'Maps'ekin Parisen

Debate bat izan nuen duela ez asko, orientazioa, paperezko mapa eta Maps (Google Maps edo Waze bezalakoak). Hau azaldu aurretik Google Maps eta Waze zer diren azaltzea dagokit. Biek mapa dute oinarri; geografian mugitzea, alegia. Lehenengoan zentratuko naiz azaltzeko. Google Maps, Google etxeko produktuetako bat da. Etxe honek, modu transbertsalean erabiltzen ditu bere tresna guztiak bata bestearen zerbitzuan jarriz; nik honela amesten dut gizartea hara, bakoitzak dakien horretatik xume aportatzea, elkar aberastuz inor mugatu gabe baina denon errespetuz. Nor naiz ni bizkotxoak debekatzeko azukrearen kaltearen argudioan? Ez naiz ez nutrizionista ez eta gozogilea ere. Konfiantza osoa dut nire lagun Maria eta Garbiñerengan, haiek badakite horretaz eta nik trukean, teknologian laguntzen diet.

Honetan, Googlek bere datu zakua du, datu zaku haundi batek ematen dion jakintzarekin, noski. Zenbat eta datu gehiago, orduan eta informazio gehiago, egiaren batetik hurbilago akaso. Honela, bere aplikazioa duen 'maps'en atzetik Gemini adimen artifiziala dago; aplikazio hau erabiltzen dugunon artean esperientziak batuz, oso errore tasa txikiarekin nondik nora eta nola zenbat denboran egin dezakezun kalkulatzeko gai da. Unean uneko trafiko arazoak edo bideetako obrak ere kontuan hartuz. Aukera ematen du kotxez (edo gurpil zein motordun gailuz), oinez edo garraio publikoan kalkulua egiteko. Gainera, oinezko kasuan, errealitate birtuala ere gehitu dio, honela bi dimentsioak eta hiru dimentsioak ongi lotzen ez dituenak, badu aukera, lekuen erreferentzia erreala jarraituz oinez hemendik hara joatekoa.

Adibide konkretua jarriko dizuet. Demagun asteburu honetan Parisera joan garela. Hendaian abiadura handiko trena hartu, honek ere izan zituen oso-oso kontrakoak, honelakoek halako txikizioa egiten diote naturari... Abiadura eta naturaren txikizioa egoki orkestratuko dituen komunitatearen beharra sumatzen dut hemen ere. Baina ez nadin adarretatik joan. Iritsi Montparnassera. Lau ordu eta berrogeita bost minutuan. Autoz zortzi-bederatzi orduren inguruan izango litzatekeena. Bonjour Mademoiselle. Eta guk, Bonjour. Eta kitto. Ni A2 mailan nago frantsesean, nahiago izan nuen mapaz haratago zegoen ingelera ikasi, denek hala egiten baitzuten, auzo dugun beste herrialdeko frantsesa baino, eta hementxe naukazue, nire azentu zailarekin, frantsesak zeinen bere diren kritikatuz, aitortu beharrean, frantsesa jakin nahiko nukeela, eta ingelesa, eta txinera eta.... Munduaren giltza diren hizkuntzak, noski. Baina bizi batek ematen duenerako ematen du, eta nire gabeziak besarkatuz mugikorra aterako dut, gizon goxo hark frantsesa bakarra baitaki eta nik euskara, gaztelera eta ingelesa. Beno.... Frantsesa A2, 'Tin Tin' 'Tan Tan' esaten dela jakiteraino gutxi gorabehera.

Sakeletik mugikorra ateratzea tokatzen zait. Nola eginen zuten lehen? Agian Parisa ez ziren joanen. Edo eleanitza den adituren bat kontratatuko zuten. Ez dakit. Nik mugikorra ateratzea dut baliabide. Lehenik itzultzaile neuronala aterako dut. Honek, hizkuntza prozesamendua egiten du. Ikasiz doa erabili ahala eta datu oinarri handia du. Euskal hiztunen komunitatea txikia izanik, euskaraz dagoen hizkuntza aberastasuna nahiko baxua da datuen biltegian. Bagaude batzuk gure aisian, aportazioak egiten gabiltzanak Gaitu bezalako proiektuetan. Bertan, gure ahoskerak, hiztegia, eta honelakoak aporta ditzakegu. Era honetan, hizkuntza helburu duten aplikazioetan euskara aberatsagoa izango dugu egunetik egunera. Xuxen bezalako tresnak ere baditugu euskarazko zuzentzaile direnak. Baina Frantziara etorri garenez, frantsesez aritzea tokatzen zaigu.

Honetarako, hizkuntz eskolan proposatu ziguten Reverso erabili ohi dut. Testuinguruak interpretatzen ditu eta ahotsez zein irudiz egin diezaiokegu eskaera. Ez dut frantsesean ezagutza nahikoa bere baloraziorik egiteko, nire irakaslearen jakintzan konfiantza dut eta hori erabili ohi dut. Honek ere badu ikasteko gaitasuna eta erabili ahala finago asmatzen ditu nire beharrak. Honekin dagoeneko komunika ninteke irribarrez agurtu gaituen gizon irribarretsu horrekin.

Bigarren aplikazio bat irekitzera noa, Maps. Esango diot Rue Cremieux dela gure helburua, bertan dugu zain laguna. Kalkulatzen jarri da. Eta esan dit oinez 52 minutu ditugula. Hiru kilometro eta zazpiehun metro. Hau ere fintzen doa erabili ahala, nire ibilkeren batezbestekoa eginez doa eta datu estatistikoekin nire denbora kalkulatzen du kale horietako uneko egoeran oinarrituz.

Ez naiz lurrera edo mugikorrera begira joate zalea, kaleen edertasuna begiratzea dut maite, jendearen egunerokoa, haiek nola dabiltzan, soinu eta usainetan erreparatzea dut gustuko. Hau dela eta, 3D aplikazioari eskatuko diot gezi handiz gida nazan. Honek behartzen nau eraikinetan erreparatzera, eta bidegurutzeren batean nahastuko banintz, dardara egingo luke.

Iritsi naiz lagunaren besoetara. Bere usainak etxean nagoela adierazten dit. Mapsek ez du antzeman ziurrenik muxu horrek niregan biztu duena, baina berak lagundu dit besarkada horretara esandako denboran iristen. Besteren batek paperezko mapa gustuko izan lezakeen bezala, nik eraikin eta gizakien 3D izaera gozatzea dut maite. Ez daude kontrajarriak, ezta?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!