Lanera etorri naiz eta trenean nentorrela, zera entzun diot 50 bat urte inguru izango zituen pertsona bati: «Inteligentzia artifizialek lana kenduko digute!». Ez dut bere aurpegia ongi ikusi, egia osoa esatekotan, baina drama aurpegia zeukala irudikatu dut. Bere historia zein ote den pentsatzen hasi naiz. Horretan jolastu ohi dut maiz ezezagunekin, kalean banku batean eserita nagoela, pasatzen direnen historia zein ote den irudikatzen. Baina beldurra zuela garbia da edo beldur orokortu bat sinestuta duela behintzat bai.
Leitzakoa nauzue, bertan harrizko garbitegi bat dago herriko plazatik oso hurbil. Han tertulian aritzen zirenak, etxeko izarak garbitu artean, pentsatuko ote zuten noizbait garbigailu elektrikoak izango genituela etxeetan? Gehiago esan nezake. Lehorgailuak egongo zirela norbaitek amesterik izango al zuen garai hartan? Leitza ezagutzen duenak badaki berde magiko horren errezeta sekretua hezetasuna ere badela, aste batean ere ez da askotan arropa idortzen.
Telebista ikusteko antena ere zuzendu behar izaten zen nire gazte garaietan, gurpiltxo batekin UHF frekuentziak hartu behar izateraino.
Gaur egun, guztiz normaltzat jotzen dugu makina batean izarak lehortzea, baita mugikorreko aplikazio batetik martxan jarri eta gelditzeraino ere!
Hau guztia irakurrita, pentsa liteke 200 bat urte izango ditudala. Datu hori ez dizuet argituko, baina azken 30 urteetan teknologiak gure eguneroko ohiturak zeharo aldatu dituela esan dezaket.
Zer da egin duguna? Eboluzionatu. Lehen eskuz garbitzen zutenak behar baziren, orain, elektronikaz dakitenak behar ditugu. Lehen takigrafia zekitenek orain ofimatika ikasi behar dute eta lehen gurpil analogiko batekin sinkronizatzen zena orain Alexari eskatzen diogu egiteko, Google etxeak gure egongeletan jarri duen tresnatxoari, IA bati. Orain ingeniari informatikoak behar ditugu eta datuen zientzialariak.
Garbi dut etengabeko formakuntzan dagoela gakoa, bidea hazkundea eta eraldaketa dela. Bizitza ez dela diploma batekin amaitzen eta «beti horrela egin delako» ez dela argudio nahikoa hemendik aurrera egite hori hartu eta ez eboluzionatzeko.
IA edo AAek lana kenduko digutela pentsatzeak ez du oso zentzuzkoa ematen. Modu azkarrean datuak aztertzeko gai diren makinak ditugu hauek. Medikuntzan diagnosietan abiadura handia ekarriko digute baina medikuen jakintza beharrezkoa izango dugu hauek interpretatzeko. Gailuen matxuren diagnosian lagunduko digute baina teknikarien beharra izango dugu hauen konponketarako. Ekonomian aurreikuspenak egiteko gaitasuna emango digute baina biztanleon beharra izango dugu merkataritza eta kontsumorako. Mundu mailan lehiakorrago egingo gaituzte baina gizakia behar dugu lehiatu nahi badugu. Ez dugu alferrikako prototiporik sortu beharko, simulazioa egiteko gai izango garelako, baina pieza berriak amestuko dituzten garunak beharko ditugu.
Eskuz egindako lanak agian gutxituko dira baina zenbait arlotan espezializazioa beharko dugu; matematika, datuen zientzia, ingeniaritza, elektronika eta prozesuetan adituak beharko ditugu. Formakuntzaren garrantzia errepikatzea dagokit eta horrekin sormenaren ezinbestekotasuna eta irudimenaren garrantzia. Garunaren garrantzia alegia.
Gizatasuna automatizatu duenak akaso izan lezake beldurrik. Niri ordea zaila egiten zait maite ditudanek irribarre zein negar egiten dutenean, haien begietan ikusten dudan unibertsoa kode bitarrean interpretatzea. Nire unibertsoko bi izarrek muxu bat ematen didatenean gorputz osoan zelulek sortzen duten kolore Pantonea zaila ikusten dut kode bitarrean adierazi ahal izatea.