IA, AA (edo dena delakoan) aritua/zaildua nauzue. Egun, edonon entzuten dugu adimen artifizialen inguruan ari den norbait prentsan, kalean, baina, zer da adimen artifizial bat? Arkatza eskuan duzula, folio xuria aurrean, marraztu adimen artifizial bat. Zer atera zaizu? Kontzeptua abstraktua da. Kontzeptu abstraktuak gizartea beldurtzen duela historikoki frogatua izan dugu. Matematikan zenbaki oso-oso handia irudikatzeko infinitua dugu, era xumean gauza erraldoia, zenbat beso edo bizkarretan marraztu dugu zeinu hau.
Datuak gordetzeko hodeia 'cloud', madalenak jan beharrean 'muffinak' jate zalea denarentzat. Nork gordeko lituzke bere fitxategiak sarearen sarean? Hori ezin da marraztu!! Diagrametan aspaldian erabiltzen genuen zeinua hodei bezala itzuli eta eroso gordetzen ditu edonork bere fitxategiak Interneten. Zenbaitzuk, baita gora begiratu ere sarean zerbait gorde dutela esaten dutenean, memoria algodoizko hodei zerutiarra delakoan edo.
Definitzen hastekotan hitzei erreparatzea ezinbestekoa ikusten dut. Adimena -edo inteligentzia-, batetik, ikasteko eta egoera berriei aurre egiteko gaitasuna da. Artifiziala, berriz, gizakiak sortua izango litzateke, naturala ez dena. Orduan, adimen artifiziala (AA) edo inteligentzia artifiziala (IA) esan genezake dela makinek eta sistema informatikoek duten gaitasuna, normalean giza adimena behar duten zereginak egiteko.
Hau da, ezagun egin zaizkigun IA edo AA batzuk aipatzen hasita, ChatGPT ezaguna dugu ikasleen artean; ez ditu irudiak prozesatzen doako bertsioan. Open AI etxekoa dugu hau. Google etxeak, berriz, Gemini du bere IA, eta Microsoft etxeak Copilot. Hauek gizarteari zuzenduriko AAk dira, informazio oso orokorretik abiatzen direnak, eta oso erabiliak ikasleen artean. Azken biek irudiak ere prozesatzen dituzte. Denak posta elektroniko batekin lor ditzakegu. Oso garrantzitsua da uler dezagun, IA batek guk eskatzen dioguna egiten duela. Ez du sormen propiorik, guk esandakoa txintxo-txintxo egiten besterik ez daki.
IA bat erabiltzen duenak, emaitza ona nahi badu, ezinbestekoa du IArekin editatu duena oso ongi menperatzea. Gainerakoan, sorturikoak zentzurik ez izatea oso posible da.
Ondorioz, IA bati etekina atera nahi dionak ezinbestekoa du jakintza. Honek, jakintzaren beharra jartzen du ebidentzian.... IA edo AAk ekarri digun aro berri honetan ez da nahikoa behin ikasi eta horretan aritzea. Ezinbestekoa da ikasketa eta hezkuntza etengabea. Horretan, bokazioa oso gako garrantzitsua izango da. Gai bat menperatzen ez duenarentzat, Google bezalako bilatzaile batean topaturiko artikulua edo IA bati eskatutakoa oso antzekoa izango da. Kopia baten aurrean egongo gara, guk ez baitugu sortu.
Aldiz, ideiak eta birformulazioak ematen badizkiogu IA bati, geure buruan duguna egia bihurtu dezake.
Demagun irudi bat sortu nahi dudala, nire buruan irudikatu dut, ez da sekula argitaratu, nire amets eta ideien fruitua da. Baina ez dakit marrazten. IA bati modu oso-oso zehatzean deskribatzen badiot, zuzenketak eta zuzenketak eskatuz, pelikuletan erretrato robotak egiten dituztenean bezala, agian, buruan dudanaren antzeko zerbait egitea lor nezake. Baina... ezinbestekoa da ideia; gainerakoan, IA kopiak sortzeko beste tresna bat besterik ez da izango, dokumentu automatizatuak modu azkarrean ateratzen dituena, eta datu mordoa ziztu bizian aztertzeko gaitasuna duena. Baina ez du ezer berririk sortuko, dagoeneko badiren datuen konbinazioa egingo du. Artikulu hau, nik neuk sortua ote da edo IA batek sortu ote du?
Ez dut sekula makinarik ezagutu nire amonaren zopa egiteko gai izan denik.