'Dendalagun' hitzarmena sinatu berri dute Enherkomek (Hernaniko Energia Komunitateak), eta Rural Kutxak, Hernaniko saltokietan energia aholkularitza espezializatua eskaintzeko. Urtebeteko iraupena dauka itunak.
Energia kontsumoa murriztea Enherkomen helburuen artean dago, eta hori lortzeko egiten du lan, energia eraginkortasuneko neurrien, prestakuntzaren, informazioaren eta aholkularitza zerbitzuen bidez. Bestalde, Rural Kutxak kokatu du hitzarmena bere helburu sozialen artean.
Horrela, Rural Kutxak diruz lagunduko du Enherkom, eta azken honek diru-laguntzaren kopuru osoa proiektu hau gauzatzeko erabiliko duen konpromisoa hartu du. Eta proiektuaren bidez, Enherkomek energia aholkularitza eskainiko die herriko saltokiei, Berriak Elkarteko edota Ekhilur sareko kideak direnei zehazki.
Helburua da «saltoki txikien energia efizientzia hobetzea, energia kostuak murriztea eta herriko merkataritza sarearen bideragarritasun ekonomikoa indartzea». Enherkom arduratuko da behar diren giza baliabide eta baliabide materialak emateaz.