Azken txanpan sartu da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta bihar arratsaldean jokatuko da, Gasteizen, finalerdietako azkenaurreko saioa. Mendizorrotza kiroldegian izango da, 17:00etan hasita.
Bertan ariko da Nerea Ibarzabal markina-xemeindar 'hernaniratua', eta baita Beñat Gaztelumendi ere, Hernaniko Bertso Eskolako semea. Haiekin batera, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina. Lierni Altuna izango dute gai-jartzaile.
Joan den astean hasi zen finalerdietako bigarren itzulia, Donostian; eta biharkoa da bigarrena. Momentuz, Aitor Mendiluze andoaindarrak dauka finalerako txartela esku artean, Maialen Lujanbio txapeldun hernaniarrarekin batera. Gainerakoan, zabal-zabalik daude kontuak, hautagai asko eta plaza gutxirekin.
Abenduaren 5ean izango da azkeneko finalerdia, 17:00etan Bilboko Miribillan, honakoekin: Alaia Martin, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Xabat Illarregi. Orduan bai, erabat argituko da zein izango dira abenduaren 20ko finalistak, Iruñeko Nafarroa Arenan.