IA bat zer den eta ez den idatziaz gabiltza azken bolada honetan. Atzo, ikasle batek zera esan zidan: «Ni ez naiz IA erabiltze zalea, uste dut garunak ez duela behar adina lan egiten eta sortzen diren edukiak ez direla egiten dituen horrenak». Iritzi orok du bere lekua, nola ez.
Duela ez asko, bigarren hezkuntzako irakasle batek hala zioen nik entzuten ez nuela uste zuen batean: «Orain ikasleek dena kopiatu egiten dute, eta nola jakin nezake berak egina den edo IA batek?». Zentzuzko zalantza, dudarik gabe.
IA teknologia duten aplikazio desberdinak daude. IA prediktiboa eta IA generatiboa edo sortzailea dauden bezala.
Lehen hauek, prediktiboak alegia, datu multzo baten bilketan oinarrituz, aurrera begira gertatuko denaren aurrikuspena egiten dute. Estatistika dute motorea. Batazbestekoa atera, hortik espero daitekeena kalkulatu eta ondorioak lortuz. Demagun denda baten aurrikuspena egin nahi dugula, salmenten inguruan erabakiak hartzeko. Aurreko urteetako salmentak aztertuko ditugu. Baina non jarriko dugu fokoa? Nora begira jarriko dugu matematika? Geure helburua produkturen baten salmentaren ezbaia erabakitzea bada, honen analisia egin beharko dugu. Nork erosten du? Zein da eroslearen profila? Zein dira irabazi zein kostuak? Errepikatzen diren datuak dira helburu. Patroia.
Galdera egokiak formulatzeko, negozioaren ezagutza ezinbestekoa da. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta finagoa izango da analisia.
Emango dizkigun erantzunak gure galderen tamainakoak izango dira. Erantzuna interpretatzea eta hartu beharreko erabaki zein neurriak ere gure jakintzaren baitakoak dira.
Aztergaiaz ez dakienak ez du jakingo zer galdetu. Ez ditu erantzunak ulertuko. IAk ez dio ezertarako balioko.
Jar gaitezen orain generatiboak diren IA teknologia duten aplikazio horietan.
Existitzen ez diren produktuak sortzen ditu. Baina sormen propiorik gabe ere. Honela esanda ez du oso ulergarria ematen. Goazen bada ulertze bidera.
Demagun irudi bat sortu nahi dugula, publizitatea egiteko, euskarriren baterako. Pentsatu behar dugun lehen gauza, zer nahi dugun izango da. Baina ez gainetik, zehatz-mehatz baizik. Orduan, deskribapen fina emango diogu IA duen aplikazioari. Adibidez:
«Melokotoi laranja bat nahi nuke. Begi urdinak dituena. Ezpainak potoloak eta larrosa kolorekoak. Gizaki belarriekin eta belarritako arodunak zilar kolorekoak. Gizaki oinekin eta adidas zapatilekin, vintage modukoak. Hau guztia diseinatzaile modernoa bazina bezala».
Ikus dezakegun moduan, birfintzea ezinbestekoa izango da. Belarritako kontzeptuarekin ez dugu elkar ulertu eta buruan zehar jarri du. Zuzendu dezan eska diezaioket eta, honela, buruan dudana lortu arte.
Modu berean sor genezake idazlan bat ere. Nire idatziak ere, agian, IA baten laguntzaz sortuak izango dira. Osotasunean IA baten sorkuntza izatea ere pentsa genezake. Zein da sormenaren funtsa? Jakintza, talentua eta irudimena. Horiek ez dituenak, nola imagina zezakeen melokotoi bat modu honetakoa.
Idazlan bat egin nahi duenak ere, oso ongi jakin behar du zer kontatu nahi duen, nori zuzendua den, zein hizkuntza modutan osatuko duen. Luzera. Entonazioa. Dena esan behar dio IA duen sortzaileari. Zehatz-mehatz. Bestela, dagoeneko existitzen diren kontzeptuen nahasketa egingo du. Batzuetan, eskatzen dioguna egiten saiatzen da eta nahastu ere egiten da. Agian, duen oinarri informazioa ez datorrelako bat guk sortu nahi dugunarekin.
Euskaraz eskatzen diogunean, badira zenbait kontzeptu oraindik IA askok ez dituztenak euren ezagutzan txertatuta. Frontoi euskalduna eskatzen badiogu, ez dute IA guztiek guk irudikatzen dugun bi paretako hura sortzen.
Geure buruan dagoena bikaina, berria eta ona bada, honela eskatuko diogu aplikazioari. Txarra, exkaxa, ezagunegia bada, ordea, horixe sortuko du, mediokrea den zerbait.
Hasierako galderara goazen. IA duen aplikazioarekin sortzen dena, norena da, IA duen aplikazioaren etxearena edo tresna horren bidez bere irudemenez sortu duenarena?