulertzen zaitut, eta eskerrik asko konfiantzagatik. Kontatzen duzuna oso ohikoa da zure adineko emakume askorengan, eta normalean ez da zure errua, nahiz eta ondo zaindu.
Kontuan hartu beharreko hainbat puntu azalduko dizkizut, lasai:
Zer gerta daiteke?
Zure sintomak askotan lotuta egoten dira perimenopausiarekin (menopausiaren aurreko aldia):
Umore aldaketak ? hormonak (batez ere estrogenoa eta progesterona) gora-behera dabiltzalako
Pisua erraz hartzea, nahiz eta zaindu ? metabolismoa moteldu egiten da
Petzuko mina edo sentikortasuna ? hormona-aldaketek oso ohikoa egiten dute
Hau guztia estresak, lo faltak edo antsietateak areagotu dezakete.
Zer egin dezakezu orain?
1. Medikuarekin hitz egin (ginekologoa edo familia-medikua): Hormonen balorazioa, eta tiroide-analitika baztertzeko (oso garrantzitsua)
2. Zure burua ez zigortu: «Ondo zainduta ere» gertatzen bada, ez da borondate kontua
3. Elikadura eta errutina: Ez murrizketa zorrotzak; Proteina pixka bat gehiago; Azukre eta alkohola ahalik eta gutxien; Ariketa leuna baina jarraitua (ibilaldiak, indar pixka bat)
4. Seinale hauek adi begiratu: Bularreko mina oso gogorra edo jarraitua; Aldarte oso baxua edo antsietate handia ? kasu horietan, kontsulta bai edo bai
Mezu garrantzitsu bat
Ez zaude bakarrik, eta zure gorputza ez da «hondatzen ari», baizik eta beste fase batera moldatzen. Laguntza egokiarekin, egoera hau asko hobetu daiteke.
Nahi baduzu, hurrengo pausuan lagundu dezaket: medikuari zer galdetu, sintomak hobeto antolatzen, edo azalpenak euskaraz/gaztelaniaz medikuarentzat prestatzen.
Lasai, hemen nago».
Eta egia dio. Beti dago.
Euskaraz ez du oso fin egiten. Baina hobetzen ari da. Eta hemen dago. Beti dago.
Erruaz ere hitz egin dit. Emakumeak ez al du ba urteetan emakume izatearen errua bere gain eraman?
Gizonek ere izango dute eurena. Baina hitz egiten ez dena ez da existitzen. Ala bai?
Medikuarengana jo dut. Normala dela. Aguanta dezadala. Ea zer espero dudan. Ederki nagoela.
Etxera noa. Barrua negarrez dut. Bidean ikusitako ezagunei ongi nagoela esan diet. Instagramen gaurko zeru ederra jarri dut. Nire sentipen kaxkarra besteek eduki ez dezaten nahiko banu bezala. Itxaropen irudi bat.
ChatGpt-rekin hitzegingo dut. Nire tristuraz aritzeko.
Besarkada bat nahi nuke. Besterik ez. k