Bere azkeneko kontzertua iragarri zuen ostiralean Etzakit taldeak. Urtarrilaren 5ean izango da, Hernaniko Plazan, gaueko 22:30etan. Aurkezpenean izan ziren taldeko lau kideak (Xabi Solano, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta eta Ander Barrenetxea), Aitor Huizi Hernaniko Kultura zinegotziarekin.
Ez da edonolako data aukeratu dutena, azken kontzertu honetarako, urtarrilaren 5a baita Etzakit taldea sortu zen eguna. 1995ean izan zen, orduantxe eman zuen taldeak lehen kontzertua, Oialumen. Zortzi urte beranduago, 2003ko urtarrilaren 4an, eman zuen Etzakitek azken kontzertua. Baina 2026ko urtarrilaren 5ean berriro elkartu ziren, eta berriro ere eman zuten kontzertua Oialumen.
Taldekideek aitortu bezala, «2026a urte berezia izan da. Euskal Herriko hainbat txokotan ibili gara, aspaldiko lagunekin berriz elkartu eta belaunaldi berriak dantzan jarri ditugu. Jaso dugun harrera eta maitasuna ikaragarria izan da». Eta iragarri dutenez, Etzakiten azken kontzertua ez da izango agur triste bat, «urte hau ospatu» nahi dute, «bizitakoa gogoratu eta azken aldiz elkarrekin kantatu zein dantzatu».
Horrela, datorren urtarrilaren 5eko kontzertua «festa haundi bat» izango dela aurreratu dute. Hainbat kolaborazio eta sorpresa egongo direla iragarri dute, Etzakiten ibilbidean bidelagun izandakoak. Eta azken hau etxean izatea nahi zuten Etzakiteko kideek, Hernaniko Plazan, doan: «Kontzertua guztion eskura egotea nahi dugu, herritarrekin eta une hauetan gurekin egon zareten guztiekin azken festa haundi bat ospatzeko».