Gai teknologikoetan hasi aurretik, historiari erreparatuko diogu. Datak behatze aldera. Testuinguruan kokatzeko.
Emakumeen Nazioarteko Eguna, lehenengoz, 1909ko otsailaren 28an ospatu zen, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) New York hirian, AEBetako Alderdi Sozialistak antolatuta. 1917ko martxoaren 8an, Errusiar Inperioko hiriburua zen Petrograden (gaur egungo San Petersburgo), oihalgintzako emakume langileek manifestazioa abiatu zuten, eta hiri guztia hartu zuten; hura izan zen Errusiako Iraultza piztu zuten ekintza nagusietako bat. 1977an ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Bilbon hain zuzen ere.
Historia garbi dugula, ChatBot bat zer den definitzea tokatzen zaigu.
Chatbot bat software aplikazio bat da, erabiltzaileekin hizkuntza naturalean elkarrizketak izateko gai dena, pertsona bat balitz bezala. Chatbot hauek adimen artifiziala (AI) eta hizkuntza naturalaren prozesamendua (NLP) erabiltzen dituzte maiz, testu edo ahots bidezko elkarrizketak izateko. Helburu nagusia erabiltzaileei informazioa ematea, arazoak konpontzen laguntzea eta zerbitzuak automatizatzea da.
Chatbotek hainbat teknologia erabiltzen dituzte kasu askotan, hala nola: Adimen Artifiziala (AI), erabiltzaileen galderak ulertu eta erantzun egokiak emateko; Hizkuntza Naturalaren Prozesamendua (NLP), testu edo ahots bidezko mezuak interpretatu eta erantzunak sortzeko; Datuen Analisia, erabiltzaileen portaera eta lehentasunak aztertzeko, erantzun pertsonalizatuak emateko.
Chatbotak laguntzaile birtualak dira. Teknologia desberdinetan oinarritu daitezkeen laguntzaileak. Emozio eta sentipenik gabeak eta aurrez irakatsiak.
Gure etxeetan baditugu oso ezagunak direnak.
Hona hemen ezagunak diren zenbait chatbot eta laguntzaile birtual:
• Siri: Appleren laguntzaile birtuala, erabiltzaileei galderak erantzuten, oroigarriak ezartzen eta gailu adimendunak kontrolatzen laguntzen diena.
• Alexa: Amazonen laguntzailea, etxeko gailuak kontrolatzeko, musika erreproduzitzeko eta informazioa emateko gai dena.
• Google Assistant: Googleren laguntzailea, erabiltzaileei informazioa bilatzen, zereginak kudeatzen eta gailuak kontrolatzen laguntzen diena.
• Cortana: Microsoften laguntzailea, produktibitatea hobetzeko eta zereginak automatizatzeko diseinatua.
• Replika: Lagun birtual bat, erabiltzaileen mezuen testuingurua ulertzen duena eta elkarrizketa pertsonalizatuak eskaintzen dituena.
• Woebot: Osasun mentaleko Bot bat, erabiltzaileei laguntza emozionala eta terapia kognitibo-konduktuala eskaintzen diena.
Orain begiak itxi. Eta esan, «Alexa, jarri Gorka Urbizuren 'Janela bat' abestia», eta zein ahots datorkizu burura? Edo Siri, Cortana... Sorpresa! Emakumezkoak dira. Ez dira inola sentitzen, ez baitute sentitzen. Baina emakume ahotsa dute. Laguntzailea, asistentea, emakumea.
Proba dezagun hauetakoren bat. Zera esango diogu: «Nire amak 70 urte ditu. Bere urtebetetzea da eta opari bat erosi nahiko nioke». Orain, egin dezagun ariketa berbera esaldia kopiatu eta ama idatzi beharrean aita idatziz. Ohartuko gara, IA ez dela berdintasunean ari. Aitari kirolerako edo horrelakoetarako opariak egiteko proposamena egiten didan bezala, amari, estetika edo spa modukoak gomendatzen dizkit.
Gizartearen inteligentzia imitatzen du IAk. Ez du emoziorik. Ez du sentipenik. Berdin zaio sudurra edo melokotoia esan. Hauek fruta direla izakiak erakutsi dio. Baina ez daki fruta zer den ere.
IA bati «irudikatu emakume eder bat» esaten badiogu, ederra zer den ez daki. Gizakiak irakatsi dio. Egongela bat Euskal Herrian sofa, telebista, mahaia, aulkiak, irratia, liburuak etab. direla esaten diogunean bezala. Argelian ez dute ChatBotek Egongela horrela interpretatuko. Ipar poloan ere ez. Normala dena eta ez dena, IA entrenatzen duen gizarteak neurtzen du. Eta hortik, desbideratze tipikoa zein den, hau da, gizarte horrek, kultura horrek, zer ulertzen duen normaltzat. Eta hortik at ateratzen duena, ez da IA.
Duela egun batzuk, hitzaldi bat eman nuen. ChatGPT eta IAk orokorrean. Zera galdetu zidaten: «IAk berdintasunaren bidean jartzeko modurik bai al dago?». Nire erantzuna zera izan zen: «IAk entrenatzen dituen gizarteak gizakien eskubide berdintasunean egiaz sinesten duenean, gizartea feminista eta ondorioz librea den garaian, berdintasunez jokatuko dute. IAk gizartearen ispilua besterik ez dira».