Hernani I-II proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio Hernaniko Udalak

Julen Borreguero Fernandorena

Amasa-Villabonako eta Andoaingo udalek ere salatu dute parke eolikoaren egitasmoa.

 

Hernaniko Udalak Hernani I-II parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio, baita Amasa-Villabonako eta Andoaingo udalek ere, «egitasmoak ingurumenaren, lurralde-antolamenduaren, azpiegituren eta ondarearen arloetan dituen eraginak» kontuan hartuta. Udalek adierazi dute argi dutela energia berriztagarriak garatzea «ezinbestekoa» dela «deskarbonizazioari eta trantsizio energetikoari aurre egiteko», baina garapen hori modu «ordenatuan, demokratikoan eta ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta» egin behar dela.

Horregatik, alegazioak aurkeztea beharrezkotzat jo dute hiru udalek, eta honakoak azpimarratu dituzte bertan: «Hegazti eta saguzarrengan izango lukeen gehiegizko eragina; instalatuko den linea elektrikoaren ezaugarriak ez dira justifikatzen; baliabide eolikoaren eta energia-ekoizpenaren azterketak zalantzak sortzen ditu; bideak egokitzeko lanen definizio zehatzagoa behar da; eta Aizmendin gutxienez 25 egitura tumular identifikatu dira. Alegazio epean zehar udal-erregistroan aurkeztutako dokumentazioak eremu horren azterketa arkeologiko espezifikoa egitea eskatzen du, obrek balizko ondare horri kalterik eragin ez diezaioten».

Udalek, halaber, azpimarratu dute proiektuaren tramitazioan tokiko erakundeen eta herritarren «ekarpenak hasieratik kontuan hartzearen garrantzia».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!