Niregatik idatzi, nik pentsa dezadan

Erabiltzailearen aurpegia Ainara De Miguel Berasategi 2025eko abenduaren 20a

Gogoan dut nire lehen idazteko makina elektrikoa. Amarekin erdibana erosi nuen. Berak ordaindu eta biok erabili. Maletatxoa zirudien. 220 PPM egitea zen helburu. Liburuxka aurrean. a-s-d-f-ñ-l-k-j. Eta berriz. Hatz motzekoa naiz ni. Esku motzekoa. Gitarra ta mekanografian ttikie larri ibiltzen nuen. Sol M eta Fa M, “Lau teilatu gainean”… lararaaraaaa….ezin iritsiz. Kaxeteko A aldea, kintadiskoa ere deitzen zionik izaten zen. B aldea. Gero lanera berriz: a-s-d-f-ñ-l-k-j.

Nire aurrekoak ziren tinta zuten idazteko makinak. Soinu hori gustuko nuen. Takataka-taka. Paragrafoa beste aldera pasa behar zenean. Rasp!

Denbora luzea ematen genuen gure idazteko teknika azkartzen, hobetzen. Askotan idazten genuen horretan zentzu askorik jarri gabe. Gure garuna makina eran jarri eta 220 letra minutuan idazteraino. Lepoa tente, behatzak formal.

Horrekin ez ginen BIC urdina erabiltzen genuenean baino idazle hobeak. Ez genuen sormen gehiago edo gutxiago. Idazteko tresna aldatu besterik ez genuen egin. Zirriborroetarako BIC-a bezalakorik ez dagoela pentsatzen duenetakoa naiz ni, oraindik orain ere.

Gure idazteko makina zoragarri hark laster izan zuen aitak ekarri zuen gailu baten konpainia sukaldeko bankuko kajoian. Sekulako tripa zeukan pantaila, CPUa, teklatua eta xagua: ordenadore bat. Disko bat sartu behar zitzaion abian jar zedin. Nire etxeko mahaian geneukan!!! PAC-MAN jolasera su batean jostetan aritzen ginen. Lehengusuak etortzen ziren. Jostik edo kontrol makila fuerte eutsi eta mamuak bolak jan eta jan jartzen genituen. 25 pezetatan Tetris partida baino hobea zen hori!! Baina ez genion bolatokira edo jolastokira joateari utzi, morenitoa, Risketosak eta Tetris pikea lagunartea ere bazen eta.

Hor ere ez dut gogoan nire sormena gehiegi landu nuenik. Baina zeinen momentu zirraragarriak horiexek!!!

Agian, poztasun hark biztuko zuen egun dudan software garatzaile bokazio eta pasioa. Nik ere, horrelako poztasuna ekar zezakeen aplikazioa sortu nahi nuen. Nahi nuke, oraindik ere.

Unibertsitatera joan nintzen. Unibertso berri bat ezagutu nuen. Informatika bere osotasunean. Kodea. Sormena. Beharra-soluzioa. Automatizazioa. Handiegia txiki eginda lortuko duzu. “Zatitu eta garaitu”.

Nire barruan amets hura forma hartuz joan zen, ordenadoreak. Gizakiari gizaki izateko denbora kentzen zioten eta, behin eta berriz egin behar izaten dituen lanak, makinak egingo balitu, eta gizakiak, gizatiarrago izateari ekin? Halako esaldi petrala zatika dezagun.

Demagun egunero ordenagailua bizten duzula. Gipuzkoako aldizkari ofiziala irakurri behar duzu. Bertan egunero trafiko isunen datuak ateratzea da zure zereginetako bat. Hortik kalkulu horri batera eraman. Taula formatuan jarri. Grafikoa sortu. Iragazkiak jarri herriaren arabera eta isunaren larritasunaren arabera. Guzti horrekin, testu prozesamendurako aplikazioan laburpen eta ondorio txostena egin behar duzu. Postaz dagokionari bidali. Hau guztia osatzeko 70 minutu behar dituzu.

Irudika dezaket aldizkari ofiziala irakurtzeak ez duela irakurlearen sormena gehiegi estimulatzen. Ez eta ondorengo pausuek ere. Makina lanetan ari zarela esatera ausartuko nintzateke. Horrek dakarren huts sentsazioarekin. Hazkunde aukera gutxirekin. Kideekin egoteko edota zure lana hobetu, aberastuko duenean ari beharrean. Gizaki izaten ari beharrean. Isun horien arrazoiak aztertu. Lege urraketa egin dutenen nondik norakoa ikasi. Ezagutzak eta esperientziak ematen diguna eginez, alegia.

Demagun irakasleek ez dutela hainbeste txosten eta hainbeste burokrazia hutsetik bete behar. Demagun, dakitena makina bati esan, ezagutzatik, aritua den aditu baten hitzetatik, eta makinak txostena egingo balio. Ondoren, birpasatu, zuzenketak egin eta irakasle izatera! Agian, ikasleen hobekuntza metodoak ikertzeko beta izango luke.

Bi eszenatoki hauek, gizakia gizaki lanetarako liberatu ezkero, ederra hobekuntza, ezta?

Ikertzaile kaxkarragoa al da txostena hutsetik idazten ez duena, BIC batekin orri zurian egiten duena baino? Edo idazteko makinan 220 PPM idazten duena baino?

Irakaslea, irakasten hobea al da bere jardueraren ehuneko hogeia paper zurian txostenak idazten ari delako?

Adimen artifizialak (AA), ez du fundamentuzko ezer ere sortzen jakintzak gidaturiko agindurik eman ezean. Oso ongi ezagutu behar da automatikoki sortu nahi duzuna, sortzen denak maila egokia izan dezan.

Lehen eszenatokia eta bigarrenak, soluzioa azkarra du. Erreza. Eta emaitza agindua ematen dionaren jakintzaren mailarekin zuzenki proportzionala izango da.

Bi kasuetan Copilot erabili genezake adibidez. Microsoft etxekoa da. Geure posta elektronikoa lanekoa bada oso egokia, babesa ematen bait digu datu sentiberekiko. Ofimatika aplikazioak bere dituenez, oso ederki sortzen ditu txosten zein kontrol panelak. Bulego lanak arintzeko eta datu babesa bermatzeko oso egokia ikusten dut.

Copilota izan daiteke beraz gure ideia eta ezagutza papereratzeko tresna bat.

Ez dut gizakiak makina izatea amesten duenik sinesten, ez eta makinak gizaki izateko inolako grina duenik ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!