Askotan Curriculum Vitaea egiteko buruko min ederrak izaten ditugu. Ikasketa ibilbidea badakigu, eta lan eskarmenturik badugu garbia da zer idatzi. Hizkuntza agiriak badaude, horiek adieraztea ere egokia izaten da. Galdera jaiotze-data jartzerako garaian sortzen zaigu, adibidez. Argazkia jartzea ere ezbaiko kontua izan daiteke, eta gure bizilekua, edo zehatzago auzunea zenbait hiritan, hori ere ezbaiko kontua izan daiteke.
Dena jarri behar ote dut? 50 urte baino gehiago baditut adibidez, ez ote naute zuzenean zakarrontzira botako? Edadismoa, arrazakeria, genero bazterkeria, gordofobia eta auskalo zenbat diagnosi etiketatu gabe. Finean, arimetan tatuatutako mamuak direnean iragazkien atal bat.
Lanpostu desberdinek eskakizun desberdinak dituztela esatea, ez da ezer berririk esatea. Orduan, logikoa da pentsatzea, lan eskaintza baten aurrean, norberak eskakizunetatik zenbat bete ditzakeen baloratu behar duela. Balio horiei soft skills deitzen zaie lan eskaera/eskaintza merkatuan. Beste modu batera esanda, zer da lanpostu horri aporta diezaiokedana? Eta lanpostu horrek niri?
Guzti honetan lagunduko diguten IAk asko dira, ChatGpt-a izanik orain ere protagonista. Zergatik diot hau? LinkedIn da gaur egunean lan-sare nagusia mundu mailan; bertan, lanaren inguruko gorabeherak partekatzeaz aparte, bokazioen partekatzea ere ematen da. Badago gune bat lan eskaintzak aurki daitezkeena, baina egiazko lan bilaketa egitekotan, ezinbestekoa izango da head hunter-ak edo talentu bilatzaileak nor diren jakitea, bila gabiltzan lan mota horretako benetako iragazketa egiten dutenak nor diren jakitea. Eta hauek ChatGpt erabiltzen dute profilen iragazketak egiteko.
Nola jokatu behar dut lan bila banabil? Lehenik eta behin zertan aritu nahi dudan zehaztu beharko nuke, eta ChatGpt bezalako IA bati eskatuko genioke defini dezan lan mota horretan zein diren eskakizunik ohikoenak. Ondoren, LinkedIn sarera jo genezake, eta bertan gure CVa eguneratu IAk esan dizkigun hitz horiek agerraraziz; gainera, hitz horiekin loturiko taldeak bilatu beharko genituzke, eta jarraitu. Artikuluetan gustuko dut edo ez tartean behin adierazi, artikuluren bat partekatzeak ere lagunduko digu.
Era honetan, ChatGpt-k jakinen du zein diren gure interesak, zein artikulu irakurtzen ditugun eta zein den gure konexio sarea. Talentu bilatzaileek kontratatuak izan direneko enpresei gure profilaren berri emango diete.
CV batean esaten ez dena, sare sozialetan edo lan sareetan esaten dugu modu batera edo bestera. Zentzudunena, beraz, gure puntu indartsuak argi adieraztea da. Informazioa egiazkoa izatea oso garrantzizkoa da, eta hizkuntzetan zein informatikan maila ertaina dugula esatea edo ezer ere ez esatea gauza bera da.
Ez dezagun ahantzi, egia bakarra bada ere, begiratzen duenaren betaurrekoek baldintzatua dagoela. IA bat baldintzatua edo entrenatua dagoela esaten dugu, erabiltzen duenak ontzat edo txartzat eman dionaren baitan. IA batek atzetik dituen betaurrekoen mamuen isla izango du orduan, betaurreko horien azpiko garunak gidatuko baitu.
Egia da bidea; sikiera, norberaren egia hori.