Komunikabide desberdinetan zein kafe tertulietan dabiltzan bi izen ditugu horiek. Baina zer dira? Zein dago euren atzean? Zertarako dira?
IA bat zer den edo adimen artifizial bat zer den argitzen hasiko naiz. Aurrekoren batean egin banuen ere, memoriaren goiko geruzan jar dezagun.
Definitzen hastekotan, hitzei erreparatzea ezinbestekoa ikusten dut. Adimena -edo inteligentzia-, batetik, ikasteko eta egoera berriei aurre egiteko gaitasuna da. Artifiziala, berriz, gizakiak sortua izango litzateke, naturala ez dena. Orduan, adimen artifiziala (AA) edo inteligentzia artifiziala (IA) esan genezake dela makinek eta sistema informatikoek duten gaitasuna, normalean giza adimena behar duten zereginak egiteko.
Teknologia hau aplikazio eta tresna desberdinei aplikatzen zaie euren funtzionamenduan. Atzetik, gaitasun desberdinak esleituz. Horietako bat ML (Machine Learning), makinen ikasteko gaitasuna dugu. Orain artean, aplikazioek, beti, erantzun berbera ematen ziguten zerbitzu bat eskatzen genuenean. Ez zen aldatzen. Orain, gure ohiturak, patroiak, ikasten ditu, eta gure erabilerei egokituriko erantzunak emateko gai diren aplikazioak daude, ikasketa honi esker.
Demagun pelikulak ikusteko plataforma batean sartzen garela. Ikasteko gaitasuna badu, ML teknologia badu, umorezko pelikulak ikusten baditut, sarreran, eskaintzan, umorezko pelikulak eskainiko dizkit geroz eta maizago. Aldiz, ML-rik ez badu, bezero orori beti eskaintza berbera eginen digu plataforma horren sarreran.
Teknologia gehigarria da LLM edo lengoaiaren prozesamendua ere. Honek bilaketa arruntak bilakatzen ditu gure hizkuntzaren konposizioak ulertzen dituen bilaketa. Demagun ondokoa idazten dugula: 'Gaur euria'. Zentzuzkoa dirudi aurreikustea 'ari du' izango dela atzetik datorrena. Euskaran aritua denak, garunean neurona lokailuak martxan jarri eta esperientziak zein jakintzak ondorio horretara bideratuko ditu. LLM teknologiak horrela funtzionatzen du, datu bilketa handi batean oinarritu eta, probabilitatea zutabe, ondoren etor daitekeena aurreikusiz.
NLU teknologia izango da, makinei hizkuntza ulertzeko gaitasuna emango diena. Era honetan, testuingurua ere prozesatzeko gaitasuna izango dute makinek, eta baita esaten dugunaren interpretazioa egiteko gaitasuna ere. Honek eragiten du makinak gai izatea izakion antzeko elkarrizketak jarraitzeko. Baina ez ahaztu, makina batek ez du enpatiarik, ez etikarik, ez eta moralik. Erabiltzen duenarenak dira azken hauek. Labanak ez du ebakirik egiten eragiten dion eskurik ez badu.
ChatGPT (ingelesezko Chat Generative Pre-Trained Transformer delakoaren akronimoa) adimen artifizialeko chatbot aplikazio bat da, 2022an OpenAIk garatua. Chatbot-a elkarrizketan espezializatutako hizkuntza-eredua da, eta ikaskuntza-teknika gainbegiratuekin eta indartzekoekin doitzen da. GPT-3, GPT-4, GPT-4o mini (doako aukera) eta GPT-4o (ordaintzeko aukera) ereduek eta horien GPT-o1 eta GPT-o1 mini aurreikuspenek osatzen dute.
Zerbitzuaren sarbidea mugatua dago Txina, Errusia, Iran eta Afrikako zenbait eremutan.
DeepSeek (txineraz: 深度求索 bilaketa sakona esan nahi du) Txinako adimen artifizialeko enpresa bat da, kode irekiko hizkuntza-eredu zabalak (LLM) garatzen dituena. Hangzhoun du egoitza, Zhejiangen, eta High-
Flyer txinatar estaldura-funtsak soilik finantzatzen du. Funts horren sortzaileetako batek, Liang Wenfengek, 2023an ezarri zuen enpresa, eta haren zuzendari exekutiboa da.
DeepSeek-R1 ereduak gaur egungo beste LLM batzuekin aldera daitezkeen erantzunak ematen ditu, hala nola GPT-4o. DeepSeek-en IA ereduak Nvidia txipek Txinari jarritako zigorren erdian garatu ziren, eta herrialdeak IA aurreratuen sistemak garatzeko duen gaitasuna murriztea zuten helburu.
Motxean esanda, txat moduko morroiak dira biak, munduko hizkuntza desberdinak ulertu eta prozesatzeko gai direnak.
Desberdintasuna lurraldeen legedian dago. Zer egin dezake IA duen aplikazio batek Europan, Ameriketan edo Txinan?
Europar Batasuna lider izan da IAren erregulazioan, eta 2024ko apirilean onartu zuen Adimen Artifizialaren Legea; munduan lehena izan da modu honetan arautzen. Lege honek arrisku-mailaren arabera sailkatzen ditu ingurumen-inpaktuaren sistemak, eta horiek garatzeko, ezartzeko eta erabiltzeko baldintza zorrotzak zehazten ditu.
Europako ikuspegia printzipio etikoetan eta oinarrizko eskubideen babesean oinarritzen da. IAren berrikuntza arduratsua sustatu nahi du, sistema horien segurtasuna, gardentasuna eta fidagarritasuna bermatuz.
Estatu Batuetan, IAren erregulazioak ikuspegi pragmatikoagoa eta zatikatuagoa du ezaugarri. Lege federal bakarra ez badago ere, gobernu-agentzia batzuek, hala nola Merkataritzako Batzorde Federalak (FTC) eta Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA), jarraibide eta erregulazio espezifikoak eman dituzte IArentzako, bakoitzak bere eskumen-eremuan.
Ikuspegi hori arriskuen kudeaketan oinarritzen da, akastun edo gaizki erabilitako sistemek eragin ditzaketen kalteak minimizatzeko.
Txinak ikuspegi estrategikoa hartu du IAren erregulazioan, herrialdearen garapen ekonomiko eta teknologikorako funtsezko tresnatzat hartuta. 2023an, Txinako Estatu Kontseiluak IArentzako lege espezifiko bat sortuko zuela iragarri zuen; egun ez dago ikusgai. Pentsa genezake IAren Txinako legeak berrikuntza nazionalaren sustapenean eta arlo horretako lidergo teknologikoan oinarritutako ikuspegia izango duela.
Orduan, non dago gakoa? Ongi edo gaizki zer dagoen da gakoa. IAk erabiltzen dituen entrenamenduetan zer den legeak babestua eta zer ez. Bi teknologia hauen funtsa, beraz, Amerika eta Txinaren arteko gerra teknologikoa da. Europan zuzenean eragiten duen gerra, bai ekonomikoki eta baita industria jardueran ere. Bada pentsatzen duenik Europako legea oso murriztailea dela eta ezin dela honela Txinarekin eta Amerikarekin lehiatu.
Non dago oreka eta muga? Zer dago ongi eta zer gaizki?