Hernaniko udal aurrekontua onartuta 2027rako, EH Bilduren botoekin eta PSEren abstentzioarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi

42,2 milioi euroko aurrekontua onartu zuten Plenoan, sozialisten hainbat proposamen gehituta. Kontra azaldu ziren EAJ eta Elkarrekin Podemos.

 

Astearteko Plenoan onartu zuen Hernaniko Udalak 2027rako udal aurrekontua: 42,2 milioi eurokoa izango da, iazkoa baino %5,9 haundiagoa, nagusiki Foru Funtsetik jasotako partidaren igoeragatik (1,8 milioi euro gehiago). EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, eta PSE-EEren abstentzioarekin. 

Izan ere, sozialistek egindako hainbat proposamen txertatu dituzte aurrekontuan, 41.000 euroko zenbatekoarekin: 15.000 euro Sagastialdeko rektako trafikoaren abiadura murrizteko neurriak hartzeko, beste 15.000 euro kaleko pintaden garbiketa puntual bat egiteko, 5.000 euro Chillida pasealekuko bidegorria seinalizatzeko, 3.000 euro auzo elkarteen lokaletan wifia jartzeko, eta beste 3.000 euro industriaguneetan zaborrontziak jartzeko. Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak azaldu zuen kontra bozkatzeko gogoa izan zutela hasieran, «anbiziorik gabeko aurrekontua» delako; baina nahiago izan zutela zuzenketa partzialak proposatu, «nahiz eta ez den guk aurkeztuko genukeen aurrekontua. Hernani Burujaberen inguruan kritiko izan gara beti, iruditzen zaigulako Udalaren erabakigune batzuk kanpora atera direla, eta ari garela diru publikoarekin proiektu pribatu bat finantzatzen».

EAJk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, kontrako botoa eman zuten. Jeltzaleen bozeramaileak, Mikel Gurutzeagak, azaldu zuen EH Bilduk «behin eta berriz» ez dituela bete «hartutako konpromisoak», eta udal gobernuarekiko «konfiantza galdu» dutela. Osoko zuzenketa aurkeztu zuen EAJk, uste duelako aurrekontu proiektuak ez diela erantzuten Hernaniren beharrei; eta «zalantzan» jarri du udal gobernuak hartu dituen konpromisoak «kudeatzeko eta betetzeko duen gaitasuna». Izan ere, nabarmendu du ez direla bete EAJrekin 2025eko aurrekontuan egindako akordioan jasotako hainbat konpromiso: «Goiz Eguzkiko erabilera anitzeko pabiloia, Zinkoenea plazaren oinezkotzea eta Atzietako parke publikoaren proiektua, besteak beste».

Podemoseko Jaione Aristregik, berriz, adierazi zuen ez datozela bat «udal gobernu honen proiektuarekin. Herritar guztiei begira gobernatu behar da, eta ikusten dugu badaudela interes batzuk, soilik herritarren zati bati mesede egiten dietenak». Zuzenketa partzialak proposatu zituzten, eta Hernani Burujaberen partidak txikitzea, «externalizatutako zerbitzu bat» delako, Udalean integratu beharrean. Udal gobernuak etxebizitzaren arloan daukan politikarekin kezka azaldu zuen, eta beste zerbitzu batzuk ere externalizatu izana leporatu zion.

Xabier Lertxundi alkateak adierazi zuen ulertzen duela «alderdi bakoitzak bere posizioa markatu nahi duela», legegintzaldiko azkeneko aurrekontua izanik; baina udal kudeaketak «horren guztiaren gainetik» egon behar duela, eta «herritarren mesederako» proposamenak direla beharrezkoak. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!