Ikasturtean zehar idatziz aritu naiz, IA, AA, Adimen Artifiziala gora eta behera. Zer den, nola erabil dezakegun, onurak, arriskuak.
Udara datorrela eta argazkiak izaten ditugu protagonista. Hondartzetako postureoak, mendietako konkistak, urrutiko lurraldeetako usainak argazkitan islatuak. Lagun berriak. Maiteak denbora partekatuz. Bakartien abesti berriak. Argiaz gure arimak elikatuz.
Badago urtean egun bat bereziki estimuan dudana, udarako solstizioa. Urteko egunik luzeena. Badu egun horrek zerbait barrua esnatzen didana. Barrua goxatzen didan norbaitekin pasatzea dut gustuko. Egun horretako energiak urte osorako kargatzeko balioko balidake bezala. Eta amaitzean, zeruko izarrei begira eskerrak ematen dizkiet bertan daudenei, haiengatik baikara. Bihotzarekin besarkatzen ditut izar diren kuttunak, falta ditudala oihu egiten diet isilean. Ondoan dudana edo ditudanak eskutik heldu, haien goxoa besarkatu eta ikasturte berriari hasiera emateko gertu nagoela sentitzen dut. Amaitu den ikasturtea itxiko banu bezala. Lurrean gaudenen eskutik, zeruko argia gidari.
Honezkero baten bat pentsatzen ariko da zer duen honek IArekin ikustekoa. IE-arekin du zerikusi gehiago, bai. Inteligentzia emozionalarekin.
Irudikatu une hori, orduetako unea, edo minutuetakoa. Agian segundo bat. Eta baten batek kamera aterako du. Ia ziur nik neuk. Hor hasten da gatazka. Zein da argazki horren helburua? Aukerak anitzak dira. Maite duzun unea gogoratzea. Nahi duzun bestetan ikusi ahal izatea. Agian, gogoratu dituzunekin partekatzea. Sareetan itxaropen mezu bat zabaltzea. Zeruan dituzunak zure mugikorrean bihotzetik gertu jarri eta hurbilago sentitzea. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu. Denak dira zilegi.
Nire ustetan hausnarketa ez da hor hasten. Benetan pentsarazten didana da argazki hori hartzeak eta IA batez prozesatzeak. Hobetzeko. Hobea izan baliteke bezala. Hobea zer den jakingo bagenu bezala. Orduan, momentu hori ez da nahi zenukeena? Ez da zure publikoaren oniritziaren kalitatekoa? Ez bederen amesten zenuena.
Sora, Dalle edo antzekoren bat irekiko duzu. Gaueko argi hori laranjago edo vintageago jarriko duzu. Zure traolak ere asmatzeko moduan naizela pentsa nezake. Harro plantan geratzeko arriskuan. #love #sun #happy #stars. Ingelesez 'cool'-agoa da. Euskaraz ere ausartuko zinateke agian. #pozik #izarrak #udara. Bestela: #amor #luz #felicidad.
Baina hori egiteko, ondoan duzuna edo dituzunak sentitzeari utziko diozu. Ez dituzu euren taupadak entzungo. Larruaren ferekaz ahantziko zara. Bihotza IAn jarriko duzu. Momentu hori nork ikusiko duen helburu. Ikusiko duenak gustuko duen edo ez zain. Bihoztxoen kontaketa bat. Norainoko arrakasta duen bizitzen ari ez zaren bizipenak. Usaintzen edota entzuten ari ez zaren uneak. Inteligentzia organikoa IAren zerbitzura jarriko duzu, argazkian jarriko duzu lanean. Zuretzat esan nahi duenaz baino besteengan izango duen eraginean pentsatuz akaso.
Irudikatu une berezi hori, eta baten batek kamera aterako du. Ia ziur nik neuk. Baina nire ustez hausnarketa ez da hor hasten. Benetan pentsarazten didana da argazki hori hartzeak eta IA batez prozesatzeak. Hobetzeko. Hobea izan baliteke bezala. Orduan, momentu hori ez da nahi zenuena?
Argazkiak prozesatzeko IArik gustukoena zein dudan galdetu izan dit baten batek noizbait. Orain artean Photoshop eta Canva erabili izan dituztela ere esan izan didate. Argazkiak IA bati ematearen arriskuak ere entzun ditut. Gure argazkiekin geratzen omen da. Pertsonifikazio horrek grazia pixka bat ematen didala aitortu beharrean nago, bihurrikeria pittin batekin. IA jaun edo anderea edo izan nahi duena irudikatzen dut kaxa batean gure argazkiak kolekzionatzen. Baina zein forma emango nioke IA horri?
Teknikoki erantzungo diot kezka honi. Edozein dela erabiltzen dugun medio digitala, argazkiak sarean daude. Horrek esan nahi duena da enpresaren bateko datu basean daudela. Gainera, aztarna digitala utziko dugu.
IAk datuez ikasten du, beraz, argazkiak ere erabiltzen ditu informazioa jasotzeko. Etekin digitala aterako dio erabiltzen dugun IA enpresak gure argazkiari.
Sare sozialetan, lan bila gabiltzanetan adibidez, jartzen dugun argazkiari ere trataera berbera ematen zaio. Eskoletan gure profilak sortzean bezala, edo gurasoentzat publikatzen diren Blog horietan. Esan genezake, orduan, sarean darabilgun oro nonbait gordea dagoela. Ezabatuta ere, historial edo kopietan adibidez. Aztarna digitala.
Irudi hauek publikatzeko darabilgun tresnaren jabeak zertarako nahi ditu ordea? Datuak ateratzeko. Irudiak prozesatzen ikasteko. Patroiak ikasteko. Tresna finduagoak sortzeko.
Identitatea lapurtzearen beldur izatea ere ikusi dut inguruan. Gaizkileak maskara desberdinak izan ditzakeela ezin da ukatu. Gerta daitekeela ere ezin da ezkutatu. Baina ez IA bat delako, atzetik gaizkile bat dagoelako baizik. Helburu ilunak dituenak, parkean edo kalean ere egin dezake gure argazkia. Ez dirudi beraz, IAk, bereziki arduradun.
Nola jokatu orduan gure argazkiekin? Konfiantzazko pertsona edo enpresekin bakarra partekatu. Eta lau haizeetara, herriko plazan ageriko zinatekeen gisako irudiak bakarra jarri. Intimitateari dagozkion jolasak intimitatean gauzatu. Behin bakarra ikusteko moduan bidaltzen ditugun argazkiak ez dira desagertzen. Adinez beherakoen argazkiak ere berdintsu. Eskolako festetan ateratzen ditugu majina bat eta ez dut nik maiz ondoan dudana nor den jakiten.
Honekin amaitzen dut ikasturtea. Kronikari eskerrak eman nahi dizkiot, hau guztia adierazteko eman didan aukera honengatik. Espero dut zertxobait aportatu izana.
Egin argazkiak, hala nahi baduzue. Partekatu zentzuz, gogoa baduzue. Baina arren ez utzi gizaki izateari. Gizakiak ez du eta makina izateko balio, ez eta makinak gizaki izateko ere. Besarkatu, maitatu, sentitu, begietara begiratu, haserretu, adiskidetu. Bizi!!! Izan gizaki. Eta IA erabili talentuz, giza kalitatea irabazteko. Giza momentuak partekatzeko beta gehiago izateko adibidez.
Udara on, adiskideak. Besarkada estu bana.